Kritika. Opera

Indar gutxiko Wagner bat

2011ko urriaren 25a
00:00
Entzun
'Tristan und Isolde'

Abeslariak: Torsten Kerl (tenorra), Jennifer Wilson (sopranoa), Elena Zhidkova (mezzo), Matthew Best (baxua); Alan Held (baritonoa). Orkestra: Bilboko Orkestra Sinfonikoa. Abesbatza: Bilboko Opera Abesbatza.

Lekua: Bilboko Euskaldunajauregian. Eguna: urriak 22.

Beharbada OLBEk oraingoan ez du bete-betean jo Tristan eta Isolda-rako aukeratu dituen protagonistekin, eta horrek indargabetu egin zuen beste esparruetan suertatu den ekitaldi ona. Beraz, Torsten Kerl ez da helder-tenor-tenorra, lirikoa baino, eta gehienetan orkestrak estali egiten zituen haren adierazkortasuna eta lau ordukoari erresistentzia. Horregatik, hobeto ibili zen pasarte lirikoenetan, orkestrak leun-leun jotzen zuenean, hain justu. Antzeko zerbait gertatu zaio Wilson sopranoari. Isoldaren rolak soprano dramatikoa eskatzen du, eta ez lirikoa; kasu honetan, gainera, ahotsaren luzapen handia eta, noski, potentzia. Nahiz eta ondo ibili goi tesituran eta txukun afinazioan, arnasketaren gorabeherek markatu dute bere kantaldi indargabetua. Biek ala biek salbatu zuten bigarren ekitaldiko amodiozko duoa. Alderantziz, bigarren mailan dauden kantariek ahots bolumen egokiak haizeratu zituzten. Esaterako, asko gustatu zitzaigun Zhidkova mezzoaren ahots indartsua, fraseoa eta gustua. Hori berori ikusi dugu Alan Held baritonoaren abestaldi sendoan. Beste aldetik, Matthew Best baxua ondo ibili da batez ere behe eta erdiko erregistroetan. Gainontzeko partikinoek ondo bete zituzten haien rol txikiak.

Onaren bidetik jarraituz. Gomez Martinez maisuak oso ondo kontzertatu zituen abeslariak eta orkestra, konplexua den partituran zehar. Haren aginduetara Bilboko musikariek ederki ehundu zuten amaigabeko melodia eta leit-motiv-en metamorfosiak sortzen dituen hamaika tinbre, korno ingelesaren bakarlaritza barne. Bilboko Opera Abesbatzako gizonezkoek behar den sendotasunez abestu zuten.

Dotorea eta aproposa iritzi diogu Pier'Alli eszena zuzendariak asmatu duen eszena oniriko eta estatikoari, guztiz idealista eta irreala den maitasun istorioari eta Wagnerren musika zoragarriari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.