Hiri hondakinen kudeaketa. Iñaki Errazkin. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatua

«%70etik behera birziklatzen duten bilketa sistemak ez dira balekoak»

Hondakinak gisa iraunkorrago batean kudeatzeko Bilduk Gipuzkoan abian duen bideak ondorio agerikoak utziko dituela dio Errazkinek: «aztarna» laga nahi dute, atzera egin ezinekoa.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
Donostia
2014ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Iñaki Errazkinek (Azpeitia, 1975) uste du talde politikoen «borondatearen» esku dagoela, hein handi batean, Gipuzkoan hondakinen kudeaketaren inguruan sortutako eztabaida gaiztotuari zornea erauzi, eta kudeaketaren inguruko eztabaida sakonagoei leku egiteko giltza.

2015 amaierarako zabortegi denak ixteko asmoa agerian utzi duzue. Hondakindegiak dituzten herrietako udal agintariak —Zarautz, Azpeitia eta Beasain— pozik hartu dute erabakia, baina «zuhurtziaz». Bada ezkonfiantza osoa izateko ziorik?

Beraien aldetik zuhurtziaz hartzea oso logikoa iruditzen zait. Hasiera batean hiru zabortegi horiek 2009an ixtea zen asmoa, eta behin baino gehiagotan eman dira datak, beraz zuhurtziaz hartzea ulertzekoa da. Guk egin duguna proposamen bat da; guk proposatutako azpiegiturak egiten badira, zein epetan itxi ahal izango ditugun hondakindegiak. Hor, zenbat eta adostasun handiagoa lortu horren inguruan, hobeto. Baina denon esku dago, eta horretan saiatuko gara hilabeteotan.

Oposizioa ez duzue erakarri; zuen planaren aurka da. «Denbora» behar duela diozu. Denbora kontua da? Eta, bestetik: ba al da denborarik?

Behin errauste plantaren hautua albora utzita —hori izan da hondakinen inguruko eztabaida katramilatu duena— , proposatzen ditugun azpiegiturak bere garaian PSE-EEk ere proposatu zituen, eta gaur egungo plangintzan ere indarrean daude; ez dute berez polemika edo kontrakotasun handirik sortzen, baina errauste planta falta da, eta hori barneratzeko denbora beharko dute. Ulertzekoa da, neurri bateraino. Denbora badago, hein batean proposatutako azpiegiturak Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak martxan jarri behar dituelako, eta bertan Bilduk duelako gehiengoa; beraz, azpiegitura horiek eginez joateko aukera badugu, nahiz eta akordio politikoguztizko bat ez lortu. Gure eskema litzateke eginez goazen neurrian, ahalik eta adostasun handiena lortuz joatea. Betiere, kontuan izanda, adostasun handiena abiapuntuan dagoela, azpiegituratan baino gehiago. Eta abiapuntua da birziklatzea borondatezko gauza bat zena herritarren betebehar bihurtzea; hor dago, gure ustez, gizarte modura alderdi politikoek, eragile sozialek eta herritarrek daukagun erronka.

Beraz, plangintza betetzeko moduan ikusten bazarete, berez eragozpenik ez dago hitza bete eta hondakindegiak 2015ean ixteko, ezta?

Hor arriskuak egon daitezke helegite judizialetan edo antzekoetan sartzen badira. Guk esaten duguna da kontsortzioan konpromiso horiek aurrera eramaten saiatuko garela; aukerak baditugu, eta prozesu hori martxan jarriko dugu. Luzera begira, proposamenak bide luzea duela iruditzen zaigu: gainerakoek onartzeko modukoa da, eta malgutasuna eskaintzen du, gainera. Ez dago azpiegitura handi bat geroa hipotekatzen duenik; hori du ona planak.

Planean diozue Zubietan hondakinak tratatzeko jarriko duzuen plantatik 65.000 tona hondakin bizigabe aterako direla. Ezinbestean, nonbait gorde beharko dira; harrobiren batean sartzea aztertzen ari zaretela esan izan duzue. Non egongo da?

Hondatuta dagoen espazio naturalen bat lehengoratzea da asmoa; harrobien adibidea jarri dugu harrobi asko daudelako Gipuzkoan dagoeneko ez direnak ustiatzen, eta beren egoera naturalera itzuli gabe utziak. Aldundia lan tekniko bat egiten ari da eremu egokienak zein izan daitezkeen aztertu, eta datozen hiletan proposamen bat aurkezteko.

Ezin da deus ere aurreratu oraindik?

Ez. Oraingoz, arkitektura ekipo bat ari da lan tekniko hori egiten.

Era horretako gordetegiren baten adibiderik ba al da inguruan?

Inguruan ez. Austrian-eta badira. Badugu asmoa, hau zehaztuz doan neurrian, erakusteko zer material klase gordetzen den; lur beltzaren edo konpostaren antzeko materia bat litzateke, baina material desegoki asko dituena —metalak, plastikoak eta horrelakoak— eta, beraz, nekazaritzarako balio ez duena. Baina egonkortutako materia bat da, xehe-xehe egindakoa, eta gordetzeko lekuak horretarako beharrezkoak diren baldintzak izango ditu.

Atez atekoak bost urte beteko ditu Usurbilen. Zein da zuen gogoeta?

Egindako pauso horrek irudikatu zuen, proiektu baten kontra egoteaz gain, alternatiba bat eraikitzea ere gure esku zegoela.

Eta asko aurreratu da ordutik...

Langa ja Gipuzkoan %70ean jarri da; hortik beherako birziklatze helburuak dituzten sistemak baztertzera egin da. Orain dela bost urte ez sinestekoa izango zen hori. Polemikak izan ditugu, baina gaiaren inguruko aurrerapausoa handia da. Zoriontzekoa.

Gaikako bilketarako atez atekoa da sistema egokiena? Ez da besterik? Zer diozue eredu mistoei buruz?

Helburuak jarri behar dira argi; betebeharrak. Gero herri bakoitzak erabakiko ditu bilketarako zehaztasunak. Baina, hori bai, iruzurrik egin gabe:ondo dago dibertsifikatzea, baina %70etik behera birziklatzen duten bilketa sistemak ez dira balekoak.

Atez atekoaren aurkako mezuak eta kexuak alderdikeriaz sustatutako eztabaiden emaitza izan dira, edo ez da asmatu bilketa eredu horren aldeko mezuak ondo helarazten?

Bi gauzak nahastu direla uste dut. Horrelako aldaketetan, gauza berri bat egitean, pedagogia, heziketa, elkarrizketa eta probatzen joatea oso garrantzitsuak izaten dira. Baina aukera handirik ere ez dugu izan horretarako: oso erraza da horren inguruko beldurra zabaltzea, eta hori hautatu dute hainbat talde politikok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.