Geroa Bai, denekin hitz egiteko prest, PSNrekin ere bai

UPNren agintepeko egoera «larria» dela salatu dute, eta PSNri «anbiguotasunez» jokatzea egotzi diote

K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2013ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Manu Aierdik, Geroa Baiko parlamentariak, adierazi du koalizioa gainontzeko alderdi guztiekin harremanetan jarriko dela UPN gobernutik kentzeko. Bide horretatik, PSNren jarrerarengatik arduratuta daudela adierazi du, eta alderdi sozialista «anbiguotzat» jo du: «Egun batean A esaten du, eta hurrengoan, B». PSNren jarrera kritikatu arren, Manu Aierdik oroitarazi du aldaketa lortze bidean bere babesa «ezinbestekoa» izango dela.

Aierdiren ustetan, Nafarroa egoera «larrian» dago, eta «guztiz kaltegarria» da herritarrentzat. «Ez dakigu zenbat iraun dezakeen egoera honek», salatu du. Hala, gogorarazi du oposizioak —PPk salbu— UPNri hauteskundeak aurreratzeko eskatu diola, baina hark entzungor egin diola gainontzekoen eskariari.

Ekonomiari dagokionez, ezkor azaldu da Geroa Baiko parlamentaria. Haren ustez, Nafarroako ekonomiak «ikaragarri» egin du behera; horren lekuko gisa aipatu du aurtengo maiatzean zerga bilketa %20 jaitsi izana, aurreko urteko sasoi bereko datuekin alderatuta. Azken hilabeteetan langabeziak behera egin duen arren,51.000 langabe egotea «eskandaluzkoa» dela nabarmendu du.

Bide beretik, Nafarroako Kutxaren auzia ekarri du gogora. «Nafarrek gai horri buruzko informazioa merezi dute», azaldu du, eta 2009tik Caixabankek iaz erosi bitarteko epean Nafarroako Kutxak mila milioi euroko ondare galera jaso izana gaitzetsi du. Horregatik, gertatutakoa aztertzeko ikerketa batzorde bat sortzea proposatu du Geroa Baik, oposizioko beste alderdien antzera.

Patxi Leuza Geroa Baiko parlamentariak ere Nafarroako Gobernuko zuzendaritzaren jarrera salatu du. Yolanda Barcina presidenteari eta Marta Vera Osasun kontseilariari dimititzeko eskatu die: «Dimititu beharko luketenek ez dute oraindik dimititu». «Presidenteak kargua uztea da ikusten dugun aukera bakarra», esan du. Osasun Departamenduaren inguruan, zerbitzu publikoari etekin ekonomikoa atera nahi izatea leporatu dio UPNri.

Bestalde, gizarteratze errentari buruz, Leuzak ziurtatu du gainontzeko taldeekin bilduko dela Geroa Bai, krisiaren ondorioz «gehien sufritzen ari diren pertsonak» laguntzeko. Parlamentuan gizarteratze errentaren aldeko «lan handia» egitea espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.