Hizpideak

Biktimen premiak

Idurre Eskisabel Larrañaga.
2011ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Itxura batean, estrategia aldatu du Ratko Mladic-ek, Srebrenicako genozidioaren arduradun izatea leporatzen dioten buruzagi militarrak: Hagako auzitegira eraman zuten atzo berriro, baina aurreko bi agerraldietan baino apalago agertu zen —bigarrenean, epaimahaiak aretotik bidaltzeko adinako zalaparta sortu zuen—, eta osasunez makal dagoela adieraztea izan zen haren agerraldiaren ardatza. Mladicek minbizia izan zuen 2009an, eta estrategia izan daiteke osasun kaskarrari helduta epaiketa luzatzen eta luzatzen joatea, hau da, auzitegiak epaia eman dezan oztopatzea. Hori izan bide zen zigor epairik jaso gabe hil zen Slobodan Milosevic Serbiako presidente zenaren estrategia.

Srebrenicako sarraskiko biktimek, ordea, epaia behar dute; zigor epaia. Hala diote Mladicen agindupeko tropen esku senar, seme eta anaiak galdu zituzten Sehida Abduramanovic eta Kada Hotik Srebrenica eta Zepako Amen Elkarteko kideek. «Nire mina barka dezaket, baldin eta norbaitek egindakoa aitortzen badu eta damutzen bazaio», dio egunkari honetako orrietan Hoticek.

Srebrenican zortzi mila bosniar hil zituzten 1995eko uztailean indar serbiarrek: Bigarren Mundu Gerratik Europan izan den hilketa masiborik handiena egin zuten, orain dela 16 urte; atzo ia-ia. Eta, hala ere, barkamenaz mintzo dira, etsai itsuenekin berriz harremanetan bizitzeko aukeraz. Baina eragin zaien minaren aitortza behar dute horretarako, eta ebatsi zitzaizkien eskubideak osorik berreskuratzea.

Gurean ere,aldeak alde,biktima batzuen zein besteen premiak ez dira oso bestelakoak izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.