Komunikazioa

Curriculuma ahaztu, motxila hartu

Mondragon Unibertsitateak Komunikaldia 2014 jardunaldia antolatu du bederatzigarrenez. Ikus-entzunezko lau ikasle ohi euren lan esperientziei buruz aritu dira ikasleen aurrean. Sektoreko krisia dela eta, ekintzaile izatea proposatu dute.

Ane Irazabal, atzo, Arrasateko Garaia Berrikuntza Gunean, Komunikaldia 2014 jardunaldian. GORKA RUBIO / ARP.
Adrian Garcia.
Arrasate
2014ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Eta orain zer? Behin ikasketak bukatuta galdera horri erantzun behar diote komunikazioko ikasleek. Ziurgabetasun eta krisi garaian baitago sektorea. Baina dena ez da kolore beltzekoa. Zailtasunak zailtasun aurrera egin duten komunikazioko lau ikasle ohi gonbidatu zituzten atzo Mondragon Unibertsitateko urteroko Komunikaldia jardunaldietara. Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi dut. Eta orain zer? izenburupean, euren esperientzien berri eman zuten Amaia Elu Hirudart 3D diseinuko estudioko sortzaileak, Ruben Mateo Beniwood ekoiztetxekoak, Oihane Beñaran Bolivian Nazio Batuen Erakundeko komunikazio teknikariak eta Ane Irazabal freelance kazetariak. Lauren kontakizunak ezaugarri nabarmen bat du: ez dira esperoan geratu, eta ekinaren ekinez eraiki dute euren etorkizuna.

2011n sortu zuen Eluk Hirudart 3D diseinu estudioa; 3Dko mota guztietako edukiak diseinatzen dituzte, izan iragarkietarako animazioak, enpresetako logoak edo beste edozein animazio mota. Ez zuten hasiera samurra izan. Diseinu programak menperatu bai, baina enpresa bat sortzen eta kudeatzen «ideiarik ez». Bilboko Udalak eskainitako ekintzaile ikastaro batean trebatu ondoren jarri zuten martxan enpresa. «Traba asko daude, baina zirrara buruko mina baina handiagoa da». Zalantza garaiotan, «lagungarri» izan zuten Euskal Valley elkartearen babesa.Teknologia berriak oinarri dituzten enpresak sortzen laguntzea eta horiek arrakastatsu izatea da elkartearen helburua. Alor horretako zazpi bat enpresak osatzen dute. «Denak ekintzaile garenez, elkarri laguntzen diogu», azaldu du Eluk. Hirudart 3D ere Euskal Valleyko kide da. Inbestitzaileen eta ekintzaileen arteko zubi lana egin, eta enpresen arteko komunikazioa indartzen du elkarteak. «Elkarren osagarriak gara».

Beniwood ekoiztetxea sortu zuen Mateok, beste bi bazkiderekin. Animazio filmak egiten dituzte; batzuk hainbat jaialditan saritu dituzte; Growing Leo, kasu. «Animazioa ez da genero bat. Bitarteko bat da, adierazteko beste era bat».

Curriculuma alde batera uzteko aholkua eman zien ikasleei. «Inork ez zaituzte kontratatuko zuen curriculumagatik, ezagutzen zaituztelako baizik». Horregatik, harreman pertsonalak zaintzearen garrantzia nabarmendu du, aurrez aurrekoak zein sarekoak. Ezinbestekotzat jo zuen norberaren burua ondo saltzea, eginiko lanak erakutsiz. «Lanak hitz egiten du zuen lekuan».

Bekek eskainitako aukera

Oihane Beñaran MUko ikus-entzunezko ikasleak Boliviatik hitz egin zien ikasleei, bideo konferentzia bidez. Orain dela bi urte bukatu zituen ikasketak, eta bekadun joan zen La Pazera, NBEko programa bateko komunikazio teknikari gisa. «Gazteak zaretela aprobetxatu, eta beka eskatu. 30 urteko adin muga dute gehienek». Ikasketa garaian eskolakoak soilik ez ikasteko aholkatu zien Beñaranek. «Beste gauza batzuk egitea ere aberasgarria da oso, eta besteengandik desberdintzeko balio du».Izan ere, urtero ikasle mordoa graduatzen da Euskal Herriko komunikazio fakultatean, eta, horregatik, «beharrezkoa» deritzo Beñaranek desberdintzea.

Olga Rodriguezi Jose Couso kamerariaren hilketaren kronika entzutean hartu zuen erabakia Ane Irazabal arrasatearrak: «Nik ere hori egin nahi dut». Historian eta Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da Irazabal, eta Ekialde Hurbileko Historia betidanik gustatu zaio. Komunikazioaren alorrean, kazetaritzaren ikuspegia eman zuen atzo berriemaileak.

Kazetaritzan etorkizunik ez dagoela diotenen kontra, irtenbide bat proposatu zuen Irazabalek: freelance moduan jardutea. «Ni naiz nire enpresa». Ikasketak bukatzeanmotxila bizkarrean hartu eta Palestinara abiatu zen. «Nazioarteko kazetaritza gustuko nuen, eta ametsari aukera bat eman nion».

Pasioa izatearen abantaila

Lana «pasio» bat izateak abantaila nabarmenak ditu: «Barrutik ateratzen den zerbait da, erreportaje bakoitzarekin dena ematen duzu». Lehia gogorra izan arren, kazetarien arteko elkartasuna gogoko du. Ezegonkortasuna da, ordea, lanbidearen alde ezkorra. Hilean saldutako lanaren arabera bizi baitira freelanceak. «Emozionalki eusteko, zaila egiten du horrek».

Ekialde Hurbilean emakume kazetaria izateak «eragozpenik» ez du, zenbait pertsonak kontuan hartzeko esfortzu handiagoa egin beharra salbu. Abantailak, ordea, baliagarriak: «Emakume arabiarrekin lortutako konplizitatea».

Freelance kazetariak lan egin nahi badu, euskarri guztietan jardun beharra du. «Denetik egiten duzun sentsazioa duzu, baina ezer ez ondo». Halere, Irazabal ez da damu hartutako bideaz: «Freelance naiz, eta harro nago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.