Libiako errebeldeek premiazko diru laguntza eskatu diote nazioarteari

Muammar Gaddafiren erregimenak jakinarazi du 35.000 milioi euro gastatu dituela dagoeneko gerran

Erredakzioa
2011ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Mahmud Jibril CNT Trantsiziorako Kontseilu Nazionaleko presidenteak jakinarazi du errebeldeak diru premian direla, lau hilabetez luzatzen den gerraren ostean egoera «dramatikoa» dela ohartaraziz. Muammar Gaddafik atzerrian dituen diru funtsak desblokeatu eta diru hori euren eskuetan jartzeko eskatu dio nazioarteari. Libiako herritarren premiei aurre egiteko moduan ez badira zilegitasuna galduko dutela uste du, eta, ondorioz, botere hutsune bat izango dela, erregimena, haren hitzetan, hutsala baita dagoeneko. Jada 40 herrialdek aitortu diete zilegitasuna errebeldeen ordezkariei, eta horiei zuzendu da Jibril: «Libiako herriaren ordezkari garela aitortu digutenei premiazko finantza laguntza eskatzen diegu». Libiarako Harremanetarako Taldeko kideak dira 40 estatu horiek, eta hilaren 15ean onartu zuen ordezkari zilegi bakartzat CNT.

Muammar Gaddafiren erregimenak, bien bitartean, 35.000 milioi euro gastatu ditu dagoeneko gerran. Abdulhafid Zlitni Finantza eta Plangintza ministroak zehaztu duenez, «gastu itzela» da. Petrolio eta gas esportazioetatik jasotzen zituzten diru sarreren etenak ere egoera horren erantzule badela azaldu du Zlitnik: «14.000 milioi euro galdu ditugu, eta hau ez litzateke luzatu behar, bestela haragia eta gantza jan, eta aurki hezurretan geratuko gara». NDF Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, iaz %10,3 hazi zen ekonomia Libian.

Ekialdeko gerra frontea

Gerra frontean, berriz, gauzak bere horretan dira, hiriburuaren ekialdean azken egunotan izan diren erasoak gorabehera. Zlitan hiritik gertu erasoaldia egin dute erregimenaren tropek. Errebeldeek Suk al Thulata herria hartu zuten bere gain asteazkenean, baina erregimenak tankeekinbonbardatu zuen atzo. NATOk Zlitanen bezperan egindako erasoan hainbat zibil hil zirela eman dute aditzera iturri ofizialek. Matxinoek salatu dutenez, berriz, erregimenak hainbat etxebizitza suntsitu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.