Ezarian. Euskal antzerkia

20 urteko soka

Donibane Garaziko lizeo publikoko euskal antzerki tailerrak 20 urte bete ditu aurten. Antton Lukuk 30 antzerki ditu onduak 200dik gora ikaslerekin, eta ez da fini. 'Harresia' obra heldu den astean emanen dute Izpuran, 21:00etan.

Piarres Larzabalen Infernuko dirua taularatu zuten duela bi urte, Antton Lukuk birmoldaturik. ERIC TAILLEFER.
Nora Arbelbide Lete.
2014ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Euskara hutsean, bai taula gainean, bai errepiketan, lizeo publiko batean, Donibane Garazin. Antzerkilariak 15 eta 18 urte artekoak, eta Antton Luku idazle, ikerlari eta irakaslea taula zuzendari. Zenbaitzuk lagundurik; tartean, Annie Jauregibehere irakaslea. 20 urte bete ditu aurten Donibane Garaziko lizeo publikoko euskal antzerki tailerrak. 30 antzerki egin dituzte urteotan. Kalkulatzen bada urtean hamar bat ikasle berri hasten direla tailerrean, orotara 200 bat ikasle dira pasatu hortik. Pentsa denak elkartuak plaza berean. Anitz ala guti ote? Nondik eta zeri begiratzen zaion. Ikasle ohiak elkarrizketatzean, argi gelditzen da orduko oroitzapenak zizelkatuak dituztela. Zerbait pasatu da hor. Afera ez baita izaten «pieza eman eta fini», Eñaut Zaldunbideren hitzetan. Ur, 1512 eta Libertimendukoan parte hartu du Zaldunbidek, eta orain erizaintza ikasten ari da Baionan.

Taldea. Elkarren ezagutzeko, norberak bere buruarekiko zein besteekiko konfiantza lantzeko egiten dituzten ariketak, ondotik inprobisazioak, eta gero errepikak. Eszenak bereganatu arte. Harresia antzerkia egingo dute orain. Heldu den ostegun eta ostiralean, Izpurako Fauxtin Bentaberrin, 21:00etan. Aitzineko urteetan bezala, pentsa daiteke aretoa beteko dela, eta ez gurasoz bakarrik. Eta publikoaren aitzinekoa erreusitzeko, beren arteko harremanetik harreman berezia sortzen da, denborarekin gelditzen dena. Orduko lagunekin beste harreman bat eraikia duela dio Zaldunbidek, antzerkian aritu direnen artean. «Ez gara lagunak besteekin lagunak garen bezala».

Orenetan moldatua. Asteazken arratsalde, larunbat eta batzuetan astearte arratsaldetan ere. Lana dela baieztatu dute batek baino gehiagok. Baina «plazera» ere bai, Samuel Bizkaik azaldu duenez. Eroak, Globokop eta lehen Libertimenduko aktore izana da. Orain diru kontu-egile da Basusarriko (Lapurdi) enpresa batean. Asteazken arratsaldeko antzerkiaren tenorea noiz iritsiko zain egoten zen lehen. Egun horretan iratzartzeko arrazoi nagusia zen.

Publikoan erakutsi behar horrek sortzen duen exijentzia joko bilakatua. Lanak ordaina ere ekartzen duela argi dute gehienek. Horien artean dago Mirentxu Bizkaitxipi arrosatarra. Ezkonduko ditugu? lehen antzerkian parte hartu zuen. Eta ondotik Manuela eta Gerezitzea-n. Eta Manuela-n preseski, Argentinako euskal diasporaren alde iluna taularatzen zuen antzerkian, gogoan du zailtasun berezi bat. Gautxo bat zen antzerki hartan Bizkaitxipi: «Gauza batzuk gaindiezinak bezala ikusten nituen. Baina taldeak batasun bat lortzen duelarik, barne gatazka gainditzen laguntzen du horrek». Soak ditu gogoan. So bortitz haiek, lurrera bota beharreko tuak eta. Gorputz hizkuntza hori. «Bortizkeria behar zen adierazi, fisikoki. Eni ez zitzaidan batere hurbil». Baina, gero, lortu. Eta atzerapenarekin, zailtasun hori gainditzearekin berarekin zinez ikasi du zerbait. «Liburuetarik at. Ez ginen azalean egoten. Eta jendeen, publikoaren ihardukipenak lekuko, zerbait pasarazi genuela ageri zen».

Eta adinari begira, badu horrek zerbait berezi. Amaia Etxandi anhauztarraren ustez, nerabetasuna dela eta. «Fisikoki eta, ez gara denak biziki gustuan, eta taula gainean izateak ekartzen dizuna biziki azkarra da. Anitz ikasten duzu ere, Anttonek transmititzeko gaitasun horrekin». Etxandik Doktor Novartis, Odisea eta Alboblai etnologoa Yuyumbeen herrian antzerkietan parte hartu zuen. Geroztik segitu du Hiru Punttu taldean, baita Battitta Lauttittan ere. Andereño da Donapaleun (Nafarroa Beherea).

