Pilotakaden azken kolpea

Poliziaren pilotakadek arrasto lazgarria utzi dute Euskal Herrian: lau pertsona hil dira, eta ehunka zauritu. Salaketak ehunka izan dira; azkena, orain bi aste eskas: Xuban Nafarrate larri zauritu zen.

Ertzain bat, pilota botatzeko armarekin, gazte baten alboan. RAUL BOGAJO / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Titulu bera bi aldiz izan da bi astean: «Gazte bat larri zauritu da ertzainekin izandako istilu batean». Greba egunean, martxoaren 29an, gertatu zen, Gasteizen: Xuban Nafarrate, 19 urtekoa, larri eraman zuten erietxera, ertzainekin tira-bira bat izan ondoren. «Lurrean jipoitu egin zuten; eskuorriak sartu zizkioten ahoan, eta jateko agindu zioten». Joseba Nafarrate aitarena da lekukotasuna. Poliziaren bertsioa beste bat da: gaztea ihesi zihoala erori zela, «bera bakarrik», eta han zauritu zela. Ezetz esan dute sendiak eta lekukoek: pilota bat bota ziotela bertatik bertara, eta lurrera bota ondoren jo zutela ertzainek. Bilboko salaketa ere gisa berekoa da: pilota bat jaurti ziotela gertutik.

Hobeto dago Nafarrate. Odolbildu bat sortu zitzaion buruan. Salaketa jartzekoa du sendiak, eta legebiltzarrean kontuak eskatuko dizkiote Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuari.

Polizien gehiegikerien salaketen zerrendan beste bat izango da nafarratetarrena. Pilotakadekin zerikusia dute haietako askok, gainera. Euskal Memoria fundazioak egindako bilduma batean, gomazko pilotek eragindako lau heriotza zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian: 1973an Jose Luis Aristizabal eta Isidro Susperregi hil zituzten, Donostian, eta 1977an, Luis Santamaria, Iruñean. Azken hildakoa 1995ean izan zen, hura ere Donostian: Rosa Zarra 58 urteko andrea hil zen Ertzaintzaren pilota batek sabelean jo ostean.

Zigorrik, apenas

Ertzaintzak ezikusia egin zuen Zarra hil ostean; andrea gaixo zegoela eta pilotakada «gertaera zirkunstantziala» zela esan zuen. Gisa bereko jarrera izan dute agintariek horrelako ehunka salaketarekin. Artxibatu egin izan dituzte gehienak. Salbuespenen bat izan da: Estrasburgoko auzitegiak Espainia zigortu zuen, poliziek Iruñean Mikel Iribarren gaztea kezko poto batekin zauritu zutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.