Komunikazioa

Zero telebista, gero eta gehiago

Internet bidezko telebistak gora egin du nabarmen AEBetan azken urteotan, eta kate handien lehiakide bilakatu dira. Netflix plataforma da gorakadaren aitzindarietako bat.

Valenti Sanjuan eta Bibiana Ballbe, Etiquetats saioko aurkezleak. ETIQUETATS.
2013ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Ordenagailuak, tabletak eta sakelakoak. Horiek dira AEBetako telebista tradizionalean aldaketa eragin duten hiru elementuak. Azken hilabeteetan, ikus-entzuleak gailu berriak erabiltzen ari dira telesailak eta saioak ikusteko, eta egongelako telebista alde batera uzten ari dira; Interneten eskuragarri dauden produktuek hartu dute lekukoa. Aldaketarako pausoa Zero TV izeneko mugimenduak eman du, eta telebista kate handien alarmak piztu ditu. Nahi duten produktua nahi duten unean eta lekuan ikusten dute.

Aldaketa hasi berri da, baina geldiezina dirudi. Hain zuzen, 2010. urtean, AEBetako etxebizitzen %87,4k telebista tradizionalak eskaintzen zituen zerbitzuak kontsumitzen zituzten, baina, 2012an, datu horiek %3 jaitsi ziren, SNL Kagan aholkulariak eginiko inkesta baten arabera. Beherakada nabarmenena, baina, azken hilabeteetan eginiko ikerketak islatzen du. Izan ere, bertan ondorioztatu denaren arabera, AEBetan 974.000 etxebizitza berri eraiki dira, baina telebistak 46.000 bezero berri bakarrik eskuratu ditu. Jendea aldaketa eskatzen ari da. Zero TV mugimenduak apurka-apurka gora egin du azken bost urteetan, Interneterako bidea geroz eta gehiago jorratuz. 2008an, etxebizitzen %2n zegoen presente talde hori. Gaur egun, berriz, %5era iristear dago —bost milioi etxebizitza daudela kontuan hartuta—.

Sareko produktuen kontsumoaren gorakada ulertzeko, kontuan hartu behar da AEBetan kable eta satelite bidezko telebista ikusteagatik hilero ordaintzen duten dirutza (80 euro). Hori ordaintzeko prest ez daudenek, gainera, oso kate kopuru murritza eta kalitate eskasekoa dute etxean. Interneten, ordea, ikusleak berak ikusi nahi duena bakarrik erosten du.

Netflix, Hulu eta Amazon

«Zerbait ikusi nahi badut, Netflix bidez erosten dut». Esaldi hori geroz eta indar handiagoarekin entzuten da AEBetako gazteen artean. Gaur egun, arraza zurikoek eta Asiatik AEBetara iristen direnek erabiltzen dute Netflix gehien. Hau da, gehienbat diru irabazi onak eduki ohi dituztenak. House of Cards telesailari esker, kateak izugarrizko gorakada eduki zuen sarean. Netflix 1999an sortu zen DVDak alokatzeko plataforma gisa, eta hamar urte geroago, 10 milioi harpidedunetara iritsi ziren. Egun, ia 30 milioi dira. Datu horiek izan duten garapena ikusita, Netflix eredu bilakatu da askorentzat.

Hulu plataforma da horren adibide nagusia. Netflixen bide bera jorratu nahi du, eta, horretarako, Disney (ABC), News Corporation (FOX) eta Comcast NBCU (NBC) kateetako produktuak hartu, eta sarean ematen ditu. Telebistan arrakasta eskuratu ez duten telesailak hartzen ditu plataformak. Azken bost urteetan, lau milioi harpidedun izatera iritsi da.

Beste adibide bat Amazon da. Azkena izan da ikuslearengara iristen, eta azken urtean eginiko lanari esker lortu du oihartzuna jendearen artean. Amazonek ekoiztetxe propioaren aldeko apustua egin du, eta baita bezeroek horietan parte hartzekoa ere. Izan ere, konpainiak hamalau telesailen probako kapituluak ditu esku artean, eta horietatik zein ekoitzi erabiltzaileek erabakiko dute.

AEBetako gazteek egongelako telebista baztertzeko erabakia hartu dute; telebista ikusteko beste formula bat aurkitu dute. Orain, kate handietako arduradunek sarean sortu den fenomeno horri nola aurre egingo dioten ikustea falta da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.