«Erabaki politikoa delako»

'Gernika' Gernikara ekartzeko eskatu dute Busturialdeko hainbat alkatek, obra Madrilen dela 30 urte betetzean

Gernika Gernikara ekartzeko eskatzeko ekitaldi instituzionala egin zuten atzo eguerdian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Gernika
2011ko irailaren 11
00:00
Entzun
Pablo Picassoren Gernika margolanaren erreplika bat atzean dutela egin dute eskaera Busturialdeko hainbat alkatek: «Picassoren Gernika Gernikara ekartzeko egin beharreko izapideei hasiera emateko eskatzen diegu Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari». Atzo bete ziren 30 urte Picassoren ederlan enblematikoa New Yorkeko MOMA museotik Espainiara eraman zutena, eta ekitaldi instituzionala egin zuten Gernikan, eguerdian. Herri horretako udal ordezkariek ez ezik, Busturialdeko beste herri batzuetako agintariek ere parte hartu zuten agerraldian. Ajangiz, Ea, Mundaka, Nabarniz, Ereño eta Morgako alkateek, EAJ zein Bildukoek.

Denen izenean, Picassoren Gernika-k Gernikan egon behar duela adierazi zuen Jose Mari Gorroño Gernikako alkateak, «bonbardaketaren sarraskiaren ikur baita». Eta margolana Madrilgo Reina Sofiatik atera nahi ez izateko ematen dituzten arrazoiak aitzakia direla salatu zuen Naiara Urberuaga Gernikako zinegotziak. «Arazo teknikoak argudiatzen dituzte koadroak Madrildik irten ezin duela ziurtatzeko, baina argi eta garbi adierazi nahi dugu Gernika Reina Sofian mantentzeak ez diola erantzuten erabaki tekniko bati, baizik eta erabaki politiko bati», nabarmendu zuen.

Luis Iriondok bere begiz ikusi zituen Hitlerren Kondor Legioko hegazkinetako bonbak Gernika birrintzen eta zauritzen. Bonbardaketaren lekuko izan zen, ume bat besterik ez zenean, eta Picassoren artelanak herrian naziek eragindako sufrikarioaren isla dela argi du. «Sarraskia gaitzesteko eta gernikarrak omentzeko obra». Horregatik ez du ulertzen artelana Espainian mantentzeko tema. «Picassok esan zuen errepublika ezartzean Madrilgo Prado museora eramateko, ez lehenago eta ez beste toki batera. Eta Espainian ez da berriro errepublikarik izan;eta, gainera, monarkiako kide baten izena daraman museo batean daukate», esan zuen Iriondok, ekitaldian hitza hartzean.

Ez du inondik inora sinesten gaur egun margolana hondatu barik Gernikara eramateko giza baliabide eta bitarteko teknikoak ez daudenik. «Sixtoren Kapera zaharberritu badute, nola ezingo dute Gernika hona ekarri?».

Gernika Gernikara ekartzeko izapideak abiatzeko euskaraz, espainieraz eta ingelesez eskatu zuten ekitaldian hitza hartuz joan ziren Gernikako Udaleko zenbait zinegotzik. Gorroñok itxi zuen agerraldia, esanez Gernika Gernikara ekartzea «lortu arte» lanean segituko dutela, «erabaki politikoa delako».

'Gernika' Gernikara lelopean, kanpaina bat abiarazi zuen udalak orain hilabete batzuk sarean, eta dagoeneko 15.400dik gora sinadura bildu dituzte. Alabaina, 500.000 lortu nahi dituzte, Espainiako Kultura Ministerioan aurkezteko.

Aurrez ere izan dira Gernika Euskal Herrira ekartzeko beste eskaera batzuk. EAJk, esaterako, Bilboko Guggenheimera denbora batez ekar dezaten eskatu izan du Espainiako Senatuan. Eta Espainiako Gobernuko presidenteak berak, Jose Luis Rodriguez Zapaterok erantzun du margolana lekuz aldatzea «teknikoki ezinezkoa» dela. Madrilgo Reina Sofia museoko zuzendari Manuel Borja-Villelen adierazpenetan antzeman daiteke, argiago, Gernika mugitu nahi ez izateko egiazko arrazoietako bat: «Museoari zentzua ematen dion pieza da Gernika, eta ondorioz, mugiezina».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.