Venezuela. Presidentetzarako hauteskundeak

Bi mundu hogei metroan

Kanpaina egin dute herritarrek ere: hamabost egunez, hamaika karpa gorritan jarri dira chavistak eta urdin gutxi batzuetan Caprilesen jarraitzaileak, hautagaien alde botoa eskatzen. Kalea gorriena da.

Kaleko postu bat, Chavezen irudia daramaten elastikoak eta eranskailuak saltzen. GOIZEDER ODRIOZOLA.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Caracas
2013ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Caracasko parte historikoan eskuinak irabazten du, hain justu, gobernuaren eraikin gehienak dauden lekuan; Simon Bolivar museoa dago han, eta Chavezek eraikitako etxebizitza batzuk ere bai. Kontraste hori, ordea, ez da nabari egunotan, dena da-eta komandantearen aldekoena. Puntu gorriz beterik dago, herritarrek politika egiteko erabiltzen dituzten karpaz josia. Erdialde osoan, oposizioaren puntu urdinbat besterik ez, egun osoan zabalik, txanda bidez eurena dela dioten espazioa aldarrikatzen. Han, telebista pantaila erraldoi bat jarria dute, eta herrialde osoko jende ezaguna ageri da Henrique Caprilesen aldeko botoa eskatzen. Hamabost bat lagun eserita, begira.

«Hori da hauek egiten dutena. Jazarri egiten digute. Dena eurena da. Ez dago errespeturik». Elvira Leonek hogei bat metrora dagoen karpa gorria seinalatzen du. Iritzi hori oso zabaldua dago oposizioko jarraitzaileen artean. «Hamalau urte daramatzagu infernuan. Boterea hartu zuenetik, ez gara bizi». Chavez «deabruak» bizitza apurtu ziola sentitzen du. Leonen bizitza «goitik behera» aldatu da. Senarra ingeniaritzako aholkularitza enpresa batean ari da aspalditik, eta haren enpresan gutxi gorabehera berdintsu jarraitzen dute; denak dira alde batekoak. Bere egunerokoa, berriz, asko aldatu da. Etxekoandrea da, eta kexu da Chavez gobernuan dagoenetik ez dagoelako botikak lortzerik,erosketak egiteko ilada luzeak jasan behar izaten dituztela, eta gobernuaren armada behar ez duten leku guztietan dagoela. «Postu honetan ikusten al duzu inor? Ez gaituzte babesten, eta indarkeria askotan jasan behar izaten dugu horiengandik».

Ondoan du Franklin Morales 15 urteko gaztea. Ikaslea da bera, eta eskola «mistoetan» indarkeria izugarria dela esaten du. Mistoa bi aldeetakoak nahasten direnei deitzen die; publikoei, alegia. Berak ez du Chavezena ez beste gobernurik ezagutu, baina beste zerbaitekin amesten du. «Ez da zaila izango hobea lortzea. Lehen txarra zen Chavezekin, eta orain okerragoa izango da. Ezjakin bat da Maduro». Moralesek, gainera, beste argudio harrigarri bat eman du Maduroren presidentetza gaitzesteko: «Behin haren amari elkarrizketa bat egin zioten, eta esan zuen Nicolas ez zela venezuelarra, kolonbiarra baizik». Aste honetan bertan jipoitu egin dutela esan du. «Hona etorri ziren, iraindu ninduten, eta ni joka hasi nintzaion bati. Denak gainera etorri zitzaizkidan. Basati hutsak dira. Begira», ukondoan egin zioten zauriaren arrastoa erakutsi du.

Puntu gorriak

Puntu gorriak nahi adina, eta barietate askotakoak daude. Elvira Leonek seinalatu duena San Agustin komunitatekoa da, 23 de Enero auzo mitikokoa. Han dago Julio Moreno. Erretiratua da, eta pentsioa kobratzen du. «Lehen, ez nuen horretarako aukerarik izango». Komunitate horretako zaharrak auzoko etxean elkartzen dira iraultzaz hitz egiteraeta komunitateko gauzetan parte hartzera. «Auzoan lehen ez zegoen zereginik, eta orain komunitatean erabakitzen ditugu bertakoak». Gerturatzen diren herritarrei informatzeko dago han, eta Chavezen bideari jarraitzeko beharraz konbentzitzeko. «Berak hori eskatu zigun, eta jarraitu behar dugu horretan. Escualido-ak itzultzen badira, jai daukagu», dio Leon degoen karpari begira. Handik metro eskasera dago beste postu bat, gazteena da hori.

Carlos Javier Acero artista da, muralak egiten dituen talde bateko kidea. Hiriko leku askotan egin dituzte grafitiak: Chavez, te lo juro: votamos por Maduro dioena erakusten ari da. Irudi koloretsuak dira, sinbologiaz beteak: «Kutsu artistiko bat badute, ezta?». Simon Bolivarren itzala du,koloreen kontrastean, horma zuriaren gainean.

«Botoa nola eman behar duen galdetzera etortzen da hona jendea. Eta honetaz eta hartaz hitz egitera, herriko egoeraz, prozesuaz». Postu hori oso animatua dago, gazte asko daude, nork bere lana du, eta jende multzo bat dago Chavezen aurpegia elastikoetan inprimatzen ari diren bi gazteren aurrean.

Hiri osoan daude horrelako geldilekuak. Agertokiak ere badaude, salsa musika batean, jazza bestean, denak kanpaina egiten Maduroren alde. Gobernutiketa arlo bakoitzetako instituzioetatik antolatzen da dena, talde komunitarioekin, sozialekin eta artistikoekin harremanean,eta hamabost egun egin dituzte kalean, giroa berotzen, garrantzitsuena presentzia delako, kalea norena den erakustea, zer pentsatzen duten eta nola antolatzen diren.

«Guri ez zaigu indarkeria gustatzen. Bizitza maite dugu, dantza eta kantua, maitasuna, eta hori jakin behar du jendeak», azaldudu Julio Morenok. Oposizioa kanpaina handia egiten ari da militante chavisten kontra, indarrez jokatu besterik ez dakitela egiten dioten mezuak zabaltzen. «Baina itsu ez dagoenak ikusten du hori. Ikusi nahi ez gaituenak pentsatzen du hori», dio gogoetatsu, esango duena pentsatzen ari den plantan. «Beltzak gara haientzat, zikinak. Pobreak edo azalez ilunagoak garelako mespretxatzen gaituzte. Miserian jarraitzea nahi dute, baina ez dira itzuliko, ezin dira itzuli».

Chavezekin herritar xumeek asko ikasi dutela esan nahi dio BERRIAri, solasaldia utzi aurretik: «Pentsatzen erakutsi zigun, eta hori ja ez da aldatuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.