Pobreziaren aurka 630.000 euro jarri ditu Bilboko Udalak

Aurtengo aurrekontua iazkoa baino %34 handiagoa da; 40.000 euro gorde dira pobrezia energetikoarentzat

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Hirugarren urtea da Bilboko Udalak Pobreziaren Aurka Borrokatzeko Plana egiten duela. 2014koaren berri eman zuen atzo: 630.000 euroko aurrekontua izango du, iazkoa baino %34 handiagoa. «Herritarren beharrizan larrienak betetzeko erabili nahi da laguntza», adierazi zuen Eduardo Maizek. Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza Saileko zinegotzia da Maiz. Lehen aldiz, pobrezia energetikoari aurre egiteko laguntza emango du Bilboko Udalak.

Bost dira atzo aurkeztutako planaren ekintza eremuak: etxebizitza, elikadura, gizarte laguntza, arropa eta pobrezia energetikoa. 40.000 euro jarriko dituzteazken horretarako. «Pobrezia egoerei lotutako energia gastu espezifikoak finantzatzeko ildo zehatza ezarri behar da, etxebizitzan otorduen prestaketaren bidez elikaduraren gabeziak zuzentzeko», azaldu du Maizek.

Iaz bezala, elikadura arazoei aurre egiteko, Bizkaiko Elikadura Bankua eta Caritas lagunduko ditu udalak. 100.000 eta 75.000 euro gorde ditu bi horientzat. Eta «ildo espezifiko berri bati» erantzunez, adingabeak dituzten familietan elikagaiak bermatzeko 100.000 euro erabiliko ditu.

Gizarte laguntzari dagokionean, hiru diru sail mota azaldu dituzte. Batetik, haurrak euren ardurapean dituzten emakumeak laguntzeko 20.000 euro emango dizkio Caritasi. Bestetik, kopuru bera emango dio Errekalde auzoan dagoen Bizitegi Elkarteari, etxebizitzarik gabeko pertsonentzako zentroari. Eta, azkenik, 22.000 euro jarriko ditu Exijentzia Gutxiko Aterpetxean ematen dituzten afarien zerbitzua indartzeko. Zerbitzu horretan gizarte hezitzaile bat jarri nahi dute diru sail berarekin.

Arropa beharrizanetarako 23.000 euro gorde ditu planean: «Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuetan arroparen eskaera kopurua nabarmen handitu baita», aitortu du Maizek. Halaber, etxebizitzen «eskuragarritasuna» handitzeko eta «mantentzea» sustatzeko, 185.000 euro erabiliko ditu udalak. Udal laguntza berezietarako aurrekontua handitu nahi dute diru kopuru horrekin.

Oraingoz, pobreziaren aurka aritzeko planak jasotzen dituen 630.000 euroetatik 45.000 erreserbatu ditu Gizarte Ekintza eta Etxebizitza Sailak. Maizek aurreratu du diru kopuru hori geroago emango dutela, «beharrizanen azterketan oinarrituta». Bestalde, adierazi du udalak plan horretara bideratutako baliabideak etorkizunean handitu egin daitezkeela, beharrik izanez gero.

Laguntza gehienak berdin

Atzo aurkeztutako planaren eta laguntza berezien planaren bidez, 15.000 familia lagundu nahi dituztela aitortu du Maizek. Ohiz kanpoko egoera larriei erantzuteko baliabideak ematen ditu azken horrek. Pobreziaren aurkako planaren aurrekontua iazkoa baino handiagoa bada ere, iazko diru kopuru bera jarriko du Udal Laguntza Berezietara eta Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako: 4.266.700 euroko aurrekontua biltzen dute azken bi horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.