Siriako gatazka. Kurdistan

Mataza politikoa askatzen

Baath alderdiaren 50 urteko errepresio bortitza jasan ostean, Siriako kurduak etorkizunari begira daude gaur egunSiriaren menpeko Kurdistanen, puri-purian dago etorkizun politikoaren eztabaida

Mataza politikoa askatzen.
Qamixli
2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Ekialde Hurbileko mapa baten gainean, Kereman Merikek eskualde luzanga bat marraztu du. Turkiako hegoaldeko mugan zehar, Siriako iparralde guztia hartzen du, ia kostaraino. «Bere mugak ondo zehaztuta dauzkan eskualde autonomo bat behar dugu», dio Yeketi (Batasuna) alderdiko kide Merikek. «Herrialdetasuna ezinbesteko eskubidea dugu kurduok». Orain hilabete eta erdi piztu ziren oldarraldien ondorioz, kurduen esku daude Siria iparreko hainbat herri eta hiri. PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiek —indar nagusia Siriako kurduen artean— eta Baxar Al-Assad presidentearen arteko ustezko itun bati egozten dio Merikek egungo egonkortasuna. Hala ere, Merikek argi hitz egin du Siriako matxinoen talde nagusiaz: «Ez dugu deus FSA Siriako Armada Askearen kontra, baina beren eskualdean borrokatu behar dute, eta ez hemen».

Yeketi 2000. urtean sortu zen, eta, egun, KNC Kontseilu Nazional Kurduan dauden hamabost alderdietako bat da. Massud Barzanik —Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoko presidenteak— babestu zuen kontseilu haren sorrera, 2011ko urrian. Iragan uztailean, Barzaniren babespean orduan ere, KNCek eta PYDk Goi Batzorde Kurdua sortu zuten. Horixe da, hain zuzen, Siriako kurduen erakunde politiko nagusia egun. Azadi alderdia ere (Askatasuna) sinatzaileen zerrendan dago. Majid Hanux alderdikideak ere jarrera bateratuaren aldeko apustua egiten du bere Derikeko etxetik: «Ez zaigu gustatzen PYDk Abdula Ocalan liderraren erretratua erakustea mobilizazioetan [PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren sortzailea da Ocalan, eta egun preso dago Turkian]; arazo ugari izan ditugu PYDko hainbat kiderekin. Edonola ere, gure arteko harremana asko sendotu da Arbilgo Itunaz geroztik», gogorarazi du Hanuxek. Haren ustez, estatu federala «desiragarria» da. «Kurduok merezi dugu, Sykes-Picot itunaren biktima hutsak baikara. Frantziak eta Erresuma Batuak marraztu zuten 1916an gu egun banatzen gaituen muga», kexu da Hanux.

«Kurduen iraultza»

Siriako disidente gehienek legez, Hassan Sifaldinek ere ezagutu ditu klandestinitatea eta kartzela. Dioenez, hamar urte eman ditu PDPKS Siriako Kurduen Alderdi Demokratiko eta Progresistan. Antza, erakundeak Suleimanian —Iraken mendeko Kurdistan— zuen egoitza duela 40 urte. «Siriaren banaketak, eskualde autonomoetan bada ere, Irakekoa moduko indarkeria sektarioa ekarriko liguke», azaldu du Syfaldinek, Girke Legeko egoitza estreinatu berrian. Ekintzailea «guztiekin harremanak sendotzearen alde» ageri da, baita Siriatik kanpokoekin ere. Irakeko Kurdistango PUK Batasun Demokratikoaren Alderdiaz ari da. Jalal Talabani da haren buruzagi historikoa, egun Irakeko presidente dena. «Ezinbestekotzat» jo du Sifaldinek haren laguntza. «Arbilgo bilkuraz geroztik, harreman ona dugu alderdi kurdu guztiekin, tartean PYDrekin», dio Sifaldinek. «Eskubide osoko alderdi politikoa da, eta ez PKKrekin lotura duen taldea», gaineratu du. «Terrorista bakarrak Al-Assad eta Al-Qaedako kideak dira. Azkenak FSAren barruan infiltratu dira, Ankara, Washington, Qatar eta Saudi Arabiaren laguntzaz».

Jendetza bildu da Derna herrian, Turkiako mugatik bost kilometrora. Ismail Ali Xerefen hitzaldia entzuten ari dira; PDKS Siriako Kurduen Alderdi Demokratikoaren eskualdeko burua da. «Esadazue: nork eman dio ahalmena PYDri denon izenean hitz egiteko?», bota dio Xerefek publikoari. Aulki tolesgarrietan eserita dago jendea; emakumeak ezkerrean eta gizonak eskuinean. Mikrofonoa eskuan, Xerefek alderdi kurdu nagusia disekzionatu du: «PKKren frankizia baino ez denak Al-Assadekin sinatu du ituna». Jarraian, FSAren txanda iritsi da: «Talde zintzoa jatorrian, baina salafistek kutsatua egun».

«[Al Assaden] erregimen basatia jasan dugu. Kurduon iraultzak kurduontzat behar du, eta kurduok egina», bukatu du Xerefek. Damu du bertan Irakeko eredu federala ezartzeko aukerarik ez izatea. «Geografiak ez digu laguntzen: Irakeko kurduek ez bezala, guk ez dugu babesa emango digun mendirik».

Lehentasunak

Gizarte Kurdu Berriaren Elkartea iraultzaren itzalean sortu arren, Siriako kurdu gehienek sinatutako Arbilgo Itunetik apartatu da. «Siriak iraun nahi badu, lau eskualde autonomo eratu beharko dira: sunita arabiarra, kurdua, alauia eta druzoa», azaldu du Bave Sipan buruzagiak, Derikeko bere etxean. PYDrekin harremanik ez duela gaineratu du; bai, ordea, FSArekin. BERRIAk hantxe baino ez du ikusi Siriako matxinoen hiru koloredun bandera: beltza, zuria eta berdea, erdian hiru izar gorrirekin.

«PYD eta Al-Assaden arteko ituna kurduon kontrakoa da. FSAko gure anaien zain gaude eskualdea askatzeko», dio disidenteen artean disidente denak. Azad du ondoan eserita. Familiako laguna da, eta AVAHI elkarteko (Berreraikuntza) kidea. «Gizarte kurduarekin konpromisoa duen taldea», Azaden hitzetan. «FSAk ez digu gauza onik ekarriko. Arabiarrek ez dute inoiz ezer egin kurduon alde», nabarmendu du petrolio industriako langile horrek.

«Kalera atera ginenean, arabiar telebista guztiei deitu genien, baina inork ez zigun kasurik egin. Malikiakoak [Derik, arabieraz] ginela esatean baino ez ziren etorri». Hala ere, ekintzailearen etsipena bere anai-arreba kurduen artean ere zabaltzen omen da: «Federalismoaz ari gara denok eztabaidan, baino inork ez daki, zehazki, zer den kontzeptu hori. Eskubideak behar ditugu, hezkuntza... Oso txiroak gara hemen, ba al zenekien?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.