Komunikazioa

Ezer baino lehen, krisia birpentsatu

Egun nagusi den kazetaritza eredua birpentsatzeko eta gainbeherari aurre egiteko, 'Kalitatezko kazetaritzaren etorkizuna' jardunaldiak antolatu ditu EHUk.

Mariano Ferrer,. BERRIA.
Adrian Garcia.
2013ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoak gogor jo ditu gizarteko alor asko, baina, bereziki, kazetaritza estutu du. Publizitatearen galerak, salmenten jaitsierak eta teknologia berrien agerpenak sortutako kontsumo ohitura berriek negozio eredua ezbaian jarri ditu. Baina, horiek al dira krisiaren arrazoi bakarrak? EHUko Hedabideak, Gizartea eta Hezkuntza (HGH) ikerketa taldeak Kalitatezko kazetaritzaren etorkizuna nazioarteko jardunaldiak antolatu dituzte, gai horren inguruan hausnartzeko. Azaroaren 4an eta 5ean etxeko eta nazioarteko hainbat adituk gaiaren inguruan eztabaidatuko dute EHUko Leioako campusean, Bizkaian. Jardunaldiei buruzko informazioa jaso,eta hitzaldiak streaming bidez jarraitu ahalko dira kalitatezkokazetaritza.wordpress.com blogean

«Krisia birpentsatu nahi dugu», azaldu du Txema Ramirez de la Piscina HGH ikerketa taldeko batzordeburuak eta jardunaldien antolatzaileak. HGH ikerketa taldearen ustetan, prentsa «modu okerrean» tematu da Interneti lehia egiten. «Testuak gero eta laburragoak, ikusgarriagoak, sentsazionalistagoak dira. Testuingurua ematen duten albisteak gero eta bakanagoak dira, eta ikerkuntza kazetaritza desagertzen ari da». Eredu horrek krisiaren konponbidera eraman baino, «amildegian gero eta gehiago sakontzera» darama kazetaritza.

Hedabideek azken urteetan galdutako sinesgarritasuna da, Ramirez de la Piscinaren ustetan, krisiaren arrazoi nagusietako bat. «Egoera iraultzeko benetako arrazoiak ez baditugu kontuan hartzen, zaila izango da konponbide horretan asmatzea».

Internetek bultzatutako joerak ere izango dituzte hizpide, harpidetza digitala, kasu. Halere, konponbideak bilatzekotan, «gertuko errealitatea» behatu behar delakoan dago EHUko irakasle eta ikertzailea. «Konponbide unibertsalik ez da egongo».

Hedabide guztiak krisia jasaten ari badira ere, komunikabide mota batzuk «betidanik» egon dira ataka horretan. «Hizkuntza gutxituetan egiten den kazetaritza, eta eredu nagusi horietatik at bestelako eredu informatiboa defendatzen duten hedabideak». Hizkuntza gutxitutan jarduten duten kazetariek parte hartuko dute hitzaldi eta eztabaida askotan. «Gure sistema informatiboa ongi ezagutzen duten pertsonak dira, hedabide publiko zein pribatutakoak». Esaterako, ETBko Maddalen Iriarte, Lander Arbelaitz Argia-ko kazetaria, Iban Aranzabal Goiena komunikazio taldeko zuzendaria, Iñaki Uria Hamaika Telebistako zuzendaria, Edita Slezakova MIDAS Eremu Urriko eta Eskualdeko Hizkuntzetan Argitaratzen diren Egunkarien Europako Elkarteko burua; Rita Marzoa Catalunya Radiokoa; eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria.Beste zenbait esperientzia «interesgarrien» berri ere emango dute. Pascual Serrano Rebelion.orgwebgunearen sortzailea eta Renaud Lambert Le Monde Diplomatique-ko erredaktore buruak hitzaldi bana emango dute.

Astearteko azken mahai inguruari garrantzi berezia ematen dio Ramirez de la Piscinak. «Diagnostikoa egin eta gero, pronostikoa zein izan daitekeen argi batzuk eman ditzake». Egun nagusitzen ari den kazetaritzaren ereduaren aurka, edukien kalitatean indarra jartzea ezinbestekotzat jotzen du HGH ikerketa taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.