Ezarian. Lehortea

Graduak gora, uztak behera

Tenperatura altuek eta lehorteak markatu dute uda. Beroak uztetan eragin nabarmena izan du; orokorrean, txarrerako.

Monika Juaristi - Nora Arbelbide
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Euskal lurrak ikusgarriak dira bere edertasunarengatik, baita ematen duten aberastasun gastronomikoarengatik ere. Berdeak dira lurrak, eta ederrak bertatik sortutako uztak. Aurtengoa, ordea, ez da urterik onena izan. Beroak eta tenperatura altuek lur berdeak marroitu dituzte. Udazkena eta uda lehorrak izan dira, eta eragin nabarmenak izan dituzte uztetan.

Bizkaian, esaterako, azken hilabeteetan euri oso gutxi egin du. Urte asko ziren ez zela halako lehorterik izan, eta tenperaturak ere oso altuak izan dira. Araban antzeko egoera eman da. Tenperatura altuek eta eguzkiak fruta eta barazkiak erre dituzte. Bi lurraldeetan jasan dituzte tenperatura altuenak eta lehorte handiena. «Abuztua muturrekoa izan da», azpimarratu du Jose Antonio Aranda Euskalmet Agentziako arduradunak: «Bizkaian eta Araban, esaterako, hilabete guztian metro koadroko hamar litro erori dira gehienez; eta batzuetan, ezta bi ere. Hori eta ezer ez berdina da. Udan espero izaten diren prezipitazioen %20 inguruan dabiltza».

Gipuzkoako alde batzuetan euri gehiago egin du. «Jaizkibel inguruetan, esaterako, metro koadroko 60 litrora iritsi da. Baina gehienez ere, ohiko prezipitazioen %20 eta %50 bitartean dabiltza han ere».

Lurren itxuraldaketa eragin du horrek. «Sekulako basakeria da; gure lurrek Gaztelakoak dirudite. Nafarroakoa edo Arabakoa ohikoagoa da, baina harrigarria da Kantauri isurialdeko lurrak horren hori egotea».

Hala ere, «ez da horren kezkagarria», azpimarratu du Arandak. «1989koa eta 1990ekoa are lehorragoak izan ziren. Egoera gogorra da, batez ere, lurreko produktuetatik bizi den jendearentzat: uztak asko kaltetu direlako, eta animalientzat janaririk ez dagoelako».

Baikorragoak dira bertako produktuen elkarteetako kideak. Sagardoa, ardoa, txakolina eta piperraren ekoizleek gorabeherak jasan dituzte, baina, orokorrean, emaitza ona izango dela uste dute. Askoren salbazioa izan dira azken egunetako euriak. Larri zeuden uzta askok hobera egitea ekarri baitute, eta badirudi, azkenean, gure lurrek, beste behin, produktu ederrak emango dituztela.

Sagardoa

Sagarrondoentzat ondo hasi zen urtea. Udaberrian ondo egin zuten lan, eta sagar kantitate handiak eman zituzten. Udako lehorteak eta beroak, ordea, hankaz gora jarri dute aurretik egindako lana. Batetik, sagarrondoek sagar asko galtzea ekarri dute; eta bestetik, alea hazi ezinik ibiltzea. Unai Agirre Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak dioenez, «sagarra galtzea ez da txarrerako izan; alderantziz, sagarrik ahulenak botatzen baititu arbolak lehenengo».

Lehortea gehiago luzatu izan balitz, «uzta kaxkar baten aurrean egoteko arriskua zegoen», azaldu du Agirrek. Baina egoerak hobera egin du azken asteko euriei esker. «Beste itxura bat dute sagastiek. Euria egin eta tenperaturak freskatuta, sagarra ondo dator». Oraindik ale batzuk txikiak dira; baina «beste euri pixkat egiten badu eta bilketa atzeratzen bada, guztiz haziko da sagarra».

Kalitateari dagokionez, orokorrean kalitate oneko sagarra dago. «Sagar urte ederra izango da, bai Gipuzkoan eta bai Euskal Herri osoan ere». Kopuru aldetik ere ez da arazorik izango. «Zenbat sagar dagoen ikusita, 2012ko uztan Gipuzkoako sagarra izango da gehiena sagardotegietan. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko 50 sagardotegiek urtean 9-10 milioi litro sagardo egiten dituzte gutxi gorabehera, eta aurten %50etik gora Euskal Herriko sagarra izatea espero da».

Ardoa

Arabako mahastietan udak kalte nabarmenak izan dira eragin ditu: ez du mahatsa hazteko adina euririk egin, eta egun bakarrean bota zuen txingorrak kalteak areagotu egin zituen; konponbide gabeko kalteak eragin zituen eta. Ondorioz, kantitate aldetik, behintzat, beherakada nabarmena izango dute.

Zorte hobekoak izan dira nafarrak. Mahastien %53 ureztatu egiten dute, horrela uztaren egonkortasuna eta kalitatea bermatuz. Ureztatutakoen kasuan, uda lehorraren kalteak ez dira hain nabarmenak izan. «Ureztatu gabeko mahastien daturik ez dugu oraindik, baina orain egiten duen euria erabakigarria izango da», azaldu du Pilar Garcia-Granero Nafarroako Jatorri Izeneko lehendakariak.

