Albistea entzun

Ezarian

Bizimodu baten desagertzea

Saltoki handien konpetentziaren ondorioz, gero eta denda txiki gutxiagok irauten dute zabalik. Silvia Mendibilek Hondarribiko Otxoa denda txikiaren izpiritua jaso du dokumental batean.
Otxoa dendaren jabeak, dendaren aurrean: Miguel Otxoa eta Maria Jose Oronoz.
Otxoa dendaren jabeak, dendaren aurrean: Miguel Otxoa eta Maria Jose Oronoz. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS

Adrian Garcia -

2011ko urtarrilak 30

Nabaria da hutsunea hondarribiarren artean otxoatarrek erretiroa hartu eta Otxoa janari denda ixtea erabaki zutenetik. Denda baten desagerpenaz gain, garai batena dela ere esan daiteke. Izan ere, gero eta gehiago dira saltoki handietan erosteko hautua egiten dutenak, eskaintzen dituzten erosotasun eta zerbitzu ugariak aprobetxatzearren. Dendari txikiez gain, herri osoak pairatzen ditu merkataritza ulertzeko era berri horren ondorioak. Herrietako kaleak husten eta giroa itzaltzen doa, eta, dendek ez ezik, tabernek, jatetxeek eta gainontzeko negozioek pairatzen dituzte kalteak. Otxoa dendak 55 urtez eduki ditu ateak zabalik, eta herriko familien hainbat belaunaldi ezagutu dituzte. Gogorra izango da hango janariez gain dendariek ematen zuten goxotasuna bilatzen zuten bezeroentzako.

Silvia Mendibil urte luzez izan da dendako bezeroa, eta ixtera zihoazela jakiteak pena handia eman zion. Otxoa dendaren izpiritua jaso du egin berri duen dokumentalean. Otxoan izenburupean, Hondarribiko (Gipuzkoa) denda horrek herritarrei ekartzen zizkien onurak jaso, eta denda txikien etorkizunari buruzko hausnarketa sakona egin du. Gaur ETB1en ikusi ahal izango da Mendibilen lana, 21:00etan.

Bergararra jaiotzez, Hondarribian bizi da aspaldidanik Silvia Mendibil. «Desagertzen ari dira horrelako dendak eta dendekin batera erosteko modu hori. Otxoaren moduko denda txiki baten erretratua egin nahi nuen». Marina auzoko San Pedro kalean hartzen zituzten otxoatarrek bezeroak, hiru solairuko etxe baten behealdean. «Auzo horretan jende edadetua bizi da, eta etxetik jaitsi, eta behar zutena eros zezaketen arazorik gabe, betitik egin izan zuten moduan. Horrez gain, berotasuna ematen zion kaleari, produktuak han erakusten baitzituzten, eta horrek jendea erakartzen zuen». Denda txikien berezitasuna izan ohi da bezeroak ondo zaintzea, eta horretarako ezinbestekoa izaten da kalitatezko produktuak izatea. «Otxoakoentzat, kalitatea oso garrantzitsua izan da. Betidanik hobetsi dute produktu onak saltzea, eta horrela irabazi dituzte bezeroak. Gainera, Hondarribi inguruko baserriko produktuak saltzen zituzten, eta mikroekonomia bultzatzen zuten», azaldu du Mendibilek.

Etxean bezala

Kalitatea ez ezik, giza harremanek sekulako garrantzia dute herriko merkataritzan, eta horrela azaldu dute dokumentalean. Denda irekita egon den azken urtean grabatu dute, eta bezeroen eta jabeen arteko harreman berezia nabari daiteke dokumentalean. Kalitatezko produktuak erosteaz gain, bezeroek saltoki handietan izaten ez duten hurbileko ingurua topatzen zuten. Mendibilek azaldu duenez, psikologo lana ere egiten zuen Otxoa sendiak, jendeak konfiantza osoz euren arazoak kontatzen baitzizkieten.

Mendibilen ustetan, bizimodu aldaketak ekarri du denda txikien aldean saltoki handiak hobestea, erosotasunaren aitzakian. «Gero eta denbora gutxiago dugu, lanetik etxera eta etxetik lanera goaz, beti presaka». Dokumentala denda eta herri jakin bati buruz bada ere, gaia unibertsala dela aitortu du Mendibilek. «Hondarribian Otxoa dendarekin gertatu dena beste herri askotan ere gertatu da, eta beste jende askoren lana erakuts dezake».

Maria Jose Oronoz eta Miguel Otxoa dendaren jabeek ez zuten negozioa itxi bezerorik ez zutelako. Erretiroa hartu eta jarraipenik izan ez dutelako baizik. «Guk ez genuen gure semeak dendarekin jarraitzea nahi», aitortu dute. «Dendak gure semeei ikasketak ematea ahalbidetu digu, eta lana aurkitu dute horri esker. Oso gogorra da denda aurrera eramatea, ez dugu ez oporrik ez astebururik izan, eta ez genuen nahi gure semeek bide berbera jarrai zezaten. Gainera, eurek txikitatik ikusi dute zer eskatzen duen dendak, eta ez dute bertan lan egin nahi izan».

Saltoki handien eragina ez dutela asko nabaritu azaldu dute: «Fruta eta barazkietan kalitatea bilatzen duen jendeak ez du jotzen saltoki horietara. Herritik kanpo dauden saltoki handiek ez digute min handirik egiten. Hiriguneetan dauden supermerkatu erraldoiek min handiagoa egiten dute».

Denda txikien etorkizuna oso beltz ikusten dute senar-emazteek. «Hil egin dute, eta ezin izango dute berpiztu». Galeraren arrazoien atzean bizimodu aldaketak ere aipatu dituzte: «Oso sakrifikatua da dendariaren bizitza. Goizean goiz jaikitzen ginen fruta bila Nafarroara joateko. Bizitza asko aldatu da, eta egungo gazteriak ez du bizitza mota hori nahi».

Aitor Kerejeta Hondarribiko alkatea ez da iritzi berekoa. «Denda txikiak berriz ere bueltan datoz. Gu udaletxetik saiatu gara hondarribiarrekin hitz egiten lokal hau berriz ere hartzeko. Krisi garai honetan, asko daude lanik gabe, eta bitxia da inork ez hartu izana».

Udaletik denda txikiak indartzeko egitasmoak bultzatzen direla azaldu du alkateak: «Orain dela bi urte denda txikiekin euren egoerari buruzko hausnarketa bat egin genuen». Portu auzoko lanetan egingo diren kaleetan, erakusleihoen aurrean autoentzako aparkalekurik ez ipintzea erabaki zuten. Hurrengo legealdian denda berriak irekitzeko diru laguntzak prestatuko dituztela iragarri du Kerejetak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.