'Parot doktrina'. Estrasburgoren epaia

Askatu egin beharko dituzte 'Parot doktrinarekin' preso dauzkatenak

'Parot doktrina' aplikatuta Giza Eskubideen Aldarrikapeneko 5.1 artikulua eta 7.a urratzen direla berretsi du Estrasburgoko Auzitegiak

Ines del Rio «ahalik eta azkarren» askatzeko eta 30.000 euroko ordaina emateko esan du

Oihana Elduaien -

2013ko urriak 22
Parot doktrinarenak egin du. Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Sala Handiak berretsi egin du iazko uztailean Sala Txikiak emandako epaia, eta Espainiari ezetz esan dio, ezin duela Parot doktrina aplikatzen jarraitu. Hori esaten dion bigarren aldia da, eta oraingoan bete egin beharko du, lehenengoan egin ez bezala. Parot doktrina «legez kanpokoa» dela, giza eskubideak urratzen dituela, azken bost urteetan Ines Del Rio «legez kanpo» eduki duela preso, eta aske utzi behar duela «ahalik eta lasterrena». 2008tik behar zuen aske Del Riok. Horregatik, urte hauetan guztietan legearen eta eskubideen kontra Tafallako presoa giltzapean edukitzeagatik 30.000 euroko kalte-ordaina emateko ere agindu dio Estrasburgok Espainiari, eta gastuak berdintzeko 1.500 euro emateko ere bai. Ordainketa horiek egiteko hiru hilabeteko epea eman dio, gainera.

Del Rio 1987tik dago preso. 24 hilketa egotzita, 3.828 urteko zigorra jarri zioten. 2008ko uztailerako jarri zioten libre ateratzeko eguna, baina 2008ko ekainaren 23an 2017ra arte luzatu zioten zigorra. Espainiako Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak erabakia berretsi ostean, presoari eman dio arrazoia orain Estrasburgok, bigarrengo aldiz.

2012ko uztaileko erabakia ez zuen bete Espainiak, eta helegitea jarri zuen Estrasburgon, arrazoia emango ziotelakoan. Ez da hala gertatu, eta orain ez dago helegite gehiago jartzeko aukerarik. Erabakia bete beharko du. Honela dio epaiak: «Bete behar zuen baino espetxe zigor handiagoa bete du Del Riok, beraz, Espainiari dagokio ahalik eta lasterren hura libre uztea».

Epaia osorik ez betetzeko intentzioa erakutsi zuen atzo, hala ere, Alberto Ruiz Gallardonek, Espainiako Justizia ministroak. Kalte- ordainik ez diola emango esan zuen, haren esanetan presoa bera baitago «zorretan» Espainiarekin, biktimei ez zizkielako ordaindu bere garaian agindutako kalte- ordainak. Beraz, Estrasburgok agindutako 30.000 euroko kalte-ordaina «zor» duenetik kenduko diola jakinarazi zuen Gallardonek. Amaia Izko defentsak, hala ere, zalantzan jarri zuen hori egitea legezkoa ote den, eta «eztabaidatuko» dutela ohartarazi zuen.

Del Riori buruzkoa da epaia, baina argi dago doktrina bera eraisten duela. Del Rioren eskubideak urratzen badira, hari bezala doktrina ezarri dieten guztienak ere urratzen dira. Nolanahi ere, Espainiako Gobernuak argi utzi du ahaleginak eta bi egingo dituela doktrina aplikatuta preso daudenak espetxetik ahalik eta beranduen ateratzeko. Gallardonek esan zuen erabakia ez dagokiola gobernuari, auzitegiei dagokiela, baina gobernuak auzitegietan duen parteak, fiskalak, «zorrotz» aztertuko dituela preso bakoitzaren egoerak, haiek espetxetik ateratzea galarazterik edo berandutzerik badago halaxe egiteko.

Parot doktrina Auzitegi Nazionalak aplikatzen duenez, hari dagokio indargabetu eta doktrina jarri dieten presoei hura kentzea ere. Auzitegi horretako zigor arloko magistratuak gaur bertan dira biltzekoak, Estrasburgoko erabakia dela-eta nola jokatu erabakitzeko. Ostiralerako ere beste hitzordu bat zuten zigor salako epaileek, bi presok doktrina jarri izanaren kontra jarritako helegitea aztertzeko. Izango dute lan gehiago ere auzitegiek; izan ere, defentsak iragarri du doktrina jarri dioten preso bakoitzaren kasuan erabakia bertan behera uzteko eskatuko dutela, prozedura judizial bakoitzari dagokion lekuan. Datozen egunetan egingo dute, eta haiek guztiek epe motzean aske behar dutela uste du defentsak. Doktrina jarri zaien preso batzuen helegiteak Gorenean eta Konstituzionalean daude.

