Gabon kantak baina jazz doinu eta abesbatzen ahotsetara moldatuak

Juantxo Zeberio pianistak 'Eguberri Umama. Basque Christmas songs' lana kaleratu du

Juantxo Zeberio, Sustraien Ahotsa abesbatzako kideak zuzentzen.
Araitz Muguruza.
Donostia
2013ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Haurtzaroari begirada bat bota, eta behin eta berriz abestu diren gabon kantaz osatu du Eguberri Umama. Basque Christmas Songs diskoa Juantxo Zeberio piano jotzaileak. Aurreko diskoetan egin bezala, jazza eta abesbatzak uztartu ditu, askorik moldatu gabe, baina ikutu berria emanez.

Gabonetan kantuan irteteko ohitura handia dute Zeberioren inguru hurbilean, eta horrek bultzatu zuen, nolabait, gabon kantaz osatutako disko bat osatzera. «Gabon kantak eta horiekin zerbait egiteko gogoa jiraka eduki dut beti». Baina, era berean, Euskal Herriko gabon kanten errepertorioa sustatzeko helburuz ere egin du. «Azken urteetan atzerriko kantu gehiago entzun ditut, eta gogoratu nahi izan dut hemen ere badugula gabon kanten zerrenda luze eta zabal bat».

Diskoa osatzen duten hamar abestietatik bat baino ez du konposatu Zeberiok: Izar baten gainean. Abesti horretako hitzak Koldo Linazasoro idazleak egin dizkio. Hasieratik zekien osatu zuen melodia gabon kanta bat izango zela, eta haren gainean hitzak jartzeko eskatu zion Zeberiok Linazasorori.

Gainerako bederatziak herri kantak edo «normalean euskal kantatzat hartzen ditugunak» dira, konpositorearen hitzetan. Izan ere, kanta ezagun horietako batzuk izatez ez dira Euskal Herrikoak. Elurra mara-mara abesti errusiarra eta Noel-Noel XVI. mendeko kantu frantsesa aipatu ditu, esate baterako. «Eliz koloreko» bat ere bada tartean, Ignacio Mokoroak konposatutako Sanctus, hain zuzen. Kontrasterako, berriz, Orbelak airez aire abestia erabili du; diskoari dagokionez, Jon Oñatibia konpositorearen Eguberri abestiak bildumatik jasotakoa da.

Hautaketa «oso intuitiboa» izan dela azaldu du. «Nire gogoak aukeratu dituen abestiak hartu ditut». Esperimentazioari ez dio tarterik utzi, ordea, Gabonen garaian entzuteko diskoa egin nahi izan duelako. «Tximiniaren ondoan, eta gaztainak jaten entzuteko modukoa», alegia; baina lehenagotik egin diren bildumak errepikatu gabe. Horretarako aukera eman dio jazzak daukan inprobisazio puntuak. «Ahalegindu gara abestiei kolorea ematen, betiere girotik atera gabe, baina antzeman eta entzun dezatela ekarpen bat».

Erronka handia

Zeberiok adierazi du egindako lanak «konplexutasun handia» eduki duela, baina, era berean, erronka izan dela. «Horrenbeste entzundako abestiei ikutu berria ematea izan da buruhaustea, bai; emaitzarekin, ordea, gustura gaude».

Urtebeteren buruan osatu eta grabatu dute diskoa. Helduen abesbatza batek —Sustraien Ahotsa— eta haurren bi abesbatzek—LASK eta Orkatz Txiki— hartu dute parte. El Incarnatus orkestra aritu da, Xabier Zeberio biolinista eta Iraide Ansorena perkusio jotzailearekin batera. Abeslari bakarlariak eta Zeberioren ohiko jazz taldea ere aritu dira diskoaren grabaketan.

Jada eman dituzte bi kontzertu, Tolosan eta Hondarribian, eta datorren urtarrilaren 2an Donostiako Antzoki Zaharrean arituko dira, 20:00etan hasita. Diskoaren ibilbidea ere iazko Gabonetan hasi zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.