Zelai Nikolas eta Angel Oiarbide. Gure Esku Dago-ko kideak

«Gure Esku Dago-ren lorpen handiena da plurala dela»

Hitzordu garrantzitsua izango du bihar Gure Esku Dago dinamikak Bilbon: Casillako ekitaldia. Ekainaren 8an, giza katea. Ilusioz daude Nikolas eta Oiarbide.

enekoitz esnaola
Bilbo
2014ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Han eta hemen Gure Esku Dago dinamika zer den azaltzen ez ezik, harremangintzan ere dabiltza Zelai Nikolas (Barrika, 1968) eta Angel Oiarbide (Beasain, 1974). Bilbon batu dira biak, eta, besteak beste, hedabide batzuetako zuzendaritzako ordezkariekin egon dira. Euskal herritar ororen erabaki eskubidea dute iparrorratz.

Gustura orain arteko lanarekin?

ANGEL OIARBIDE. Bai. Oraindik ez da urtebete Gure Esku Dago jendaurrean aurkeztu genuela. Iazko ekainean aurkeztu genuen, Irungo Ficoban. Dinamika honek hamar hilabete hauetan Euskal Herrian zabalkunde handia lortu du. Lan egiteko oinarri batzuk jarri genituen: herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da. Asko lortu dugu. Ficoban genioen gure asmoa ez dela abertzaleen indar metaketa bat osatzea, aldarrikapen hau ez baita abertzalea, demokratikoa baizik. Irizpide horiekin, herrietan lanean ari gara.

Zenbat bilgune dituzue?

OIARBIDE. Araban zortzi batzorde edo topagune daude; Nafarroan, hemezortzi; Gipuzkoan, 32; eta Bizkaian, 41. Beraz, 99 topagune daude oraintxe bertan.

Askotariko jendea al dago?

ZELAI NIKOLAS. Bai. Ez dago ideologia guztietako jendea, hori hala da, baina guretzat euskal herritar guztiok batzen gaituen osagaia da erabakitzeko eskubidea, gure etorkizuna geure esku baitago. Nola ez egin bat, hortaz, printzipio horrekin?

Aste honetan PSE-EEk esan du EAJk eta EH Bilduk erabakitzeko eskubidearen gaia Eusko Legebiltzarreko autogobernuari buruzko lantaldean sartzen badute ez dela aurrerabiderik izango.

NIKOLAS. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako ebazpenean esan du erabakitzeko eskubidea baldintza demokratikoetan erabiliz gero konstituzionala izan dela.

OIARBIDE. Niretzat, bereizi egin behar dira esparru soziologikoa eta klase politikoa. PSEk, aste honetan esandakoagatik, ematen du ez duela bat egiten erabaki eskubidearekin, baina euskal abertzalea ez den jende multzo bat erabakitzeko eskubidearen alde dago; PSEk ordezka dezakeen esparruko jende multzo bat, adibidez.

Alderdiekin harremanik ba al duzue?

NIKOLAS. Bai. EAJrekin, EH Bildurekin eta haren barruko alderdi guztiekin, Ezker Anitzarekin eta Ezker Batuarekin egon gara. Sindikatuekin ere bai: ELArekin, LABekin eta CCOOrekin. Ondo ikusten dute dinamika hau; positiboa dela iruditzen zaie. Guk ez diegu atxikimendua eskatu, baizik eta trabarik ez jartzeko euren afiliatuei eta. Haien konpromisoa da bidea zabalik uztea.

Batzokietan egin izan da Gure Esku Dagoren bilerarik.

NIKOLAS. Hala da. Lezaman, esaterako. Han erabaki zuten tabernetan egitea bilerak, eta batzarretako bat batzokian egin zuten; beste bat, herriko tabernan.

123 kilometro izango ditu ekainaren 8ko giza kateak. Bete bai?

OIARBIDE. Bai. Larunbatean Casillan termometro baten bidez erakutsiko dugu zenbat konpromiso ditugun orain arte. Duela pare bat hilabete hasi ginen horiek biltzen. Dudarik ez dugu ekainaren 8ko giza katea ondo aterako dela. Hasieran jarritako aurreikuspenak motz geratuko zaizkigu. Egia da hasieran, erronka bota genuenean, jendearen partetik jarrera hotz samarra nabaritu genuela. Orain, ez; orain, bestelakoa da, sinistu egiten da.

Katalunian ere egin zuten iaz giza kate erraldoi bat...

NIKOLAS. ...eta duela mende laurden bat herri baltikoetan ere bai, burujabetzaren alde. Katalanek eredu hura erabili zuten joan den urteko Diadan, eta 1,6 milioi lagun bildu zituzten.

Kataluniaren independentziarako giza katea izan zen hura. Zuek ez duzue proiektu politikorik aipatzen.

OIARBIDE. Hemen aipatzen dena da oinarri demokratiko bat behar dela edozein proiektu politiko hautatu ahal izateko, independentzia barne. Erresuma Batuan, gobernuak aitortu egin dio Eskoziako herriari erabakitzeko eskubidea.

NIKOLAS. Benetako demokrazia batean aniztasuna da funtsa. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ere esan izan du ez dagoela demokraziarik aniztasunik gabe. Beraz, edozein proiektu gauzatu behar da gizarte demokratiko batean, eta horretarako, baldintza berak izan behar dituzte herritar guztiek. Lehia demokratiko baten ondoren, emaitza bat aterako da, eta emaitza horretan guztiak aterako dira garaile.

