Joxemi Zumalabe. Heriotzaren urteurreneko ekitaldiak

Makina handi eta modernoa

Joxemi Zumalaberi omenaldi jendetsua egin diote hil zela hogei urte direla; nabarmendu dute «nekaezin» jardun zela euskararen alde

BERRIAren egoitza nagusiari Zumalaberen izena jarri diote, egindako lanaren eskergarri
Joxemi Zumalaberen izena jarri diote BERRIAren egoitza nagusiari. Haren seme-alabek kendu zioten estalia plakari.
Joxemi Zumalaberen izena jarri diote BERRIAren egoitza nagusiari. Haren seme-alabek kendu zioten estalia plakari. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Garikoitz Goikoetxea -

2013ko urtarrilak 12
Alor askotatik egin zuen euskararen alde, baina ez da ezagunena izango antzerkian aritu zenekoa: Makina antzezlana idatzi zuen, besteak beste. Nola gizon batek sortu zuen makina bat, eta ez zekien zertarako zen ere. Zertarako ote zen eta ote zen, lehertu egin zitzaien makina, eta hil ziren ondoan zeudenak. «Pertsona zapaldu zuen makinak». Aurkakoa utzi du Joxemi Zumalabek: bera hil zen, baina euskararen aldeko «makina handi eta modernoa» prest utzita.

Antzerki horren irakurraldiarekin gogoratu zuten, besteak beste, Joxemi Zumalabe zena atzo arratsean Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parkean. Gaur dira hogei urte zendu zela; 42 urte zeuzkan. Haren hurbilekoek eta lagunek aste osorako egitaraua antolatu dute, eta ekitaldi nagusietako bat izan zen atzokoa. Zumalabek urteetan egindako lanari errepasoa egin zioten; «apustu nekaezinean» egindako jardunaren bilan zabala, Garbiñe Ubedak azaldu zuenez. «Handia izan baitzen denoi utzitako hutsunea».

Martin Ugalde Kultur Parkeko areto nagusia leporaino bete zen ekitaldian; aulki guzti-guztiak beteta, eta hamarnaka lagun zutik. Euskalgintzako eta politika alorreko ordezkaritza zabala zen tartean. Honako hauek, besteak beste: Martin Garitano, Gipuzkoako ahaldun nagusia; Zigor Etxeburua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; Rufi Etxeberria, ezker abertzaleko kidea; Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia; Iñaki Uria, Hamaika telebistako zuzendaria; Joanmari Torrealdai, euskaltzaina; Koldo Izagirre eta Pablo Sastre idazleak, Karlos Argiñano sukaldaria... Joxemi Zumalabe fundazioko kideak ere izan ziren ekitaldian. BERRIA Taldearen izenean, han ziren Joxean Lizarribar administrazio kontseiluko presidentea, Joanmari Larrarte kontseilari ordezkaria eta Martxelo Otamendi BERRIA egunkariko zuzendaria.

Erretratua hiru eskutara

Irudia eta musika hartu zituen ardatz ekitaldiak. Irudia osatu ere egin zuten ekitaldian: Zumalaberen erretratu bat eratuz joan ziren Antton Olariaga, Jon Zabaleta eta Mattin marrazkilariak; ekitaldia amaitzean, Zumalaberen seme-alabei eman zieten irudia. Haren argazkiekin ere egin zuten bilduma; ume garaikoetatik hasi, eta euskarazko prentsan lanean jardun zen garaikoetara arte. Kantuekin uztartu zituzten irudiak; «Hik maite hituen loreak haz daitezela», zioen kantuaren altzoan erakutsi zituzten argazki batzuk. Besteak beste, Argia hauspotzen eta Euskaldunon Egunkaria sortzen aritu zeneko irudiak baziren.

Antzerkiaren irakurraldiak hartu zuen tarterik zabalena. Makina obra irakurri zuten hamaika lagunek; Zumalaberekin lanean arituak dira asko: Josu Landa, Lorea Agirre, Pello Zubiria, Rafa Egiguren, Luis Gorrotxategi, Pablo Sastre, Kepa Korta, Joxe Jabier Iñigo, Antxon Santamaria, Iñigo Aranbarri eta Oier Guillan.

Espetxetik bidali zuen agurra, bertso modura, Mikel Antzak; Zumalaberekin pasatutako uneak hartu zituen gogoan. Gisa berean hurrengo jardunean ere; Koldo Izagirrek letra paratuta eta Xalbardinen musikarekin, Orain gurekin ez zauden arren abestiari ahotsa jarri zioten Fernando Unsainek eta Malores Etxeberriak. Besteak beste, Zumalaberen lana nabarmendu du olerkian Izagirrek —«Isil gabe esateko da / zure emanak zenbat dakarren / Indar ilunez gaituzu lazten / orain gurekin ez zauden arren»—, eta hark hauspotutako bideak martxan jarraitzen duela —«Jakin ezazu ez badakizu / orain gurekin ez zauden arren / asmo haietan bizi garela / zu beti gurekin bizitzearren»—.

Ekitaldiaren amaierarako, Zumalabek berak idatzitako gutun bat ekarri zuten. Sortu zuen azken testua izan zen, eta badu agur kutsua: «Jende gutxik izan du, neuk orain bezala, jendearen maitasunaren adierazle hain argigarriak jasotzeko aukera. (...) Maitatua sentitzen naiz albo guztietatik eta neure barnean ez da kabitzen horrek sortzen didan poza. (...)Nire bizitzaren kapitalik handiena, nere inguruan sortu zaidan laguntasun oparo hau dela sentitzen dut. Oharkabean aberats sentitzen naiz». Jon Barandiaranek itxi zuen saioa, Zumalabe zenarekin pasatu zituen garaiei buruz hitz batzuk eginez.

Plaka bat atarian

Euskarazko prentsaren alde egindako lan oparoa utzi zuen ondorenerako uzta nagusi Zumalabek, eta, horren eskergarri, BERRIAren egoitza nagusiari haren izena jartzea erabaki dute. Ekitaldiaren amaieran, atzo bertan, bistaratu zuten izena daraman plaka Zumalabe zenaren seme-alabek; haiekin batera zen Ostaizka Irastorza neska-laguna ere. Zumalabek berak bere buruari egindako erretratu gisako marrazkia du plakak. Euskarazko egunkari bakarraren alde egindako lana eskertu nahi izan diote era horretara, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariaren hitzetan: «Zumalaberekin dugun zorra ezingo dugu kitatu plaka batekin, baina keinu bat egin nahi izan dugu. Luzaroan iraun dezala haren uztak».