Lan osasunak BPGaren %0,02 jasotzea «ezdeusa» da ELArentzat

Osalani aurrekontua %15 jaitsi diola eta, Muñozek dio Jaurlaritzak lan osasunarekin duen konpromisoa «txikia» delaIaz 4.121 lan gaixotasun erregistratu ziren Hegoaldean, 2011n baino 546 gutxiago

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2013ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak lan osasunarekin duen konpromisoa «txikia» dela uste du Adofo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. «Krisi latz honen erdian lan osasunerako ematen den diru kopurua murriztuta, agerian uzten du jarrera hori». Osalan laneko segurtasun eta osasunerako euskal erakundeari aurrekontua %14,87 jaitsi dio Jaurlaritzak; azken hiru urteetan jaitsiera hori %40 izan da. Murrizketa horien ondorioz, lan osasunerako erabiltzen den dirua«ezdeusa» dela esan du Leire Txakartegi lan osasuneko arduradunaren esanetan. Hego Euskal Herrian BPGaren %0,02ra ez da iristen kopuru hori. «Lotsagarria da».

Eta egoerak okertzera egingo duen susmoa daukate sindikatuan. Espainiako Gobernua mutualitateen kudeaketari buruzko erreforma prestatzen ari da, eta bertan «patronalak historikoki egin izan dituen eskaerei erantzungo die», Muñozen arabera. Gaixotasun edo istripu arrunten ondorioz gaixoaldian egonez gero, mutualitateetako medikuek langileen txosten medikoak eskuratzeko aukera izango dute erreformarekin, eta langile horren osasun arazoa lan egiteko arazoa den edo ez erabakitzeko ahala ere izango dute. «Horrek langileen artean segurtasun falta areagotuko du», esan du Txakartegik.

Erregistroek, behera

Erreforma horrek laneko gaixotasunak erregistratzeko garaian eragina izan dezake, beraz. Hori gabe, ordea, gaixotasun gutxiago erregistratu ziren joan den urtean Hego Euskal Herrian. ELAk atzo aurkeztu zuen lan ezbeharren egoeraren 2012ko txostena, eta bertan bildu dituen datuen arabera, iaz 4.121 gaixotasun erregistratu zituzten Osalanek eta Nafarroako Osasun publikoaren eta lan osasunaren institutuak. 2011n baino 546 gutxiago.

«Aspaldi hasi ginen salatzen laneko gaixotasunen kasuan egiazki gertatzen direnak baino askoz ere gutxiago aitortzen direla», azaldu du Txakartegik. Izan ere, langileek ez dituzte laneko gaixotasunekin lotutako patologiak azaltzen, «lana galtzeko beldur direlako». Eta horren adibidetzat, amiantoaren eraginez sortutako gaixotasunen ondorioz Hego Euskal Herrian 2012an hil zen langile kopurua aipatu du: 29. «Ez daude erregistratuta inon», esan du.

Gaixotasunetik istripuetara salto eginez gero, iturri ofizialek erregistratu ez dituzten 19 heriotza kasu bildu ditu sindikatuak txostenenean. Iaz 66 heriotza zenbatu zituen ELAk, eta 47 iturri ofizialek. Edozein modutan, iaz 2011n baino pertsona gutxiago hil ziren lanean zeudela: ELAk 78 zenbatu zituen orduan. Baina jaitsiera hori ez dagokie hartzen diren neurriei, «jarduera ekonomikoaren gainbeherari» baizik. Hala, 2008az geroztik Hegoaldean 143.900 enplegu galdu direla gogorarazi du sindikatuak ikerketan. «Txosten ofizial guztiek diote lan ezbeharrek behera egin dutela, baina ez enpleguak izan duen galera izugarria», salatu du Txakartegik.

Mutualitateen «iruzurrak»

Salaketa horiek guztiak kalera aterako ditu sindikatuak. Igandean Laneko Osasun eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna izango da, eta ostegunean mobilizazioa egingo du ELAk Bilbon.

LABek ere lan istripuen aurkako aldarrikapenak eramango ditu kalera ostiralean, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan egingo dituen hainbat mobilizaziotan.Sindikatuak lan osasunean mutualitateek daukaten eginkizuna gaitzetsi du. «Mutualitateek, istripua ezkutatu nahian, istripua izan duten langileei, aldi baterako beste lanpostu bat emateko eskatzen diete enpresei. Laneko gaixotasunei dagokienez, egin diren kalkuluen arabera, patologia mota horiek eragindako eta mutualitateek ordaindu beharko luketen osasun gastu zuzenen %18 baino gehiago bere gain hartzen du osasun sistema publikoak», esan du LABek ohar batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.