EAEn, 2004an, legebiltzarrak estatutu politikoa onartu zuen, eta 2005ean, Espainiako Kongresuak atzera bota zuen. 2008an, EAEko Galdeketa Legea onartu zuen bertako legebiltzarrak, eta Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zuen. Beraz, Eusko Legebiltzarrak erabakitakoa ez zuen onartu Espainiak. Zer itxaropen eduki daiteke?

NIKOLAS. Azken urteetan asko ikasi dugu gurean, eta nazioartetik ere irakaspen politak hartzen ari gara. Erresuma Batuan ez da zalantzan jartzen eskoziarren erabakitzeko eskubidea, eta irailaren 18an egingo dute galdeketa. Katalunian ere independentzia nahi dute, baina hango prozesuan gidariak ez dira soilik ordezkari publikoak, gizarte zibila ere ari baita parte hartzen, herritarrak sare batean bilduta. Espainiak erabakitzeko eskubidea ukatu egiten die, eta Kataluniak antolaketa modu hori hartu du. Gainera, katalanek Kosovori buruzko epaia ondo ikasia dute; hau da, erabakitzeko eskubidea erabili egingo dute, independentziaren aldebakarreko aldarrikapena eginda. Demokrazia batean ez dago ezer itxita. Herritarrok daukagu pausoak emateko ardura. Irakaspen hori Euskal Herrira iritsia zaigu; Gure Esku Dago da horren adibide.

OIARBIDE. Gu herri bat gara eta bertako herritarrok eskubidea dugu erabakitzeko. Eskubide hori dugula barneratu beharra dugu; hori da lehendabiziko lana.

NIKOLAS. Gure Esku Dago-k geografikoki ere zabalkunde handia lortu nahi du, euskal herritar garen kontzientzia sortzeko. Horrek guztiak zerikusia izango du geroko balizko prozesuetan.

Ipar Euskal Herrian ez duzue topagunerik.

OIARBIDE. Iparraldean beste dinamika bat daramate. Batera plataformak urteak daramatza martxan, aldarrikapen batzuk oinarri hartuta: bertako elkargoa, euskararen ofizialtasuna, unibertsitatea... Askotariko jendea batzen da Batera-n, eta bertako errealitatea kontuan hartuta ari da lanean. Badugu zer ikasia.

Etxarri Aranatzen apirilaren 13an Euskal Herriaren independentziari buruzko galdeketa bat egingo dute. Zer iruditzen zaizue?

NIKOLAS. Ondo. Herri plataforma batek erabaki du galdeketa egitea, eta gauza dira antolatzeko.

OIARBIDE. Gainera, Etxarriko galdeketa hori antolatu duten batzuk Gure Esku Dago-ren barruan ari dira lanean. Kontua da han beste pauso bat ematea erabaki dutela.

Ekainaren 8ko hitzordu garrantzitsu horren ondoren, zer?

NIKOLAS. Giza katearen ostean, ekainean bertan, herrietako topaguneetako kideak biltzeko asmoa dugu, balorazio bat egiteko lortutakoaz. Batetik, erabakitzeko eskubideari buruzko pedagogia lana zenbaterainokoa izan den eta noraino iritsi garen, eta, bestetik, antolaketa aldetik gure saretze sistema honek nola funtzionatu duen. Zintzo egingo dugu balorazioa, alde onak eta txarrak aztertuta.

Horrez gain, zerbait gehiago bai?

NIKOLAS. Orri zuri bat ipiniko dugu bileretan, herri dinamika hau edukiz betetzeko eta forma emateko.

Zer helbururekin?

NIKOLAS. Funtsezko galdera hau izango da: gizarte zibilak nolako ekarpena egin dezake Euskal Herrian zabaltzen ari den aro berrian? Horixe eduki behar dugu buruan ekainaren 8tik aurrera.

OIARBIDE. Giza katean ez da ezer bukatuko. Mugimendu honek hartzen duen indarraren arabera izango da espazioa zabalagoa ala estuagoa. Herritarron esku dago. Duela hamar hilabete esan genuen: badakigu norbera zer egiteko gai den, baina ez dakigu elkarrekin zer egiteko gauza garen. Orain arte frogatu da herritarrok, bat eginda, gizartean eragiteko gaitasuna badaukagula. Asmoa da udazkenean denon artean bidea zehaztea. Dena dago idazteko. Dena dela, ikusiko dugu nola gauden ekainaren 9an.

NIKOLAS. Metodologia honekin, batzen gaituena nabarmenduz, ikusi behar dugu noraino hel gaitezkeen.

Lehen, euskal gizartean fronte gehiago edo handiagoak zeudela uste al duzue?

NIKOLAS. Bai. Gure mugimendura hainbat arlotako jendea ari da inguratzen; aurreko aroan lubaki desberdinetan ibilitako jendea da. Horixe da Gure Esku Dago dinamikaren lorpenik handiena, plurala dela.

OIARBIDE. Eta ilusioa sortu duen mugimendua da. Jadanik esan daiteke: arrakastatsua da Gure Esku Dago.

Bitartean baduzue lanik. Bihar (17:30), Bilboko Casillako ekitaldia.

OIARBIDE. Pausoz pauso goaz. Bihar Casillakoa dugu. Herritar denak animatzen ditugu bertara joatera. Musika egongo da, Eskoziako eta Kataluniako eragileak, euskal diasporakoak... Guretzat oso ekitaldi garrantzitsua eta berezia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.