Espero zirenak, aurrera

Lemoak eta Uhartek BERRIA Txapelketako final-laurdenetara pasatu dira, Hernaniri eta Iparralderi irabazita

Goian, Lemoako taldea, eta, behean, Uhartekoa. ANDONI CANELLADA / ARP.
2013ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Lemoak (Bizkaia) eta Uhartek (Nafarroa) BERRIA Txapelketako final-laurdenetan sartzea lortu zuten joan den astean, Hernani (Gipuzkoa) eta Iparralde (Ipar Euskal Herria) kanporatuz. Final-laurdenetan elkarren aurka ariko dira, ekainaren 2an, Hernanin (Gipuzkoa).

Hernani 1. Lemoa 2

KADETEAK

Cisneros-Rodriguez 11

Gisasola-Etxebarria 22

GAZTEAK

E. Altuna-J.Altuna 3

Mendia-Lejarreta 22

NAGUSIAK

Ojuel-Aizpitarte 22

Arrese-Galarza 16

Kadete mailan, Bizkaiko bikotea nagusitu zen, eta, emaitzak kontrakoa islatu arren, gogotik egin behar izan zuten lan. Ia ordubete iraun zuen partidak, eta piloteo luzeak ikusi ziren. Gisasolak eta Etxebarriak bikote sendoa osatzen dutela erakutsi zuten.

Gazteen mailan, Altuna anaiek kanporaketa berdintzeko aukera zuten. Etxean jokatzen zuten, eta garaipena ezinbestekoa zuten; urduritasunaren morroi izan ziren, ordea. Mendia eta Lejarreta eroso ibili ziren, eta ordu erdirako amaitu zituzten lanak. Sobera zegoen azken partida. Halere, lau pilotariak gogotik lehiatu ziren. Etxekoek ez zuten garaipenik gabeko agurrik nahi. Ojuelek ongi erakutsi zuen, hamabost tanto eginda.

Uharte 2. Iparralde 1

KADETEAK

Laso-Martija 22

R.Mendi-Etxegarai 1

GAZTEAK

Larunbe-Sarasa 21

Alkasena-X.Mendi 22

NAGUSIAK

Yoldi-Tabar 22

A.Mendi-Iturbe 13

Kadete mailan, Uhartek ez zuen aurkaririk izan. Lasok eta Martijak hamabost minutu pasatxo behar izan zituzten Iparraldeko bikoteari irabazteko. Iparraldek, ordea, ez zuen amore eman. Hala, kanporaketa berdintzea lortu zuten gazteen mailan, eta lehia oso estua izan zen. Ipar Euskal Herriko bikoteak partida borobila egin zuen, eta Alkasenak zabalean egindako dejadak erabaki zuen partida.

Hirugarren partidak zuen erantzuna. Parekotasunak, ordea, lan erdira arte iraun zuen. Hortik aurrera, Yoldi-Tabar bikotea nagusi izan zen, eta final-laurdenetara pasatzea lortu zuten.

Txapelketako lehen kanporaketak igandean amaituko dira. Zazpi Iturri eta Oiarpe ariko dira Zestoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.