Kirola. Nafarroa Arenako pilotalekua

Gutizia berandu dator

Iruñeko pilotaleku berria itxura hartzen ari da, baina Nafarroako kirol agintariek ez dakite zehazki noiz bukatuko diren lanak. Pilota enpresak eta federazioa ere zain daude.

Nafarroa Arena eraikinaren kanpoaldeko itxura. Eskuineko zatia da pilotalekua, estalki metalikoduna. Sadar futbol estadioaren alboan dago. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2013ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Berandu dator, oso berandu. Lehen oihartzunak urrun gelditu dira. 2009ko urte hasiera zen, eta Bilboko pilotalekuari itzala egingo zion ezkerpareta eraikitzen hasi ziren Iruñean. Nafarroako Erresuma eraikinean egongo zen, 58 milioi euroko aurrekontua izango zuen, eta 2011rako bukatuko zuten. Urteekin, polemikak lanak irentsi ditu: diru xahutzea, lanen zein aurrekontuetako diru sailen atzerapenak, lana geldirik egondako epeak, 12.000 ikuslerentzako pabiloia erabiltzeko talderik ez egotea... Pilotalekua da kirol azpiegitura berpizteko itxaropen ia bakarra, baina hori ere berandu dator. «Urtarrilean lizitazio bat atera nahiko nuke, komun, aldagelak eta halakoak hornitzeko. Segurtasun hesi eta afixak ere falta dira. Berez, horrekin eta kirol materiala erosteko aginduarekin bukatu beharko litzateke, eta lanen amaiera agiriarekin», azaldu du Prudencio Indurainek, Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko presidenteak.

Pilota txapelketa bakoitza aurkezten den aldira hauspotzen da Iruñeko pilotalekuaren gaia. «Finala Iruñean jokatu ahal izango da?» izan ohi da galdera, eta enpresek ez dute erantzunik izaten. Okerrena da erakunde publikoek ere ez dutela argitzen. «Egia esan, ezin dut eperik eman, 'hilabete batzuk' esan diezazuket orain, eta gero, gaiak indarra hartzen badu, aurrera daiteke. Pentsa, Iruñeko Udaleko teknikariak oraindik ez dira etorri lanei legezko oniritzia ematera. Lizitazio hori atera badezaket, urtebete izango dut funtzionamenduan pentsatzeko». Baldintza aditzak darabiltza Indurainek, aurrekonturik izango duen ere ez dakielako. Bere garaian, 2012ko lanetarako aurrekontutik hamar milioi euro «atzeratu» zizkion Nafarroako Gobernuak. 2011ko urrian eman zuen erabaki horren berri Elena Torres Nafarroako Gizarte Politikarako kontseilari ohiak, eta prentsaurreko berean aurreratu zuen lanak 2012an bukatuko zirela.

Torres ez da izan bakarra epeekin igarle lanetan aritu dena; iazko azaroan, Carmelo Fernandez Militino pabiloiko arkitektoetako bat Nafarroako legebiltzarkideen aurrean izan zen, eta esan zuen lanak «2013ko lehen sei hilabeteetan» bukatuko zirela. Baina berriz ere kale. «Nik uste dut 2014an ez dutela bukatuko; agian, lau t'erdiko finalerako, abendurako. Nik uste dut aurrekontua dela arazoa, Nafarroako Gobernuko aurrekontuak luzatzen ari dira, eta hala zaila da lanak bizkortzea. Guri, esaterako, iaz, ekainean ordaindu ziguten», azaldu du Montxo Iriartek, Nafarroako Pilota Federazioko presidenteak.

Lanek ahots kritiko asko sorrarazi dituzte, baina Iriarte ez da horietako bat. «Niri egitasmoa albiste oso ona iruditzen zait. Nafarroako pilotazalea kexu zen esku-huskako final handirik ez zelako jokatzen Nafarroan, are gehiago orain ia pilotari handi guztiak nafarrak direnean». Halere, pilotalekuari bizia ematen arduradunak enpresak izango dira, eta euren ahotsa Rafa Etxeberria da, Asegarceko antolakuntza arduraduna. Burlatakoa (Nafarroa) da jaiotzez Etxeberria, eta gutxik bezala ezagutzen du Iruñerriko pilota profesionala. «Bere garaian bisitatu genuen pilotalekua, baina guk ez dugu Nafarroako Gobernuaren deirik jaso. Badirudi ahalik eta beranduen irekitzea interesatzen zaiela. Baina, tira, ondo pentsatu beharreko erabakia izango da hori, horrelako azpiegitura bat irekita mantentzeak ere berezko kostua izango baitu».

Kantxa eta harmailak, prest

Pilotalekua ondo itxuratuta dago dagoeneko. Xehetasun garrantzitsua da ezkerpareta margotuta dagoela, baita lurreko eta paretako marrak ere. Berdea izango da, lurra grisa, eta frontisa margotzeko dago. Harmailak ere prest daude, eta hori aurrerapauso handia da lanetan. Kantxakoa bakarra da, erraldoia, lur azpian ezkutatzen da, eta mekanismo bati esker ordu erdian erabat zabal daiteke. «Gaur egun, pilota jokoa bertan gara daiteke. Erreboteko horma eta markagailua faltako lirateke, horiek kirol materiala lizitatzean lortuko ditugu, baina pilotan joka daiteke. Agian enpresekin hitz egiten hasteko unea izan daiteke, baina lanak erabat bukatuta egon arte ez dut azpiegitura erakutsi nahi. Lan asko falta da oraindik, badago zer egina: segurtasun seinaleak, kafetegiak... Lehen esan dudan bezala, urtebete izango dut gauzak lotzeko».

