Komunikazioa. Irrati lizentziak Hego Euskal Herrian (I)

Indarrean dagoena ez dute bete

Gaur, bihar eta datozen asteburuetan, irrati lizentzien lehiaketak aztertuko ditu BERRIAk. Aurreko dekretuen ondorioak azaltzen hasiko gara.
Iruñeko Euskalerria Irratiaren estudioa.
Iruñeko Euskalerria Irratiaren estudioa. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2012ko martxoak 17
Hego Euskal Herrian irrati lizentziak banatuko dituzte aurten. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak onartu dituzte lehiaketako oinarriak, eta irratiek aste batzuetako epea dute lehiaketara aurkezteko.

Gaur egun indarrean dauden dekretuak, berriz, aspaldikoak dira: 1986koa Eusko Jaurlaritzak emandakoa, eta 1998koa Nafarroako Gobernuarena. 2012ko lehiaketan sakondu aurretik, atzera begiratuko dugu.

Eusko Jaurlaritzak 1986ko azaroan emandako dekretuaren zortzigarren artikuluak hauxe dio: «Jaurlaritzak honako oinarrizko izendatze-irizpide hauek hartuko ditu kontuan: herriko kulturazko balioak sustatzea, hezkuntza eta kulturazko programak hedatzea helburu nagusitzat duten emisorek izango dute lehentasuna, eta bereziki EAEko bi hizkuntza ofizialen erabilpen orekatu baten aukera egiten dutenek». Hori esaten zuen dekretuak, baina lizentzia lortu zuten irrati pribatuek ez zuten derrigorrezko eginbeharrik, euskaraz emititzeko obligaziorik ere ez. Kontrol sistemarik ez da izan urteotan. Irratien hirutik bik katean emititu dute, Madrildik. Eta irrati gehienek euskarari egin dioten tartea ez da %4 ere izan. Carmen Peñafiel, Miguel Angel Casado eta Lidia Fernandez EHUko irakasleek, 2005ean egindako ikerketa batean, ondorioztatu zuten irrati pribatuek leku eskasa uzten ziotela euskarari. «Hizkuntz irizpideez gain, programazio ikuspegitik ez dituzte arauak betetzen irrati askok», azaldu zuten orduan ikertzaileek. «Estatuko irratiekin konexio gehiegi egiten dituzte zenbait emisorak, eta eduki horiek ez dira egokitzen euskal entzuleen beharretara». Monopolio joera ere salatu zuten EHUko irakasleek ikerketa hartan.

Dekretu hark ez zituen aintzat hartzen irrati libre eta komunitarioak, eta, beraz, legetik kanpo funtzionatu dute urte hauetan guztietan. Aurtengo lehiaketan lizentziarik gabe gelditzen direnek lehen bezala jarraituko dute, nahiz eta Espainiako Gobernuan mahai gainean duten gaia.

Euskalerria Irratiaren afera

Nafarroako Gobernuak emandako azken dekretua 1998. urtekoa da, baina Iruñeko Euskalerria Irratiaren afera are zaharragoa da. 1985. urtean egin zuen irrati horrek baimena lortzeko aurreneko eskaera. 1990. urtean, Iruñeko baimenak Radio Blancari eta Compañia Navarra de Radiodifusioni eman zioten —azken horrek Radio España sortu zuen, eta handik gutxira irratia saldu—. Lehen ukazioa izan zuen orduan Euskalerria Irratiak. Auzitara jo zuen, eta epaia 1994. urtean jaso. Handik lau urtera, Iruñerako lizentziak NET21 eta Nafarroako Unibertsitateari (Opus Dei) eman zizkieten. Ikerketa batzorde bat sortu zen Nafarroako Parlamentuan, eta ondorioztatu zuten irregulartasun larriak izan zirela. Berriz auzitara jo zuen Euskalerria Irratiak, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiko epaileek sei urte behar izan zuten erabakia hartzeko. 2005eko abenduan, baliogabetu egin zuten 1998ko banaketa hura. Puntuazioaren zati bat ontzat emana zegoen, eta beste zatia berriz puntuatzeko agindu zuen epaileak. Kontzesioak, ordea, berriz ere NET21 eta Nafarroako Unibertsitateari eman zizkieten. Eta berriro epaitegira. 2010eko jakinarazpenak baliogabetu egin zuen banaketa. Madrilera heldu zen helegitea eta han dago egun auzia, Espainiako Auzitegi Gorenean. Hamalau urte pasa dira, eta dekretu berri bat dator orain. Eta Iruñean bi lizentzia berri banatuko dituzte; horietako bat lortzeko ahalegina egingo du Euskalerria Irratiak. Europako Kontseiluko aditu batzorde batek 1998tik datorren aferaren gaineko ebaluazioa emango du aurten.

Bestalde, 1998. urteko dekretu hartan, Xorroxin Irratiak lizentzia bat lortu zuen Lesakan.

Madrilgo kateen monopolioa

Hego Euskal Herriko mapan azkeneko urteetan dezente handitu da irrati kopurua, batik bat FM frekuentzian. Baina monopolio joera ere nabarmentzekoa da; horrek urratu egiten du Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Eusko Jaurlaritzak eman zuen dekretuaren «pluraltasun espiritua». Euskararentzat ez dira mesedegarri izan dekretu zaharrak. Eta, hori aintzat harturik, «egoera orekatu» egin beharko luketela esan dute gaia ikertu dutenek. Irratian entzuten den euskara %5 inguruan dabil. Eta dekretu berriek ez dute ezarri egoera hobetzeko oinarrik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: