Samara Velte.

Merkelekin Koalizio Handia osatzea onartu dute SPDko militanteek Alemanian

2013ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Alemaniako bi indar politiko nagusiek osatuko dute datozen lau urteotako gobernua: CDU-CSU bloke kristaudemokratak eta SPD alderdi sozialdemokratak. Hiru alderdietako zuzendaritzek adostutako koalizio akordioa onartu dute SPDko militanteek alderdiko barne erreferendum baten bidez: 475.000 afiliatuetatik %80 inguruk eman dute botoa, eta Koalizio Handiaren aldekoek aise gainditu dituzte aurkakoak. %75,96k bozkatu dute Angela Merkelen hirugarren kabinetean sartzearen alde.

Hauteskundeak igaro eta ia hiru hilabetera osatuko dute, beraz, Alemaniako Gobernu berria. Merkelen alderdiak ez zuen gehiengo osorik lortu irailaren 22ko bozetan, eta ordura arte gobernukide izandako FDP alderdi neoliberala parlamentutik kanpo gelditu zen. Horregatik, kristaudemokratek zentroko alderdietara jo behar izan dute gobernua osatzeko. Alemaniako bigarren indar nagusia da SPD, eta CDUrengandik gertuen dagoena: azken aurreko legegintzaldian ere elkarrekin gobernatu zuten. Sozialdemokratei, baina, trakets irten zitzaien jokaldia: agintaldia amaitutakoan, inoizko emaitza txarrena jaso zuen SPDk. Hori dela eta, alderdiko sektore ezkertiarrenak errezelo handiz ikusi ditu buruzagien arteko negoziazioak. Dozenaka bileraren ondoren, duela bi aste aurkeztu zuten koalizio akordioa. CDUk eta CSUk berehala onartu zuten, baina SPDk afiliatuen esku utzi zuen erabakia. Azkenean, babestu egin dute zuzendaritzak negoziatutakoa.

Pozik agertu da Sigmar Gabriel sozialdemokraten burua: «Alderdiko kide izaten daramatzadan 36 urteotan ez dut sekula halako konpromisorik ikusi. Parte hartzearen alderdia gara». Kritikoek nabarmendu dute ihesbide handirik ez diela utzi Koalizio Handiarekin konforme ez zeuden afiliatuei. Matematikoki posible zatekeen zentro-ezkerreko koalizio bat osatzea Berdeekin eta Die Linkerekin, eta Merkel gobernutik kanpo uztea; SPDren buruzagitzak, ordea, hasieratik baztertu du Die Linkerekin elkartzea. Koalizio Handia besterik gabe ukatuta, berriz, oposiziora kondenatuko luke bere burua SPDk; eta hori ere ez dute nahi zuzendaritzakoek, hasiak baitira gobernuko bulegoetan euren izenak ipintzen.

Ostiral iluntzean, barne erreferendumaren botoak oraindik zenbatu gabe zeudela, gobernuko ministro izango direnen zerrenda jakinarazizuten. Adostutakoaren arabera, SPDri sei sail dagozkio. Gabriel bera Ekonomia eta Energia ministro izango da, eta Frank Walter-Steinmeier, Atzerri ministro. Ingurumena, Lana eta Gizartea, Familia eta Justizia ere sozialdemokraten esku geratuko dira.

Merkelen hirugarrena

Bloke kristaudemokratari, berriz, zortzi sail dagozkio; CDUkbost izango ditu, kantzilerraren postua kontuan izan gabe. Oraindik ez dute erabat argitu nork zuzenduko dituen sailok. Zalantza handiena Defentsa eta Barne ministerioen inguruan dago. Alemaniako zenbait hedabideren arabera, baliteke Ursula von der Leyen orain arteko Lan ministroak hartzea kargu horietako bat; presentzia publiko handiko postuak dira biak, eta 2017an Merkelen ordez lehiatu nahi duenarentzako gozoki erakargarria.

Gaur alderdi bakoitzeko zuzendaritza bilduko da nor bere aldetik, eta koalizio akordioa bihar sinatuko dute ofizialki. Negoziatutako agendaren arabera, asteartean izendatuko dute Merkel kantziler, eta asteazkenean hasiko da legegintzaldi berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.