Egipto. Mohamed Mursiren kontrako epaiketa

Mubaraken kaiola berean

Mohamed Mursi gogor agertu zen Kairoko auzitegian: epaimahaiari desafio egin zion, bera epaitzeko zilegitasunik ez zuela esanezUrtarrilaren 8ra arte atzeratu dute epaiketa, eta Alexandrian espetxeratu dute Mursi

Ane irazabal
Kairo
2013ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
«Ni naiz Egiptoko legezko presidentea». Esaldi hori behin eta berriz errepikatuz sartu zen Mohamed Mursi Kairoko Polizia Akademiako kaiolan. Estatu kolpetik lau hilabete pasatu ondoren, kargutik kendutako presidente ohia ikusteko lehen aldia izan zen atzokoa. Eta epailearen hitzei desafio eginez, Mursik ondo baliatu zuen bere burua defendatzeko eskaini zioten tarte bakarra: «Estatu kolpea traizio bat izan da, eta ez dut zilegitzat jotzen nire kontrako epaiketa», oihu egin zuen epailearen, kazetarien eta abokatuen aurrean.

Epaiketaren lehen saioak iraun zuen bitartean, Mursik ez zion utzi bere ahotsa altxatzeari. Presidente ohiak azken xehetasunera arte antolatu zuen bere agerraldia: ez zuen abokatu defendatzailerik aukeratzea onartu, ez zen haren kontrako oihuengatik makurtu, eta ez zituen akusatuen arropa zuriak jarri. Hala, eguneko bitxikeria oparitu zien kazetariei: Traje ilun batekin agertu zen munduaren aurrean.

Kaiola, ordea, beste sei akusaturekin partekatu zuen. Bere ondoan izan zituen, besteak beste, iragan astean atxilotutako Esam Erian, Askatasuna eta Justizia alderdiko lehendakariordea, eta Mohamed Beltagui, talde bereko idazkari nagusia. Guztiek urtarrilaren 8ra arte itxaron beharko dute berriz ere elkar ikusteko. Epaileak epaiketa bi hilabetez atzeratzea erabaki ostean, Mursi Alexandria ondoko Borg al-Arab kartzelara eraman dute, eta beste seiak Tora espetxera itzuli dira.

Nolanahi ere, epaiketak iraganeko mamuak piztu ditu Egipton. Inori ez zaio oharkabean pasatu Hosni Mubarak epaitu zuten toki berean epaitzen ari direla Mursi. Bi urtez Mubaraken kaiolatzat jo den auzitegia, Mursirena bilakatu zen atzo. Bi urtetan bi presidente epaitu dituzte Egipton, baina kargutik kendutako presidenteak iraultzaren eta estatu kolpearen inguruko ekarpena utzi zuen: «Auzitegi honek militar kolpistak defendatzen ditu», esan zuen.

Guztiaren gainetik, ordea, zirku bat bilakatu zen atzo auzitegia. Alde bateko zein besteko abokatuek elkarri mokoka eta, kasu askotan, elkar joka jardun zuten saio guztian zehar. Akusatuen letradunek estatu kolpearen aurkako Ra4a edo lau hatzamarreko sinboloa erakutsi zuten bitartean, kazetari egiptoar askok «heriotza zigorra» oihu egin zioten Mursiri. Estatu kolpearen osteko Egiptoren bi argazkiak argi ikusi ziren.

«Epaileen errebantxa»

Epaiketaren atzerapena ez da ezusteko bat izan, eta ez du inor haserretu. Epaileak hainbat abokaturen eskaerei jaramon egin die eta sumarioa aztertzeko denbora gehiago eskaini du. Urtarrilaren 8ra arte, akusazioa eta defentsa osatzen duten letradunek 7.000 orri dituen behin betiko dokumentua berrikusi beharko dute. «Gaur arte ezin izan dugu Mursi ikusi, edo harekin hitz egin. Horrela ezin da defentsa bat prestatu», nabarmendu zuen Anaia Musulmanen bi kideren abokatua den Ibrahim Bakhik.

Islamistak ordezkatzen ari diren letradunek salatu dute abokatu guztiek ez zutela eskuratu auzitegian sartzeko baimena, eta han zeudenei ez zitzaien sumarioaren inguruko informazio osoa eskaini. Bakhi oso kritiko agertu zen: «Epaiketa honek lotsa eman beharko liguke. Zigor epaitegi batek ezin du demokratikoki aukeratutako presidente bat epaitu. Epaileen errebantxa bat da hau».

Epaiketa justua edo prozesu politiko bat? Abokatu adina erantzun topa zitezkeen atzo auzitegian. Bakhiren ustez, «epaiketa politiko» baten hasiera izan zen atzokoa, eta erregimen zaharreko indar juridikoek Mursirekin izan duten norgehiagoka erabili zuen argudio gisa. Bestalde, akusazioa osatzen zuten abokatuek epaiketaren gardentasuna defendatu zuten. «Anaia Musulmanek ez dute epailearenganako eta botere juridikoarekiko inolako errespeturik, eta horrela ezin dugu aurrera egin», adierazi zion Mohamed Abdel Azziz abokatuak BERRIAri.

Protestak kalean

Polizia akademia, protesta gune bilakatu zen atzo. Segurtasun indarrek muturreko neurriak hartu zituzten arren, ehunka pertsona hesira bildu ziren akusatuei babesa erakusteko. Saioa amaitu ostean tentsio uneak bizi izan ziren. «Ezin dut sinetsi. Egipton demokratikoki aukeratutako lehen presidentea Mubaraken kaiola berean sartu dute. Amesgaizto bat dirudi», azaldu zuen Sayida izeneko emakumeak. Hesiaren beste aldean, giza harresi bat sortuz errenkan zeuden poliziek «hiltzaileak» eta antzeko oihuak entzun behar izan zituzten.

Protestak, baina, ez ziren uste bezain jendetsuak izan. Epaiketa urtarrilera arte atzeratuko zela iragarri bezain laster, manifestari gehienak etxera itzuli ziren. «Pozik gaude Mursi presidentea ondo dagoela entzun dugulako», esan zuen Youssef izeneko gazte batek. Atzokoa, Mursiren egoera aztertzeko egun bat izan zen. Azken egunetan unibertsitateetan gotortu diren ikasle islamistak bakarrik atera ziren kalera. Edonola ere, estatu kolpearen aurkako aliantzak manifestazioak antolatu ditu datozen egunetarako. Hainbat talde islamista batzen dituen mugimenduaren arabera, Mursik «irmotasuna erakutsi du eta erresistentziaren sinbolo bilakatu da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.