Eurobasketeko finala jokatuko dute gaur Frantziak eta Lituaniak

Lituaniak Kroazia kanporatu zuen, eta Frantziak, Espainia; horiek ere gaur ariko dira, brontzea helburu

Donostia
2013ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Frantzia eta Lituania nor baino nor arituko dira gaur Ljublijanan (Eslovenia, 21:00), Eurobasketeko finalean. Txapelketa hasi aurretik, akaso, inor gutxik esperoko zuen final hori, baina bi selekzioek eman duten maila ikusi ondoren ez da guztiz harritzekoa izan. Ez dute lan makala izan finaleraino iristeko. Lituaniak iraganeko izpiritua berreskuratu duela erakutsi zuen Kroaziaren aurkako finalerdian; Frantzia, berriz, Espainia bere etsai handia garaitzeko gai izan zen Tony Parkerren gidaritzapean.

Hamar urte pasatu dira Lituaniak azken finala jokatu zuenetik —2003an, Suedian—, baina Jonas Kazlaukasek talde sendoa osatu du Eslovenian jokatzen ari den txapelketarako. 2007 (Espainiako Eurobasketean) eta 2010ean (Turkiako Munduko Txapelketan) eskuratutako brontzezko dominak izan dira Lituaniaren azken lorpenak, baina gaurko finalak ibilbide hori alda dezake. Aldaketa horren eragile nagusiak Kleiza, Maciulis eta Kalnietis izan dira. Finalerdietan Lituaniak Kroaziaren aurka lortutako 77 puntuetatik 63 hirukote horrek eskuratu zituen. Eskumutur fina dute. Finalerdietako lehen hamabi minutuetan, adibidez, 17 puntu egin zituen Kleizak. Txapelketa osoan erakutsi duen bezala, Kleizak aulkian atseden hartzen duenerako, Kazlaukasek Maciulis eta Kalnietis ditu lekukoa hartzeko prest.

Diot-Parker-Diaw hirukotea

Frantziak orain bi urte Lituaniako Eurobasketeko finala errepikatuko du. Hazita iritsiko dira Vincent Colleten jokalariak, Espainia kaleratuta. Parker motzean lotu beharko dute lituaniarrek, finalerdietan ia berak bakarrik irabazi zuelako lehia. Defentsan gogor, eta erasoan Parker. Horiek dira Frantziaren ezaugarriak. 6,75 metroetatik ez dute Lituaniak izan dezakeen jokalari aditurik, baina Diot-Parker-Diaw motzean lotzeko hirukotea da.

Espainiak eta Kroaziak, bestalde, brontzezko domina izango dute helburu (17:30). Juan Antonio Orengaren jokalariek, beraz, ezingo dute hirugarrenez jarraian lortu urrezko domina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.