Udaletxe bat Aieten

Bakearen Aldeko Alkateen Nazioarteko Konferentzia egingo dute gaur eta bihar Donostiako Kursaal jauregianMunduan gatazkak izan dituzten hirietako esperientziak azalduko dituzte

jokin sagarzazu
Donostia
2013ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Aieteko Bakearen Etxeak berriz irekiko ditu ateak, gaur eta bihar Bakea tokian-tokian eraikitzen lelopean Donostian egingo den nazioarteko alkateen konferentzian parte hartuko duten hainbat herrialdetako udal hautetsiak eta adituak biltzeko. Hogeita hamar alkate eta instituzioetako ordezkari izango dira Donostian; horien artean, Ipar Irlandako Belfasteko eta Amerikako Estatu Batuetako Boyseko alkateak. Haiekin batera, konferentzian izango dira Kurdistan, Palestina, Siria, Irlanda, Eskozia, Katalunia, Bretainia, Flandria, Italia, Kolonbia, Nikaragua eta Txileko ordezkariak. Munduan izan diren eta diren gatazka politiko eta armatuei emandako irtenbideak eta bizikidetzarako esperientziak aztertuko dituzte, tokian tokiko eragileen ikuspegitik.

Gaur hasiko da konferentzia, Aieteko Bakearen Etxean. Juan Karlos Izagirre alkateak harrera instituzionala egin ostean, Hiroshimako alkate eta Mayors for Peace erakundearen lehendakari Matsu Kazumik ere agurtuko ditu bideoz hizlariak eta gonbidatuak. Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen Zuzendari Monica Hernandok, Mayors for Peace erakundeko Michel Cibotek eta konferentziako ohorezko kide Vicente Zaraguetak ere hartuko dute hitza. Mairtin O Muilleoir Belfasteko alkateak eta Carlos Villan Duran AEDID Giza Eskubideetarako Nazioarteko Zuzenbideko Espainiako Elkarteko presidentearen hitzaldiek itxiko dute Aieteko ekitaldia, eta Kursaalean izango dira ondorengo mintegiak, arratsaldean. Lehenengoan, konponbide prozesuetan arituak diren erakundeetako lau kidek parte hartuko dute, eta jarraian, Elgoibar (EAJ), Errenteria (Bildu) eta Irungo (PSE-EE) alkateek euren esperientziak azalduko dituzte. Ondoren Palestina, Sahara, Kurdistan, Korsika eta Bretainiatik etorritako ordezkariek eta Kolonbiako Bogotako alkateak hitz egingo dute. Saioa itxiko du Salvador Allende presidentearekin Txileko Gobernuko Justizia ministro izandako Jorge Tapiak. Biharko saioan ere nazioarteko aditu eta hautetsiekin hiru mahai inguru egingo dira, 09:00etatik aurrera Kursaalean. Lourdes Perez El Diario Vasco egunkariko erredakzioburuak, Arantzazu Zugasti Noticias de Gipuzkoa-ko zuzendariak, Iñaki Soto Gara-koak eta Martxelo Otamendi BERRIAkoak gidatuko dituzte mahai inguruak.

Donostiako Alkatetzak antolatutako konferentziak kritikak jaso ditu alderdi guztietako ordezkariak ez direlako egongo eta «biktima guztien ahotsa» ez delako entzungo. EAJko ordezkariek parte hartuko dute, baina PPkoak ez dira bertan egongo, eta PSE-EEtik Jose Antonio Santano Irungo alkatea baino ez da izango, alkate gisa eta ez alderdiko sozialistako kide moduan.

ETAren indarkeriaren biktimen elkarte batzuk ere agertu duten euren desadostasuna, eta jakinarazi dute elkarretaratze eta lore eskaintza bat egingo dutela gaur Donostiako Alderdi Eder parkean biktima horien «ahotsa» entzun dadin.

Horrekin batera, Covite elkarteak konferentzian izango diren 80 partaide baino gehiagori eskutitzak bidali dizkie elkarteko kideek ekinaldi horren inguruan duten «ikuspuntua» jakinarazteko. Consuelo Ordoñez Coviteko presidenteak sinatutako gutunak dio ezker abertzaleak konferentzia erabili nahi duela ETAren jarduna «zuritzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.