Frantxua Maitia da EEPko presidente berria

Max Brissonek Euskararen Erakunde Publikoan utzitako kargua hartu du Alderdi Sozialistako kideak

Aitor Renteria.
Baiona
2011ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
EEP Euskararen Erakunde Publikoko Administrazio Kontseiluak Frantxua Maitia hautatu zuen atzo presidente, kargua utzi duen Max Brissonen tokian. EEP 2004an sortu zuten, Frantziak, Akitaniak, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiak eta euskal kulturaren aldeko herri arteko sindikatuek bultzaturik. 2006an Brisson hautatu zuten presidente. Sei urteko ibilbidearen ondoren eta estatuak EEPren luzamena onartu ondoren, Akitaniak hartuko du horren gidaritza, Frantxua Maitia kontseilariaren eskutik.

Frantxua Maitia Frantziako Alderdi Sozialistako kidea da, Akitaniako presidenteordea eta Paueko Kontseilu Nagusiko kontseilaria ere bai, joan den martxoko hauteskundeez geroztik. Maitia Nafarroa Beherean sortu zen, Izpuran, 1952ko irailaren 21ean. 1974tik 1990era irakaslea izan zen Lakarran (Nafarroa Beherea). Ipar Euskal Herriko Alderdi Sozialistako burua da. 2004tik Akitaniako Lurralde Kontseiluko presidenteordea da. Frantziako Merituaren Ordena Nazionaleko Zalduna da, baita Ohorezko Legioko Zalduna ere.

EEPk 2006an onartu zituen hizkuntza politikarako irizpideak.Iaz Frantziako Gobernuak kontu ikuskatzea egin ondoren, EEP bertze sei urterako bideratzea deliberatu zuen. Hastapeneko irizpideei jarraikiz, EEPren burua hiru erakundeen artean partekatzen da, aldizka. Estatuak iragarri du ez duela presidentetzarik hartu nahi. Max Brissonek Kontseilu Nagusiaren izenean kargua sei urtez atxiki ondoren, Akitaniak hartuko du orain txanda, Maitiaren eskutik.

EEP plantan ezarri zutelarik oreka atxikitzea arautu zuten hiru eragile nagusiek, estatuak, Akitaniak eta Kontseilu Nagusiak diru funtsa bera ezarriko zutela adostuz. Zuzendaritzan ere arau bera ezarri zuten indarrean, zuzendaritza partekatuz.

Mugarriak erronka

Brissonek atzeman zituen muga berak atzemanen ditu Maitiak. Euskalgintzako gizarte eragileek azpimarratu duten bezala, Frantziako Konstituzioak ez ditu hizkuntza eskubideak aitortzen, eta hizkuntza gutxituei babesa emanen liekeen legerik ez dago. Errealitate horrek euskararen aldeko hizkuntza politika oro mugatzen du, eta etengabeko trabak eragiten dizkio. EEPk berak hautatu duen hizkuntza politikaren neurri bakoitza garatzeko tenorean, urteotan euskalgintzak pairatu eta salatu dituen trabak atzematen ditu. Frantziako Senatuak ekainaren 30ean eztabaidatuko du hizkuntza gutxituen aldeko mozio bat.

2004an 1,2 milioiko aurrekontua zuen EEPk, eta orain 3,4 milioikoa. Euskalgintzako eragileen iritziz, diru anitz da, baina ez aski euskararen beharrak asetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.