«Mendeku» baten gosea

Epi Marin Olatzagutiko Cementos Portlandeko langile ohia gose greban dago abenduaren 17tik, eta kaleratzea saihestezina bada, baldintza hobeak nahi ditu.

Portlandeko langile ohi Epi Marin, atzo, duela ia hilabetetik bizi den karabanaren kanpoan. LANDER FDEZ ARROIABE / ARP.
Maite Alustiza.
Olatzagutia
2013ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Hiltzeko arriskuaz ohartarazten du Epi Marinek duela ia hilabetetik lagun duen karabanak. Olatzagutiko (Nafarroa) Cementos Portland Valderribaseko langile ohiak gose greban darama abenduaren 17tik, eta osasunak uzten dion bitartean, argi du baraualdian jarraituko duela. «Bizarra da egun hauen guztien joanaren ikurrik adierazgarriena», zioen atzo, irribarrea galdu gabe.

Irtenbide «duin» bat. Horixe da Marinek eskatzen duena. Portlandek urrian iragarritako erregulazioaren bidez, palari gisa lan egitetik garbiketa zerbitzura lekualdatu nahi zuten; hark, ordea, horri uko egin eta kaleratzea sinatu zuen. «Mendeku» itxura hartzen dio zuzendaritzak berarekiko izandako jarrerari. Enpresa batzordean bi hamarkada baino gehiago egin ditu ELAko ordezkari gisa, eta langileek, behinik behin, aitortzen diote euren eskubideen eta baldintzen alde urteetan egindako lana. Sindikatu bereko hiru lagun, hain zuzen, grebara batu ziren urte hasieran lau egunez, Marini elkartasuna adierazteko. «Gogorra da benetan. Nik bigarren egunean jada zorabioak izan nituen, buruko mina... Hirurok bertan behera utzi behar izan genuen lanera itzultzeko», dio Ruben Garciak karabanaren kanpoaldetik. Barruan, sakelako telefonoa eskuan duela eserita dago Marin mahaiaren alboan. Kontrakoa pentsa badaiteke ere, eguna «ziztu bizian» pasatzen zaio. Liburuek, ordenagailuak eta idazteak atseginagoa egiten diote egonaldia.

Jan-edanak baino indar handiagoa ematen dio lagunen eta familiaren babesak. Ura, seruma eta infusioak besterik ez du hartzen, eta animoak sobera baditu ere, gorputza hasi da elikadura falta sumatzen. Botikak hartzen hasi da, eta tentsioa behera doa. «Azken egunetan egunero saiatzen da medikua greba utz dezadan». Hilaren 17ra arte, gutxienez, itxaronarazi egin nahi dio, orduan izango baita Iruñean adiskidetzeko ekitaldia. Marinen eta zuzendaritzaren arteko bilera izango da hori, bitartekari batekin. Akordiorik ezean, prozesua auzitegira helduko da. «Jazarpen sindikala» leporatzen dio Marinek Portlandi.

Orain langabezian dago, lan erreformak zehaztutakoaren araberako kalte-ordaina jasotzen ari da, baina 43 urtez enpresan behar egin ondoren, ez dago halakorik onartzeko prest. Erregulazioaren aurretik zuen lanpostura bueltatzea ezinezkoa bada, gutxienez kaleratzerako baldintzak hobetzeko eskatzen dio zuzendaritzari.

Garbiketa zerbitzuan lan egitea beste edozein zereginetan aritzea bezain duina dela uste du. Lan horretan, ordea, dagoeneko beste bi lagun bazeudela dio. Kategoria beheitituta, gainera, soldata %40 inguru gutxituko litzaioke.

Kaleratzeak eta erretiroak

Erregulazio dosierrak 28 langileren kaleratzeak eta lanpostuen arteko hainbat lekualdatze biltzen ditu Olatzagutiko plantarako. Marinekin batera, komunak garbitzera bideratutako beste hiru langileak ELA eta LABeko kideak dira. «Ez da kasualitatea», diote ELAtik. Erregulazio dosierra bi sindikatu horien oniritzirik gabe onartu zen —CCOO, UGT eta USOk adostu zuten Madrilen—. Beste behargin batzuek erretiro aurreratua hartu dute, 58 urtetik gora dituztenek, hain justu. Marinek 57 ditu. Portlandek, baina, «mendeku» nahia ukatu du, eta argi du hilabeteetan sindikatuekin negoziatzen aritu ondoren ezin duela akordioaren barruan «salbuespenik» egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.