Antton Iturbe.
Bi ahotsetara

Bost euro

2013ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Kafea eta Galletak ekimenaren 5. urteurrena ospatzeko kontzertu erakargarria antolatu zuten joan den igandean Gernikako Astra gaztetxe dotorean. Caballo, Don The Tiger eta Za!-k osatu zuten kartela. Bakoitzak bere erara, ikuskizun ederra eskaini ziguten hirurek. Lehenak gitarra elektriko soilean oinarritutako pieza luze eta abstraktuez erabat hipnotizatu gintuen, bigarrenak tramankulu elektroniko eta hainbat trasteren zarataz jantzitako kabaret dekadente baten protagonista bailitzan saio nabarmena osatu zuen eta Za! bikoteak azkenik… Tira, mutil hauek agertoki gainean (eta kanpoan) eragiten duten leherketa musikala deskribatzerik ez dago zutabe honen mugen barnean.

Sarreraren salneurria? Bost euro. Merke, zalantzarik gabe. Baina kalitate eta salneurriaren arteko erlazioaren gainetik, antolatzaile den Leirek aurkezpenean esandakoa aipatu nahi nuke. Pobre eta baliabide apalekoak direla dio Leirek, eta, beraz, gehiago eskatzerik ez dutela. Eta bati baino gehiagori diru kopuru irrigarria iruditu arren, horren truke errespetu bat eskatzen dute. Sarrera ordaintzeak agertokia eta taberna barra bereizten dituen oihal beltz handiaren beste aldera pasatzeko eskubidea ematen du. Baina pasatzean ikusleak konpromiso bat hartzen du, artistenganako eta ondoko entzuleenganako begirunean musika entzuteko konpromisoa, berriketak eta algarak oihalaren beste aldean uzteko konpromisoa.

Leireren hitzek hausnarketa interesgarria eragiten dute, nire ustez. Bost euroko saio batek gure jarrera egokitzeko mailarik ez duela eta, horren ordez, Kursaalean 60 euroko batean zintzo-zintzo egon behar dugula pentsatzen badugu, edo gutxienez, hala jokatzen badugu behin baino gehiagotan… atari ekonomiko bat ezartzen al diogu gure errespetuari? Geure burua pixka bat saltzea ez al da hori?...

Garbi dago gaur egun musika munduak xentimorik mugitzen ez duela, baina artista, antolatzaile eta entzuleen duintasuna ez dago galtzerik, ezta gutxiago ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.