Joseba Ezkurdia. Aspeko pilotaria

«Eskuin bolearekin soilik ez noa inora; ezker gantxoa hobetzea da lehen zeregina»

Afizionatu mailan jokatutako ia guztia irabazi ondoren, merezitako debuta egingo du gaur Arbizukoak, Tolosan. Hiru urterako kontratua sinatu du; halere, ez ditu baztertuko lanbide heziketako ikasketak.
LANDER FERNANDEZ DE ARROIABE / ARGAZKI PRESS

Jon Eskudero -

2011ko abenduak 28
Sarritan esan izan da gaur egun errazegi egiten dela profesional mailako debuta. Pilotari gazte asko igaro dira azken urteotan onenen artera, afizionatuetan aparteko garaipenik lortu gabe. Joseba Ezkurdiarengatik (Arbizu, 1991), baina, ezin daiteke halakorik esan. Aurrelari nafarrak jokatutako ia guztia irabazi du, eta «asko kosta» bazaio ere, azkenean gaur beteko du aspaldiko ametsa, Tolosako Beotibar frontoian. Pascual izango du atzelari, eta Idoate eta Merino aurkari. Nabarmentzekoa da metro eta 90 zentimetro dela luze Ezkurdia.

Iritsi da eguna. Urduri al zaude?

Ez, batere ez. Oso lasai nago, eta hobe horrela. Takoak jartzeko garaian iritsiko da urduritasuna. Oraingoz, kazetarien galderei erantzuten urduriago nago debutagatik baino. Partidako komentario guztiak saihesten ahalegintzen naiz.

Etxetik ateratzean, ordea, ez da erraza izango ihes egitea.

Ezinezkoa. Atzo goizean taberna batera joan nintzen, eta bi pauso ematerako gelditzen ninduten. Jendeak denetik esaten dit, kantxa barruan zer egin behar dudan... Halere, eskertzen da herritarren beroa.

Sasoiko zaudela gauza jakina da. Igandean neurketa bikaina egin zenuen DVko finalean.

Aspaldi honetan joko ona egiten ari naiz. Profesionalekin entrenatzeak asko laguntzen du norberaren jokoa hobetzen, eta hori gero antzeman egiten da. Azken urte honetan garaipen asko lortu ditut, eta ia denak garrantzitsuak. Baina, egia esanda, zortea ere izan dut enpresak nigan konfiantza jarri duelako. Hiru urterako sinatzeak lasaitasuna ematen du, lesio bat izan arren denbora baitago zerbait ona egiteko.

Gaurtik hasita baduzu denbora horretarako. Debut polita ipini dizute.

Hasieran Zabaleta zen jokatzekoa, baina min hartu zuen, eta pena pixka bat ematen dit. Hala ere, partida oso gogorra daukagu nik eta Pascualek. Lehen Mailatik gertu dabiltzan bi pilotari izango ditugu aurrean. Bigarren Mailako binakako txapelketa jokatuko dudala irakurri dut prentsan, baina niri oraindik inork ez dit ezer esan. Auskalo. Badaezpada, hobe ilusiorik ez egitea.

Profesionalik txarrena ere ona dela esaten da. Deskubrituko zenuen entrenamenduetan.

Dudarik gabe. Afizionatuetan errebote ingurura pilota bakarra astinduz gero tantoa ia eginda dago. Profesionaletan, ordea, ez. Dena aldatzen da. Beste mundu bati aurre egingo diot hemendik aurrera. Gehien aldatzen dena erritmoa dela uste dut, eta niri defentsan aritzea kostatzen zait gehien. Kanpotik begiratuta pentsatu izan dut onenekin aritzeko gai naizela, baina barruan gauzak oso ezberdinak dira.

Dohain apartak dituzu, ordea. Bolea da horien artean aipagarriena.

Bai, konfiantza handia daukat postura horretan, baina soilik horrekin ez noa inora. Zaila da tantoa boleaz amaitzea, eta, horregatik, ezker airea hobetzen ahalegin berezia egiten dut.

Hori guztia hobetzeko, Arbizuko pilota eskolatik Oberenara joatea erabaki zenuen iaz, eta ongi irten zaizu.

Arbizun beti entrenatzeko komerietan ibiltzen ginen. Anaia, ni eta beste bat soilik elkartuta, ezinezkoa da ezer fundamentuzkorik egitea. Hala, Julio Soto lehengusu bertsolariak eurengana joateko esan zidan, Iruñera. Kasu egin nion, eta bai, asmatu nuela ikusten da. Oso gustura ibili naiz bertan, eta asko ikasi dut.

Amaitzeko, zer egingo duzu lehen soldatarekin?

Familia afari eder batera gonbidatzeko asmoa daukat, eta gerora kotxe bat ekartzea ere ez dut baztertzen. Ikasketei garrantzia emango diet, eta lan heziketako goi mailakoa amaituko dut.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna