EH Bildu: «Gobernuan ez bagaude, oposizioko liderrak izan beharko dugu»

EAJren benetako asmoak ezagutu nahi ditu PSE-EEk; oposizio «serio eta arduratsua» egiteko asmoa du

2012ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza lortu duten alderdi guztiekin bilduko da gaur eta bihar EAJ; eserleku gehien lortu duen alderditik gutxien lortu duenera. Gaur, EH Bildu eta PSE-EEren txanda izango da. Jeltzaleen asmoa bilerak amaituta, bihar bertan, «prozesuaren hastapenak» lotuta uztea da.

Bileraren harira, Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaiak azaldu du helburua independentzia lortzea bada, eta ez «status politiko berria», ez zaiola «gehiegizkoa» iruditzen hori eskuratzeko 2015. urtea izatea EAJk jarritako epe muga. Horrez gain, Mintegiri «lausoegia» iruditzen zaio jeltzaleek izan duten jarrera, eta gogoratu nahi izan du Sabin Etxean urriaren 21ean independentzia oihuak izan zirela nagusi, baina hori ez dela alderdiaren buruzagiek zabaldu duten mezua. «Ez dut oso argi 2015erako zein politika duten zehaztua».

«Iñigo Urkullu lehendakaria izatea ez galarazteak ez du esan nahi nire hautagaitza aurkeztuko ez dudanik», adierazi du EH Bilduko lehendakarigaiak. Hauteskundeen emaitzen inguruan azaldu du inkestek emaitza hobeak iragartzen zituztela, baina «oso emaitza onak» direla lortutakoak. 21 parlamentari izateak «politika egiteko aukera paregabea» eskaintzen duela pentsatzen du. Gaineratu du EH Bildu ez dela oraindik bere muga altuenera heldu, hau da, emaitza hobeak espero dituela etorkizunean. Espainiako ezkertiarrei azaldu nahi izan die subiranotasuna ez dela txarra eta ez diela kalterik egiten.

Mintegik uste du EAJk bakarrik gobernatu nahiko duela eta babes egonkorra nahiko duela, baina agian ez duela lortuko; beraz, «akordio puntualak» egin beharko dituela. «Hauteskundeetan bigarren indarra izan garenez, eta gobernuan ez bagaude, oposizioko liderra izan beharko du koalizioak». Horrez gain, nabarmendu du EAJk proposatzen dituen akordioak «gobernuko akordioak, legealdikoak eta gaiaren araberakoak» izango direla. Era berean, Mintegik dioenez,EH Bilduk akordioak egin behar dituela pentsatzen du.

Gaur hasiko diren bileren harira, PSE-EEko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek jakinarazi du bilerara EAJ «entzutera soilik» joango dela eta oraingoz ez duela akordiorik egiteko asmorik.

Oposizio «serio eta arduratsua» egingo duela jakinarazi du PSE-EEk. Alderdiko bozeramaileak azaldu du haiek «EAJren benetako asmoak» ezagutu nahi dituztela. «Ez dakigu zehazki zertan datzan eta zein diren alderdiak azaltzen dituen gobernatzeko formulak, baten bat planteatzen badu behintzat», nabarmendu du Pastorrek.

Ramon Jauregi PSE-EEko diputatuak EAJk eta PSE-EEk aurreko urteetan egindako bideari begiratzeko aholkua eman die. «Batera, inork baino hobeto eta inoiz baino hobeto egindako bideari erreparatu». Gainera, joan den legealditik «irekita dauden zauriek» etorkizunera begira traba ez izateko eskatu die.

Jauregiren ustetan, EAJk bakarrik gobernatzen badu, gobernu «ahula» izango da, eta «ezegonkortasun politikoak momentuko desafio handiei aurre egitea galaraziko du».

EH Bildurekin akordioak eginda «helburuetan nahastuko» liratekeela adierazi du, baita «Euskadi ezerezerako bidean» murgilduko duela ere. «Euskadiren espazioa Espainia eta Europa dira», nabarmendu du.

Emaitzak aztergai

PSE-EEko nazio batzordeak gaur aztertuko ditu hauteskundeetan eskuratutako emaitzak; PSE-EEk 25 eserleku zituen, eta hamasei lortu ditu orain. Gainera, Patxi Lopezek jakinarazi du berriro hautatzeko aurkeztuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.