Jaioterrian eta munduan

Stratford-upon-Avon herriko bizilagunek desfile batekin ospatu dute Shakespeare han jaio zela duela 450 urte

Globe to Globe Hamlet obraren aurkezpena Londresko The Globe antzokian. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
Agentziak
Stratford-upon-Avon
2014ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Desfile batekin, tarta erraldoi batekin eta musikarekin ospatu zuten atzo Stratford-upon-Avon (Ingalaterra) herriko bizilagunek beren herrian duela 450 urte jaio zela William Shakespeare (1564-1616), literaturaren historiako idazlerik ezagunenetakoa, eta gehien laudatu eta itzulietako bat. Ez dago guztiz argi zein egunetan jaio zen zehazki Shakespeare, baina dokumentatuta dago Stratford-upon-Avonen bataiatu zutela 1564ko apirilaren 26an, Guilielmus Johannes Shakespeare izenarekin. Horrenbestez, ekitaldi asko antolatu dira azken egunotan mundu osoan Shakespeare oroitu eta omentzeko, eta Stratford-upon-Avon ez da atzean geratu.

Desfilea King Edward VI eskolan hasi zen, Shakespeare ikasleen artean izan zuen ikastetxean. 636 ikasle gaztek loreak eta Shakespeareren aurpegiak ageri zituzten kartelak erakutsi zituzten, bidean aurrera egiten zuten bitartean, musika bandak eta soinean XVI. mendeko jantziak zituen jendeak lagunduta. Herritar batek Shakespeareren rola jokatu zuen, eta haren emazteak Anne Shakespearerena egin zuen, eta zalgurdi batek urtebetetze tarta erraldoi bat hurreratu zien biei.

Egilearen inguruko zalantzak

Nahiz eta historia ofizialaren arabera duela 450 urte Stratford-upon-Avonen bataiatutako ume hura izan —urteetan aurrera egindakoan, jakina—, Hamlet, Otelo, Romeo eta Julieta eta abar idatzi zituena, bada hori zalantzan jartzen duenik; batzuen ustez, Edward de Vere, Oxfordeko Kontea (1550-1604) izan zen Shakespearek sortutakotzat jotzen diren obren egilea; Francis Bacon (1561-1626) eta Christopher Marlowe (1564-1593) dituzte beste batzuek benetako egiletzat. Paul Edmondson, Shakespeare Birthplace Trust elkarteko ikerlari eta Shakespeareren lanen editorea, bertsio ofizialaren defenditzaile sutsua da. «Kontrakoa pentsatzen duenak ebidentzia asko gezurtatu beharra dauka», adierazi du Edmondsonek.

Londres, New York, Paris, Varsovia eta mundu osoko hiri eta herri askotan haren obrak taularatuz eta plazaratuz ekarri dute gogora Shakespeareren jaiotzaren 450. urteurrena. Dominic Dromgoole y Bill Buckhurst zuzendutako Hamlet-en bertsioak —Globe to Globe Hamlet— mundu osoa zeharkatuko du bi urtez, oholtzatik oholtzara, Naeem Hayat aktoreak Hamleten rola jokatzen duela, eta Jen Leongek Ofeliarena. Joan den asteazkenean aurkeztu zuten obra Londresko The Globe antzokian. Antzoki horrek Shakespeare bizi zelarik haren obrak ematen ziren antzokia imitatzen du xehetasun guztietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.