Cassinez pastorala, sorterrian

Sohütako herritarrek Baionako Lauga aretoan emango dute gaur Jean-Louis Davantek idatzi 'René Cassin'

René Cassin pastoralaren lehen emanaldia, iragan uztailaren 28an, Sohütan. GAIZKA IROZ.
2013ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Sohüta herriak (Zuberoa) aurten paratutako René Cassin pastorala hirugarren aldiz oholtzaratuko dute gaur, Baionako Lauga gelan. Jean-Louis Davant euskaltzainak idatzi duen obra honek aipatzen ditu Baionan 1887. urtean sortu, Nizan bizi eta Parisen 1976an hil zen giza eskubideen bultzatzaile eta zaintzaile handi baten bizi-urratsak. Hala, pastoraleko 22 jelkaldietan, bertsetetan emanik, antzeztuta, abestuta eta dantzatuta gogoraraziko da Rene Cassin izan zela II. Mundu Gerraren biharamunean Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren moldatzaile nagusia; 1968an Nobel Bake saria eman ziotela eta 1987an Frantziak giza handien goresgune Panteoira eramanarazi zituela haren gorpuzkiak.

Sohütan emandako lehen bi agerraldietan —uztailaren 28an eta abuztuaren 4an— sekulako arrakasta lortu zuen René Cassin pastoralak, bi egunetako jende kopuru batuketa eginda 7.000 ikusle baino gehiago bildu baitziren. Sarrera 14 euroan da, eta pastoralaren agerraldia 15:30ean ttanko hasiko da. Aurretik, eguerdian, omenaldia egingo diote Cassini, haren etxearen aitzinean.

Zuberoatik kanpo

Davant idazleak ez du gustuko izaten pastorala Zuberoatik kanpora ateratzea, baina ontzat eman du kasu honetan René Cassin Baionan eman dadin. «Heroia ez delarik zuberotarra, zor baten gisa ulertu dugu haren sorterrira joatea», adierazi du Davantek Ipar Euskal Herriko Hitza-n

Pastorala kontu betiere, jakitekoa da datorren urtean bi pastoral eskainiko direla Zuberoan: lehena, apiril amaiera inguruan, hots, Jean-Mixel Bedaxagarrek idatzitako Akitaniako Alienor, eta bigarrena udan, Garindaine herriak paratuko duena, Pier-Pol Berzaitzek buhameen (ijitoen) historiaz ondutako idazlanarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.