Jon Eskisabel.
Ilaran

Baimena eta debekua

2012ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
ETBk legebiltzarkideekin grabatutako bideoaren inguruko eztabaidak, kantuaren hautaketaren egokitasunaz aparte, beste bi auzi jarri ditu mahai gainean: kantua erabiltzeko baimenaren ingurukoa bata, eta kantua (edozein kantu) abesteko eta nork bere gisa ulertzeko entzule bakoitzaren zilegitasunari buruzkoa bestea. Mikel Iturria blogariak (http://eibar.org/blogak/iturri) Ruper Ordorikari berari zuzenean egindako galderari esker jakin dugu inork ez diola eskatu baimenik Zaindu maite duzun hori erabiltzeko. «Eta susmoa dut aurrerantzean ere ez didatela eskatuko», dio kantariak. Antza, egileari baimena eskatzeko beharrik ez dago horrelakoetan, egile eskubideen monopolioa SGAEk duelako, Gari Araolazak bere blogean azaldu duenez (http://eibar.org/blogak/teknosexua): «Teorian autore batek 'eskubide guztiak erreserbaturik' izaten ditu, baita hil ondorengo hainbat urtetan ere. Aukera hori erabiliz, autoreak beto eskubidea izan lezake, bere obra berak aukeratzen duen moduan erabiltzeko baimena eman, nahi dituen prezioak jarri eta abar. Noski, horretarako eskubideen kudeaketa ez luke SGAE-ren eskutan utzi behar».

Hortaz, edonork kantu bat moldatu eta zabaldu nahi badu egin dezake, baina kantuak copyright-a badu, SGAEri eman behar dio moldaketaren berri, eta elkarte haren zeregina da egile eskubideengatik dagokion diru kopurua ordaintzea egileari. Egile eskubideena zein «norberaren jarraitzaileen eskubideena» luze eta zabal hitz egiteko gaia dela dio Ordorikak Iturriari emandako erantzunean, eta ulertu ahal zaio kantuak non, nork eta nola erabili erabakitzeko ahalmenaz ere ari dela, besteak beste. Agian horri buruzko argibide gehiago emango ditu bihar Euskadi Irratiko Musikatea saioan egingo dioten elkarrizketan.

Afera honek gogora ekarri dit duela bi urte inguru The Smiths eta David Cameronen artean gertatutakoa. Oso kasu ezberdina da baina badu loturaren bat. Erresuma Batuko lehen ministroak taldearen zale porrokatua zela adierazi zuen jendaurrean —aurretik Tony Blairrek Oasisekin eta Gordon Brownek Arctic Monkeysekin egin zuten bezala— eta horrek Johnny Marr gitarristaren haserrea piztu zuen. Horrelakorik esatea «debekatu» egin zion Marrek Cameroni Twitter bidez, eta egun batzuk geroago Morrisseyk bat egin zuen taldekide ohiarekin. Agiri luze bat kaleratu zuen kantariak, eta besteak beste horrela zioen: «Egia da hizkuntza unibertsala dela musika, hizkuntza unibertsal BAKARRA, eta guztiona dela, modu batean edo bestean. Haatik, esan beharra daukat David Cameronek oreinak ehizatzen dituela; antza denez, plazer hutsagatik. Meat is Murder edo The Queen is Dead ez ziren grabatu jende horrentzat; hain zuzen, indarkeria mota horren kontrako erreakzio gisa sortu ziren». Testuaren azken esaldia Cameronentzat gorde zuen Morrisseyk: «Ezin dugu esaten duzuna sinetsi, egiten duzuna ezagututa».

Zaletasuna eta kontraesan pertsonalak uztartzerik ez dagoela planteatzen zuen Morrisseyk. Ez ote den urrutiegi joatea… Uste dut inork ez duela zalantzan jartzen kantu bat abesteko eta nahi bezala ulertzeko entzule bakoitzak duen zilegitasuna (hain zuzen, horren aurka egiterik ez dago), ezta norbere ideiekin edo praxiarekin bat ez datorren kantu bat gustagarria gertatzeak sortzen ahal dion kontraesana nahi duen eran kudeatzekoa ere (ba al da inor kontraesan horretatik libro?). Baina kudeaketa hori eremu pribatuari dagokio, eta erakunde publikoen ardura da kultura babestea, eta ondorioz kantuaren, edozein kanturen, edukia zaintzea, hura unibertsal eta denok partekatzeko modukoa ez den bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.