Pilotaleku bat eraikitzea ez da erraza, kantxaren ezaugarriak zaindu beharreko xehetasuna direlako. Ez du edozein zoruk edo frontisik balio. Indurainek dioenez, baina, alde horretatik ez da arazorik egongo: «Pilotari batzuek esan dute probatzeko asmoa dutela. Nafarroako Federazioko ordezkari batzuk ere egon ziren, hasiera batean». Halere, federazioak dioenez, inor ez da joan kantxa probatzera. Epaileak-eta bidali dituzte neurriak ikustera, eta «txaparen hotsa» egokia zen edo ez proba bat egin zuten. Hala ere, Iriartek nabarmendu duenez, laneko arduradunek euren iritzia galdetu izan dute. «Xehetasun txikiak izan dira, aholkuak. Adibidez, frontisaren gainetik sare bat jartzeko aukera aipatu genien». Luzerari dagokionez, federazioak ez daki 36 edo 38 metrokoa izango den. «Errebote mugikorra jartzea aztertzen ari ziren, kristalezkoa».

Egun handietarako bakarrik

Etxeberria ere iradokizun batzuk egiten ausartu da: «Lurraren kolorea argia da, nolabait belztu egin beharko lukete pilota zuriarekin kontrastea hobetzeko, eta, bide batez, kontrakantxarekin. Kontrakantxa egurrezkoa ezizatea ez da hain garrantzitsua, begira bestela Adarraga edo Atano...». Lurraren kolorean oso garrantzitsua da erabiltzen den txintxarri mota: gero eta finagoa, orduan eta errazago xurgatzen du belzteko erabiltzen den produktua, eta Iruñean ez dirudi oso fina hautatu dutenik. Etxeberriak ere beharrezko ikusten du frontisa margotzea —egun grisa da—. Hala ere, ezaugarri bat asko gustatu zaio: «Kontrakantxa txikia da, tarte gutxi dago harmailetatik kantxara, eta horrek bildu eta gertutasuna ematen du. Bilbon, esaterako, pixka bat urrun gelditzen da».

Pabiloiaren eta pilotalekuaren kudeatzailea zein izango den erabakitzeke dago oraindik. Bere garaian kudeaketa publikoa izango zela zabaldu zen, baina egun Indurainek ere ez daki. Bilboko pilotalekuak, esaterako, Bizkaiko Aldundiak diruz bultzaturiko kudeaketa pribatua du, Custom Sport enpresaren eskuetan. «Oraingoz ez dakigu nola izango den. Agian kontratatu egin beharko da... Hau pilotaleku bat baino gehiago da, balio anitz duen pabiloia da, eta ekitaldi bakoitzak bere berezitasunak ditu. Egunero irekita egoteko pabiloi garestiegia da, gainera, dena prest izatea garestia da». Egun pabiloiko langileek noizean behin harmailak zabaldu behar izaten dituzte, baita berogailuak piztu eta ura ireki ere. Instalazioa egin zutenen agindua da, pipiak jan ez dezan.

Etxeberriak argi du urtean «behin edo behin ere ez» jokatzeko moduko pilotalekua dela. «Partiden %95erako aski dugu Labritekin». Asegarceko langileak badaki Nafarroako zaleek badutela pilotaleku handi baten grina, eta uste du egun handi horietan jendeak erantzungo duela. «Errazagoa da Miribillako finaletara doan bilbotar bat hona ekartzea, hemengo zale bat Bilbora eramatea baino».

Iruñeko pilotalekuak 3.000 ikusle pasatxorentzako tokia izango du, Bilbokoak baino pixka bat gehiago. «Lehia bat sortuko da, baina dena ikusteko dago», adierazi du Indurainek. Etxeberriaren ustez, alderaketa hor bukatzen da. Bilboko pilotalekuan hamazazpi jaialdi jokatu ziren iaz, eta kopuru hori pentsaezina da Nafarroa Arenan. Bilbon, baina, ez dago beste pilotalekurik. «Iruñeko pilotaleku berrira joateak duen kostua ikusi beharko da», esan du Etxeberriak, «hara joatea ez da merkea izango, eta ez dut uste enpresak bere kasa joango direnik jaialdia hara antolatzera». Hark ere zail ikusten du Bilbon lorturiko moduko akordio bat hitzartzea. Custom Sport pilotalekua kudeatzen duen enpresak lau urterako konkurtso publiko bat irabazi zuen, eta esku-huskako hamabost jaialdi antolatzera behartuta dago urtean. Trukean sei milioi euro jasoko ditu.

Pilotalekua errentagarri bihurtzea ez da erraza izango. Inauguraziorako, gainera, Etxeberriak ez du final bat egokia ikusten. «Jaialdi herrikoi bat beharko luke; kantxa, frontisa... nolakoak diren ikusteko. Egokiak ez balira, finala itsustuko lukete». Interneten pilotalekuaren harmailen eraikuntzaren bideo bat dago, eta Etxeberria bere lana egiten hasia da. «Kantxak 25 ilara ditu, hamalau eta 11ko bi bloketan banatuta. Guztira 1.600 eserlekutik gorako kantxako harmaila irteten da, baina nik uste dut prezio ezberdinetan jarri beharko genituzkeela. Eserlekuak ere erosoak dirudite, halako xehetasunak ondo zaindu dituztela dirudi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.