Sala Txikiaren argudio berak

Estrasburgoren epaia argia da, eta doktrina «atzerako eraginez» ezartzeak giza eskubideak urratzen dituela dio, argi eta garbi. Hala egiten den aldi bakoitzean preso mantentzen den pertsona «legez kanpo» mantentzen dela giltzapean. Hala ulertzen du defentsak ere. Amaia Izkok esan zuen: «Doktrina ezarri dieten guztiak aske utzi behar dituzte, preso dauzkaten minutu bakoitza giza eskubideen urraketa ez ezik, haien mespretsua baita».

Funtsean, Giza Eskubideen Auzitegiko 3. Sala Txikiak iazko uztailean emandako epaiko argudioak bere egiten dituzte Sala Handiko 17 magistratuek, atzo kaleratutako epaian. Baina erabaki guztiak ez dira aho batekoak izan. Puntuka bozkatu dituzte gaiak. Aho batez onartu dute doktrinak Giza Eskubideen Hitzarmeneko 5.1 artikulua urratzen duela, «legerik gabe zigorrik ez» dioena; hamabost epaileren aldeko botoekin 7. puntua urratzen duela, askatasunerako eskubidea defendatzen duena; 16k Del Rio «ahalik eta azkarren» libre uzteko eskatu dute; hamarrek 30.000 euroko kalte ordaina ordaintzea; eta aho batez, presoari gastuetarako 1.500 euro ematea.

Sala Txikiak ere esan zuen doktrina atzera eraginez aplikatu delako urratzen dela 7. artikulua, askatasunerako eskubidearena. Sala Handiak ere berretsi du hori, eta nabarmendu du Del Riok ezin zuela aurreikusi bere zigorra luzatzea ekarri zuen «bira jurisdikzionala».

1973ko Zigor Kodearen arabera zigortu zuten tafallarra. Horren arabera, gehienezko 30 urteko zigorraren gainean ezartzen dira «espetxe onurak». 1995ean aldatu egin zuten Espainiako Zigor Kodea, eta aurretik epaitutakoei ere, azken kodea aplikatzen hasi ziren 2006an, alegia, atzera eraginez erabili zuten araua, nahiz eta hori debekatuta egon. Onurak kontabilizatzeko modua aldatzen zuen horrek, gehienezko zigorraren gainean aplikatu beharrean zigor bakoitzaren gainean aplikatuz. Ondorioz, espetxean pasatu beharreko urte kopuruz luzatzen da. «Bira jurisdikzional» hori Del Riok ezin zezakeela aurreikusi dio Estrasburgoko Areto Nagusiko epaimahaiak. Epaiak esaten du, «bira jurisdikzional» horrek doktrina jarri dieten presoei urratu egiten diela «espetxe onurak lortzeko eskubidea».

Espainiak helegitea jarri zuenean argudiatu zuen Parot doktrina aldatuaz ez dela zigorra luzatzen, zigorrak haserako berbera izaten jarraitzen duela. Aldatzen dena, zigor hori aplikatzeko modua dela argudiatu zuen, eta 7. artikulua zigorraz ari dela, ez hura betetzeko moduaz. Zigorra betetzeko modua estatu bakoitzaren eskumena denez Estrasburgoko Auzitegiak ezin duela horretan sartu. Argudio horretan arrazoia duela esan dio Espainiari Dean Spielmann buru duen epaimahaiak, baina bi horien arteko muga «praktikan ez dagoela argi beti». Parot doktrinaren kasuan, zazpigarren artikuluan sar daitekeela azpimarratu du, zigorrari ere eragin egiten diolako.

Mark Muller Ines del Rioren defentsa taldeko abokatuak argi esan zion Estrasburgoko Auzitegiari martxoaren 20ko auzi saioan, doktrina onartuko balitz, aurrerantzean arauak «nahi bezala» aldatzeko modua emango liokeela Espainiari. Erabat kutsu politikoa zuen auzi saioan argi hitz egin zion epaimahaiari: «Hau ez da politika kontua, hau ez da terrorismo kontua, zuzenbide estatuaren kontua da». Izan ere, epaileen bihotza ukitzen saiatu ziren Espainiako abokatuak argudio juridikoak ematen baino gehiago: «Ezin da berdin zigortu pertsona bat hiltzea edo 132 hiltzea». Egun hartan bertan aurreratu zuen Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek, epaia kontrakoa bazen «ingeniaritza juridikoa» egiteko asmoa.

Lau boto partikular ere baditu atzo kaleratutako epaiak. Espainiako epaile bakarra dago Estrasburgoko Auzitegiko Areto Handiak, eta berak Parot doktrinaren kontrako botoa eman zuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna