Komunikabideak izango ditu ardatz aurten Iparra Hegoa ekimenak

Mahai-ingurua, hitzaldiak, bertso afaria eta beste egingo dira martxoaren 21etik 27ra Seguran

Lierni Elortza, Gerard Urrutia, Jaione Telleria eta Beñat Elizondo Iparra Hegoako antolatzaileak. IPARRA HEGOA.
Nagore Rodriguez.
2011ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Lapurdiko Gure Irratiak 30 urte betetzen dituela baliatuta, Iparra Hegoa ekimena Euskal Herriko komunikabideei begira jarriko da aurten. Martxoaren 21etik 27ra hainbat ekitaldi prestatu dituzte Seguran (Gipuzkoa) «Euskal Herri osoko kultura, hizkuntza arazoak, ondasunak eta ohiturak ezagutzeko», antolatzaileek diotenez.

Hamaseigarren aldia du aurtengoa Iparra Hegoak. «Oraindik indartzen ari den ekimena da. Sortzea ederra bada, irautea askoz ederragoa da. Eta oraindik iparraldeko eta hegoaldekoen arteko harremanak indartzen ari dira. Elkar ezagutzeko helburuarekin sortu zen ekimena, eta elkar ezagutzen eta ulertzen ari gara», dio Beñat Elizondo Iparra Hegoako antolatzaileetako batek.

Urte hauetan guztietan hainbat gai landu dituzte jardunaldietan: zazpi lurraldeak izan ziren lehenengo; eta ondoren, itsasoa, lurra eta diaspora izan zituzten aipagai, besteak beste. Komunikabideei jarriko diete arreta aurten, eta horretarako hiru egunetan hitzaldiak antolatu dituzte.

Lehen hitzaldia —hilaren 21ean—Eneko Bidegainek eta Aitor Zuberogoitiak eskainiko dute. XIX. mendetik honako euskal komunikabideen historiaz ariko da Bidegain; Prentsa elebiduna edo prentsa abertzalea eta euskararen presentzia izenburupean emango du hitzaldia, berriz, Zuberogoitiak.

Paperezko prentsaren etorkizuna eta sare sozialetan euskarak duen tokia aztergai izango dute astearteko mahai-inguruan; horretarako, Radio Kulturako Mikel Etxeberria, Kanaldudeko Pantxika Maitia, Luis Fernandez blogari eta kazetaria eta BERRIA-ko zuzendari Martxelo Otamendi gonbidatu dituzte.

Komunikabideekin lotutako azken hitzaldia hilaren 23an izango da, prentsa independente eta librerik ba ote den aztertuko dute Gaizka Arangurenek, Gure Irratiko kazetari ohi Luzien Etxezaharretak, Argia-ko zuzendari Xabier Letonak eta Gara-ko zuzendari Iñaki Sotok. Hitzaldi guztiak 19:30ean izango dira Segurako Kultur Etxean.

«Hitzaldiez gainera, ostiraleko haurren eguna ere inportantea da», dio Elizondok. Angelu eta Hiriburuko 50 gaztetxo joango dira aurten Segurara. Haurrentzako ekitaldiak izango dira egunean zehar, eta gauean Lapurdiko Xutik, Kataluniako La Troba Kun Fu eta Bergarako Emon taldeek kontzertua eskainiko dute.

Igandea, egun handia

Egun nagusia, hala ere, igandea izango da. Iparraldeko 150-200 lagun inguru joango dira Segurara, tartean, Hazparneko joaldunak, Baigorriko gaiteroak, Hendaiako Akelarre dantza taldea...

Ordubietan egingo dute ekitaldi nagusia, Euskal Herriko herrialdeen arteko lotura sinbolizatzen duen gereziondoaren bueltan bilduko dira. Bertan izango dira baita ere aurtengo gonbidatu bereziak: Luzien Etxezaharreta eta Jojo Bidart, Gure Irratiaeta Irulegiko Irratiko sortzaileak.

Ekitaldi horiez gain, izango da besterik aste osoan Seguran. Ostegunean, hilaren 24an, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusekin bertso poteoa eta afaria egingo dute.

Aurretik, martxoaren 12an, Euskal Herriko mus txapelketako finala jokatuko da Urruñan (Lapurdi). Egun berean, Zerainen (Gipuzkoa), 1609an Lapurdin gertatutako inkisizio auziei buruzko Iduzkilore antzerki emanaldia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.