Uztetan kalte nabarmenik ez eragin arren, horiek biltzeko garaia aurreratzea ekarri dute udazken eta uda bero eta lehorrek. Azken bi urteetan jaitsi egin da kopurua; bietan, lehortearen eraginez. «68 milioi kiloko uztak espero dira». Iazko datuekin alderatuta, %6 jaitsi da. Eta urte on orokor batekin alderatuz gero, hamar milioi kilo gutxiago bilduko dituzte, %11. Zenbait lekutan ez da uzta biltzeko garaia iritsi, eta «zaparradaren bat oso ondo etorriko litzateke, mahatsak pisua hartuta bere ziklo begetatiboa osatzeko».

«Kalitatea eta ezaugarriak ezagutzeko goizegi da», azaldu du lehendakariak. «Lehenik eta behin, ardoa elaboratu egin behar da. Baina mahastiak osasuntsu daude, ez dute gaitzik, eta hori ezinbestekoa da ardo ona eskuratzeko».

Orain, landa nahiz upategietako teknikariak mahatsa biltzeko une aproposaren zain daude. «Oso ondo jakiten dute zein den une egokiena, eta ondoren, ardoa egiteko orduan, urteko berezitasunetara doitzen dute alea», kontatu du lehendakariak. «Ez dut inongo zalantzarik: kontsumitzaileak asetuta sentituko dira uzta honetako ardo beltzarekin, gorriarekin, zuriarekin eta goxoarekin», gaineratu du.

Txakolina

Lehortea eta tenperatura altuak ez dira denen kalterako izan. Izan ere, Getariako mahatsondoek gustura hartu dute udako egoera klimatologikoa. «Uztailean eta abuztuan euririk ez egin izanak, mahatsak ongi irautea ekarri du. Uzta kalitatezkoa izango da aurten», azpimarratu du Ruth Mozo Getariako Txakolina Jatorri Izeneko idazkariak.

Kalitatea bermatu dute, baita kantitatea ere: «Udaberrian landareek fruitua ondo eman zuten, eta kantitate aldetik ez da arazorik egongo».

Euri faltak mahats bilketaren atzeratzea ekarri du. Ohi baino geroago egingo da, irailaren amaiera eta urriaren hasiera bitartean: «Oraindik beste bi edo hiru aste falta dira alea ondo prestatzeko, eta bildu arte gelditzen den denbora oso garrantzitsua da». Mahats aleak esku artean edukitzean ikusiko dituzte adituek aurtengo mahatsaren ezaugarriak.

Piperra

Ezpeletan, ur eskasagatik, aste batentzat piperren ureztatzeko baimen berezi bat eskatu zuten duela hamabost bat egun. Ezpeletako piperra babesten duen araudiak normalki ez baitu ureztatzerik baimentzen. Halere, biziki gutik aplikatu zuten baimena, ureztatzeak galdegiten duen antolaketa aski konplikatua baita, eta gastuak eragiten baititu.

Ramuntxo Lazkarai piper ekoizleak, adibidez, ez ditu ureztatu bere landak. Dena dela, gaurko egunean idortearen ondoriorik ez dutela jasaten dio: «Sortua zen fruitu berdea ongi gorritu da». Berantago agertuko da piperrik gabeko mementoa: «Idorte denbora horretan lili anitz erre dira, eta ez dute fruiturik egin. Eta fruitu tipiak ere, handitzeko ordez gorritu dira». Uzta biltzen hasi diren lehenak agorrilaren 10ean hasi dira, eta idortearen zuloa hemendik eta aste batera sentituko dutela pentsatzen du Lazkaraik. «Gero, anitz egiten dutenek, anitz piper hainbat landa leku tan dituzte, eta, orokorki, beti izanen dute pixka bat nonbait biltzeko. Baina landa bakarra dutenek, haiek, aste baten egunen buruan zulo bat izanen dute».

Idorteaz gain, onddo bat ere agertu zaie: «Onddoak maite du egunetik biharamunera 35 gradutatik 25era pasatzen delarik aroa, horretan garatzen da gehiago».

Kontsumitzaileen aldetik, prezioak igoko diren edo, hori aitzinetik ezin dela erran dio Lazkaraik. Izan ere, iazko uztatik gelditzen da oraino, «iazkoa ikaragarria izan baitzen. Pentsatzen dut iazko hondarrekin egiten ahalko dela eta ez dela piperra eskastuko».

Baina hori argiki jakiteko, ikustekoa da noiz eginen dituen lehen hormak. Lehen horma arte aritzen ahalko baitira biltzen: «Horma bat egiten badu urri erditsutan edo, orduan ez dugu gehiago fitsik biltzen ahal, eta orduan bai, eskastuko da. Aroak du manatuko».

Laborariek lehortearekin borrokan jarraitu beharko dute, Aranda Euskalmet Agentziako arduradunaren arabera, datozen egunetan tanta gutxi batzuk bota arren, ez baita euri zaparradarik aurreikusten; eta hori gutxi balitz bezala, termometroek altu jarraituko dutela iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.