Bizkaitxipik gogoan ditu baita taula gainetik at biziak. Errepikez haratago hor ere, mundu baten ezagutzeko aukera ematen ziola antzerkiak. Hainbat antzerki ikusirik, dela Baionan dela Parisen. Gero, arazo administratiboengatik gelditu ziren Pariskoak, baina ez Baionakoak. Bizkaitxipi oroitzen da, alta, nola geratu zen Peter Brook eta Ariane Mnouchkinen lan bana ikusirik. Orduan ez zela ohartzen garrantziaz. Gero ohartu zela.

Gazte baina ez gazteegi

Gazte izanik ere, gai direla. Hori ere gazteek sentitu dute. Funtsean, ikasleek berek eskaturik hasi zuen euskal antzerki tailerra Lukuk. Amaia Airek gogoan du nola eskatu zioten euskarazko klase batean. Euskarazko irakaslea baita berez Luku lizeoan. Bigarrenean zen Aire bera eta bere inguruan talde bat, «euskaraz bizitzeko» gogoarekin zirenak. Euskara etxean mintzo batzuk, kasik galdua zuten besteak euskara, baina berreskuratu nahian zebiltzan: «Giro goxoa genuen, eta motibatuak ginen». Frantsesezko antzerki tailerra bazen garaian. Eta Luku bera jarri zen antzerki hori zuzentzen orduko frantsesezko irakaslea eriturik. Frantsesez, beraz. Baina ikasleek argi zuten: Lukuk euskal antzerki tailerra zuen zuzendu behar. Eta irakasle gisa «biziki maite» zuten hari, «espontaneoki» egin zioten galdera, klase ordu batean. Hauek prest zirela. Eta Lukuk onartu. Geroztik ez da eten soka. Urtero urte hastapenean ikasle multzo bat agertzen da, prest, antzerkia egiteko. Hainbestetaraino non urtean bi egiten hasi baitziren duela kasik hamar urte. Eta duela bederatzi urte Libertimendua.

«Poliki-poliki proiektuaren muntatzera eramaten du Anttonek. Inprobisazioek antzerki baten ideian sartuz», eta hori arrunt inportanta egin zitzaion Karine Etxeberri urepeldarrari. «Gazte izanez ere ikustea nola parte hartzen ahal genuen proiektu, obra baten muntatzean». Larzabal mugaz muga eta Libertimendua-n parte hartu zuen. Orain Zientzia Politikak ikasten ari da, aurten Madrilen. Eta proiektua muntatzen segitu du, hain zuzen, Aldudeko ibarrean, beste herritar batzuekin, gehienek tailerrean ezagutuak.

Beste ikasle ohi andana batek ere segitu du. Dela herriko inauterietako zanpantzarren auzietan, edo bestalde ere, antzerkiak ematen, idazten edo besterik.«Euskalgintzari ekarpen ttipi bat egiten gure heinean, sinpleki», dio Bizkaitxipik. Lukuren ibilbidea bera du adibide: «Euskaldun berri bat da dela, ikustea ere zer ibilbide egin zuen. Euskara maila horren lortzeko, aberasteko. Errespetua zor diogu, eta, gainera, eredu bat izan daiteke».

Baina biziak egiten du ere lizeoko urte haietako lagunak gero, geografikoki urruntzen direla. Bizkaik eta bere lagun taldeak, adibidez, Zirtzilak muntatu zuen. Libertimendu hartan dastatu zuten zirtzilek duten tabuen inarroste ahal hori, «hurbiltasun» hark, «plazako» joko hark erabat erakarririk. Hiru Puntturen Fauxto-n parte hartu zuen taldeak, eta beren antzerki bat ere muntatu. Baina orain taldea lo dago. Guztiak eskuin eta ezker lan egiten, batu ezinak.

Bien bitartean, zerbait ez bada eten, euskararekiko duten harremana da. Airek hasiera haietan bezala jarraitzen du. Bizkaik berak antzerkia egin nahia zuen Donibane Garaziko lizeora joateko arrazoia, eta euskara arrunt ez galtzeko bidea ere ireki dio horrek. Ezin zitekeen erdarazkoa izan: «Hain da gauza pertsonala... Nik euskaraz baizik ez nuen ikusten. Denbora berean goxo zen hori, arrunt euskarazko eremua baitzen. Eta naturalki egiten zen euskaraz», laburbildu du Etxeberrik. «Garaian ez nintzen arras euskalduna», gogoratu da Etxandi. «Anttonek ulertarazten dizu euskaltasun hori, euskara hori zure baitan dela». Antzerkia euskal kurtsoetatik ezin bereizia ikusten du Etxandik. Zaldunbidek ere berdin. Eta bi hauekin, euskal kulturarekiko harremana arrunt aldatu zaiola dio. «Ezagutzen ez genituen gauzak kontatuz. Nondik heldu garen. Azkenean, nor garen jakin dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.