Presoen ihesaldi eta ihes egiteko saioez liburu bat idatziko du Josu Martinezek

Tene Mujika saria irabazi du 'Presoaren betebeharra' izenburuko egitasmoarekin

Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2013ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Azken 50 urteetan euskal presoek edo Euskal Herriko kartzeletan izandakoek egindako ihesaldi etaihes egiteko saioen inguruko liburua onduko du Josu Martinezek (Bilbo, 1986), Tene Mujika sariari esker. Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko lehiaketan saritu dute Martinezen egitasmoa. Presoaren betebeharra izango du izenburu Martinezen liburuak, eta dena ondo bidean, 2014ko udaberrian argitaratuko dute. Henri Charierrek Pabillon eleberri autobiografikoan idatzitako esaldi batean du jatorria Martinezen lanaren izenburuak. «Preso ororen lehen betebeharra ihes egitea da», idatzi zuen Charierrek obra horretan. Irakurritakoan, memorian iltzatua geratu zitzaion esaldi hura Martinezi, ume bat besterik ez zen arren. Dioenez, presoak bere kemen eta irudimen guztia erabili behar du halako saialdi batean, eta «halakoek sinpatia bat-batekoa sortzen dute, abenturazko ekintza direlako, boterearen eskumakila itsusiena diren kartzelariak barregarri uzten dituztelako eta ekintzarik zailena ere posible dela erakusten dutelako».

Hamar istorio kontatuko ditu, protagonisten ahotik. Batzuetan iheslaria bera izango da kontalaria; bestetzuetan, kanpoko laguntzaileren bat edo biktima suertaturiko presozaina. Istorio batzuk arras ezagunak dira, hala nola Iñaki Pikabeak eta Joseba Sarrionandiak Imanolen bafle batean ezkutaturik Martutenetik alde egin zutenekoa, Segoviako ihesaldi sonatua... Joxeantonio eta Ismael Berasategi anaiek La Santen eginikoa ere azalduko du; bisitetako batean tokiak trukatu egin zituzten. Halaber, Paueko presondegitik irtendako Gabi Mouesca eta Maddi Hegiren istorioa jasoko du, Joxemari Sagardui Gatza-k eginiko saioarekin eta helikoptero bidez eskapatzeko izandako beste ahalegin batzuekin batera. Horretaz gain, preso arruntak eta politikoak elkartu zituen Basauriko ihesaz eta Eugen Beihl alemaniar kontsulak bere bahitzaileengandik libratzeko egindako saioaz idatziko du Martinezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.