Jon Ander Albisu. Asegarceko atzelaria

«Kolpea neurtu? Burutik pasatzen zait, baina gero, kantxara irtetean...»

Badaki ez dela ari ahal duen bezain ondo, eta konfiantza faltari egotzi dio arazoa. Halere, oraindik binakakoaren finalerdietan sartzeko aukera du; horretarako, baina, gaur Bilbon irabaztera behartuta dago.

JON  HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2013ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Binakakoaren ligaxkako partida erabakigarria jokatuko du gaur Bilbon Jon Ander Albisuk (Ataun, Gipuzkoa, 1990). Berasaluze II.arekin ariko da, Titin eta Merino II.aren aurka. Aspekoek irabaziz gero, finalerdietan sartuko dira. Garaipena Asegarcekoena bada, berriz, gaurko aurkariak harrapatuko dituzte sailkapenean, eta azken jardunaldian erabakiko litzateke zein den sailkatuko den azken bikotea. Lehen itzuliko partidan Berasaluzek eta Albisuk 22-9 irabazi zuten.

Zer moduz duzu eskua? Asko hitz egin al da azken egunetan.

Asko, eta gehiegi. Ez dago pilotaririk partidak eskuetatik ehuneko ehunean bukatzen duenik, eta niri pixka bat kargatzen zaizkit. Aste barruan ondo osatzen ditut; beraz, horrek ez dit trabarik egiten partida ona egiteko.

Zehazki zein da arazoa?

Eskua hazi egiten zait; zurda handitu egiten da. Baina masajearekin ondo libratzen da. Partida bete-betean hasten dut. Eta gero, mina bainoago, beldurra da, lehendik buruan sartuta dagoena, baina minik ez.

Jokatzeko modua pixka bat aldatzea ez al duzu pentsatu? Agian kolpea pixka bat neurtuta...

Neurtzea? Burutik pasatu bai, baina gero kantxara irtetean... [barre txikia] zaila izaten da. Norberak bere jokoa du, eta oso zaila da gero egun batetik bestera aldatzea. Baina eskuak ondo daude, eta konfiantza hartu behar dut.

Txapelketa gogorraren prezioa?

Ez pentsa, iaz ere berdina izan zen eta ez nuen inolako arazorik izan.

Zure jokoa erakustea kostatzen ari zaizu, konfiantza da arazoa orduan?

Dena lotuta dago. Eskuak beldurra ematen du; beldur horrek konfiantzan eragiten du; konfiantzarik gabe ez zara berdin kokatzen pilota aurrean... Baina tira, nik uste dut hori guztia ahaztu egin behar dela gaur irabazteko.

Berasaluzek salatu zuen merezi gabeko kritikak jaso dituzula.

Alde guztietatik. Baina, zorionez, laguntzeko jende asko dago inguruan, Pablo tartean, eta horiei egin behar zaie kasu.

Kritikek eragiten dizute?

Eragin, nik uste, denoi. Baina tira, kasu handirik ez diet egiten, nik badakit ni nola nagoen. Aditu bai, baina kasu gutxi.

Eta zu? Partida txarren ondoren buruari bueltak ematen dizkiozu? Lo egin ezin dutenetakoa?

Partida txarra jokatu ondoren tristura logikoa nabaritzen dut aldagelan. Gero ohean sartu, eta lo lasai egiten dut; alde horretatik, ez dut arazorik.

Gorabehera asko izan dituzuen bikotea zaretela onartuko duzu.

Guk bai, baina baita beste bikoteek ere. Hasieran, bategatik, eta gero, bestearengatik, baina oso gutxitan osatu dugu bikotea sendoa. Hori bai, bikotea osatu dugunean, ondo aritu gara.

Jendeak zuen gorabeherak nabarmentzen baditu, faboritoen artean sartzen zintuztelako da.

Iazkoa ikusita —finalerdietara iritsi ziren—, agian bai, batez ere niregatik eta oso gustura jokatu genuelako. Jendeak asko espero zuen, baina aurten gutxitan lortu dugu bikote izatea.

Iaz gaztea zinen, lehen txapelketa... Aurten, aldiz, estelaretan finkatuta zaude. Presioa desberdina da?

Iaz berria nintzen, ikusteko zegoen nola arituko nintzen. Aurten, aldiz, asko espero zen. Presioa beti dago; udan ere estelarrak jokatu nituen, torneoak... Baina tira, Pablok esan zuen aurrekoan: gu ere pertsonak gara, eta denok ditugu gure egun txarragoak edo aldrebesak. Horiek atzean uzten jakin behar da.

Duela bi aste inork ez zuen txakur txikirik ematen zuengatik.

Duela bi aste, ezta lehen lau partidak galdu ondoren ere. Askok txapelketatik kanpo utzi gintuzten, eta horiei kontra egiteko ere motibatuta gaude.

Erregulartasun falta, kritikak, partida txarrak... Bai, baina lehian sartuta zaudete oraindik.

Lehen lau partida horien ondoren, aldeko emaitzak hasi ziren, eta bidea zuzendu genuen. Lau horietako bi 22-21 eta 22-20 galdu genituen, eta horiek gure aldera ere eror zitezkeen.

Gaurkoa, finala bainoago, finalerdia da zuentzat. Galduz gero, etxera, eta irabazita, beste bat gelditzen da.

Hasierako bolada txarraren ondoren denak ziren finalak.

Eta lehen lauak galdu ondoren zer komentatzen zenuten?

Zorteak asko eragin zuen; aurka izan genuen. Aurrenekoan 22-21 galdu... Ez geunden gaizki, zorte kontua zen. Duela bi urte ere, 2. Mailakoan, Olaetxearekin, lehen lau partidak galdu genituen eta gero txapeldun izan ginen. Eta hau baino txapelketa motzagoa zen. Hori ikusita, oraindik esperantzak genituen.

Harekin oroitzea ere handia da.

Harekin... duela bi urte, eta askotan etorri zait gogora. Zortzi partida ziren, eta normala da oroitzea. Baina aurten berdin pasatzen bada, are gehiago oroituko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.