Haize freskoa deabruaren etxean

Athleticek ez zuen gupidarik izan Old Trafforden; ilusioaren, ausardiaren eta lotsagabetasunaren garaipena izan zen

Batez beste 23 urteko hamaikakoarekin, etorkizun bikaina du talde zuri-gorriak

Haritz Gallastegi -

2012ko martxoak 10
Old Trafford. Mundu mailan dagoen gotorleku nagusietako bat. Manchester United eta Athletic aurrez aurre. Azken denboraldiotan Europan egon den talde indartsuenetako baten etxean daude zuri-gorriak. Lehen ordu laurdena bete da. Athletic da baloiaren jabe. Hark du aginte makila zelaian. Erasoan ari da etengabe. Horma bat du aurrean. Zortzi deabru gorrik lauko bi lerrotan banatuta osatzen duten horma da. Autobusa. Deabru gorrien autobusa. Granadak San Mamesen jartzen duen antzekoa. Beste ordu laurden bat pasa da. Ez da ezer aldatu. Atsedenaldi ostean gidoi bera dauka neurketak. Rooney, Young, Chicharito, Giggs eta enparauak baloiaren atzetik ari dira korrika. Kontraeraso azkar bat antolatu guran dabiltza. Ez sinesteko modukoa da. Rolak aldatu dira Ametsen Antzokian. Athletic da barkatzen ari dena, eta Manchester United sufritzen ari dena. Mundu mailako talderik boteretsuenen kontra lehiatu eta askotan irabaztera ohituak dauden jokalari eta jarraitzaileak harrituta daude. Old Traffordeko harmaila bat bete duten 8.000 zale zuri-gorriak, berriz, aho zabalik. Aspaldiko norgehiagoka gogoangarrietako batekin gozatzen ari dira. «Hemen jokatzea ametsa da, baina irabaztea errealitatea izan daiteke». Marcelo Bielsak neurketa aurretik Old Traffordeko aldagela ederrean esandakoa da. Bada, hori: ikaragarria. Amestearekin bakarrik oilo ipurdia jartzeko modukoa den egoera egia bihurtu zen Old Trafforden.

Athleticek erakustaldia eman zuen Manchester Uniteden etxean. Astindua eman zion Alex Fergusonek entrenatutako taldeari. Horretarako, Bielsak taldearen ardura hartu zuenetik erakutsi dituen armak baliatu zituen. Denboraldi luze eta gogor batek eragin ditzakeen nekeak alde batera utzi, eta gazte talentudunek dituzten ahalmenak azaleratu zituen talde zuri-gorriak: freskotasuna, ausardia eta jarrera lotsagabea. 23 urteko batez bestekoa zuen taldea zelairatu baitzuen entrenatzaile argentinarrak. Iraizoz (30 urte), Iraola (29) eta Fernando Llorente (27) alde batean utzita, beste guztiek ez zuten gainditzen 25 urteko muga. Eta ikustekoa izan zen eman zuten maila.

Duela hilabete batzuk Lehen Mailako jokalariak izateko gaitasuna zalantzan jartzen zitzaien futbolarien ekarpena aparta izan zen. Ander Iturraspek partida bikaina jokatu zuen erdiko atzelarien aurretik. Abadiñoarra izan zen zelai erdiko nagusia; Oscar de Marcosek atzetik sartuta aurkariaren arean egin zituen agerraldiak ere indarrez betetakoak izan ziren; eta zer esan Markel Susaetak eskuin hegaletik egin zuen lanaz. Azken denboraldiotako ezker hegaleko onena txiki utzi zuen eibartarrak. Evrak ezin izan zuen Susaeta kate motzean lotu. Bada, hiru jokalari horiek egin zuten lanak erakuts dezake azken hilabeteotan Athleticek izan duen itxuraldaketa. Iturraspe, De Marcos eta Susaeta nortasun gutxiko jokalariak zirela esaten zen. Sekula aurrerapausorik emango ez zuten profesionalak ziruditen. Bielsa magoa agertu zen arte. Entrenatzaileak aldatu baitu jokalari horien mentalitatea. Eurengan konfiantza handia duela jakinarazi zien lehenengo. Horretarako, psikologo lanak egin behar izan zituen denboraldi-aurreko lehen lan entrenamendu saiotik. Ondoren, euren onena atera ahal izateko posturik egokiena aurkitu zien. Iturrasperen aldeko apustua hain izan da argia eta handia, entrenatzaileak beste postu batean jarri behar izan du goi mailako futbolari bat (Javi Martinez) euskarri bizkaitarrak bere onena erakutsi ahal izateko. Eta nork pentsatu De Marcos zelai erdian egiten ari den aizto lana egiteko gai izango zenik? Bielsarena da meritu guztia.

Joko ona eta nortasuna erakutsi zuen Athleticek Old Trafforden. Beraz, ez da harritzekoa Athletic txapeldunak ezagutu ez dituzten zale zuri-gorrientzat ikusi duten neurketarik garrantzitsuena eta zirraragarriena izatea. Ez baita egunero Old Trafforden irabazten. Are eta gutxiago aurkari handi bat txiki lagata. Belaunaldi askorentzat zelai batean bizi izan duten egunik zoriontsuena izan zen. Ahaztezina izan zen esperientzia. Horren ederra izan zen, ezen itzuliko partidan aukeraren bat izateko esperantzarekin abiatu zen espedizioak barkatu egin baitzuen. Athleticek kanporaketa Old Trafforden erabaki izan balu, ez zen inor harrituko. Eraginkortasun handiagoa falta izan zitzaion talde zuri-gorriari egindako lan bikaina biribiltzeko.

Kanporaketa bideratuta dago, baina ez erabakita. Aurrean Manchester United dago. Sekula amore ematen ez duen taldea da. Izaera handiko taldea izatez gain, datorren ostegunean San Mamesen irabazteko nahikoa talentu ere badu. Gainera, etxetik kanpo aritzeko jokamolde egokia du. Egun Fergusonek zuzentzen duen taldea kontraerasoan aritzeko baitago antolatuta. Ez dauka zelai erdian sortzeko ahalmenik. Hegal azkarren jokoan eta gol sen aparta duten aurrelarien gaitasunean oinarritzen da. Erne, beraz, Manchester United ez baitago hilda. Komeni hori gogoan izatea. Athleticeko jarraitzaileek ere jakin badakite, eta, horregatik, lepo beteko dute datorren ostegunean San Mames. Atzo ilara luzeak izan ziren estadioan. Inork ez du galdu nahi Athleticek berriro historia egin dezakeen eguna.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna