Hezkuntza. Nafarroako Gobernuaren neurriak

Zelatatzen hasi da Iribas ere

Nafarroako eskoletako edukiak aztertzen ari da gobernua, «legea betearazteko»; liburuak ez ezik, irakasleen materiala ere ikertuko duteIribasek dio liburu batzuk ezin direla erabili; adibidez, Euskal Herriko mapak dituztenak

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Guardia Zibilak egin zuen ikerketa bat Nafarroako euskarazko irakasleen eskolaz kanpoko jardunari buruz. Ikastetxeetako lana zelatatuko du orain Nafarroako Gobernuak. Irakasleek eskolak emateko erabiltzen dituzten materialak ikerketapean jarri ditu Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak, esanez zentro batzuetan «legea betetzen ez duten liburuak» erabili dituztela orain arte. Liburu horiek erabiltzea galarazi egin du UPNren gobernuak; Euskal Herriko mapa bat agertzea, adibidez, aski da legez kanpokotzat jotzeko. Kontrolerako beste urrats bat ere abiatu du, ordea: irakasleek eurek sortutako materialak aztertuko dituzte ikuskatzaileek. Oharra egin du Iribasek: «Legea lege da, eta betearazi egingo dut».

Ez da berria Nafarroako Gobernuak eskola liburu batzuen aurka agertutako ezinikusia. Aurreko agintaldian hezkuntzaren ardura izan zuten bi kontseilariek, adibidez, hartu zituzten neurriak argitaletxe batzuetako liburuen aurka. 2010ean, Carlos Perez Nievas kontseilari zela, ikerketa bat abiatu zuen Hezkuntza Departamentuak, ziurtatzeko eskola liburuek «Nafarroaren errealitate ezberdindua» errespetatzen zutela. Guraso batzuen kexuak jaso zituela azaldu zuen Perez Nievasek, eta horregatik agindu zuela ikerketa.

Hautsi zen UPNren eta CDNren arteko gobernu akordioa, eta kargutik bota egin zuten Perez Nievas. Alberto Catalan izendatu zuten Hezkuntza kontseilari, eta Perez Nievas kontseilari zela abiarazitako ikerketari bide eman zion.

Zortzi ikasliburu utzi zituen Catalanek laguntza publikorik gabe. Bi argudio eman zituen neurri hori justifikatzeko: alde batetik, Nafarroa Euskal Herriaren barruan ageri zutela, eta hori Espainiako Konstituzioaren kontrakoa zela; bestetik, Nafarroari buruzko eduki zehatz gutxi zituztela liburuek. Maileguen sistematik kanpora utzi zituzten zortzi liburu horiek.

Mapen «errealitatea»

Bide hura muturrera eramateko asmoa du orain Iribasek. Eskolek zein liburu erabiltzen dituzten hasi da aztertzen. 2011-12ko ikasturtean, zerrenda eskatu zion eskola bakoitzari. 28 eskolak ez zuten pasatu gobernuaren galbahea, mailegu sistematik kanpo utzitako liburuak zeuzkatelako. Azken batean, gobernuak debekua ezarri du liburu horiekiko. Kopia batzuekin agertu zen Iribas atzo kazetarien aurrera. «Hona hemen: Euskal Herriko ibaiak, klimak...». Mapa horiek jartzea legearen aurkakoa dela nabarmendu du. «Errealitate hori ez da curriculumekoa».

Liburu horiek erabiltzeari uzteko agindu zien gobernuak eskolei. Gehienak publikoak eta D eredukoak zirela esan du Iribasek —horietako irakasleak ikertu zituen Guardia Zibilak, hain zuzen ere—. Departamentuaren ohartarazpenarekin, ikastetxe batzuek erabaki zuten liburuak aldatzea, eta gobernuaren bedeinkazioa daukaten materialak erabiltzen hastea. Gehienek, ordea, hogei bat eskolak, maisu-maistrek eurek sortutako materialen alde egitea erabaki zuten. Iribasek berak aitortu du ez dela harritzekoa hori, joera hori ugaritzen ari dela ikastetxeetan.

Hori guztia kontrolatu nahi du UPNren gobernuak, «legea betetzen dutela ziurtatzeko». Hortaz, maisu-maistrek gobernuaren esku utzi beharko dituzte estudianteekin darabiltzaten material guztiak. Eskola batzuetakoak aztertzen hasita daude jadanik; dozena bat dira, «legea betetzen ez duten liburuak» erabiltzen zituztenak. Departamentuaren asmoa da ikasturtea bukatu aurretik denak ikertzea. Derrigorrezko eskola garaiko materialak aztertuko dituzten lehen itzulian, Lehen Hezkuntzakoak eta DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak.

Euskarazko ereduko 1.652 irakasle Guardia Zibilak zelatatu ostean etorri da gobernuaren erabakia. Ikerketa haren berri izan eta gero, neurriak hartuko dituztela esan eta esan ari dira Madrilgo eta Iruñeko gobernuak, baina Nafarroako Parlamentuak eman zuen lehen pausoa orain dela hiru aste, nahiz isilpean pasatu zen. UPNk, PSNk eta PPk adostu zuten eskoletan sortutako materialak ikertu beharko zituela gobernuak. PPk egin zuen proposamena, ohartaraziz D ereduan ia eskolen erdiek euren materialak erabiltzen dituztela geografian eta historian.

Legebiltzarraren altzoan egin du iragarpena Iribasek, nahiz eta aurretik agindua zeukan ikerketa hori egiteko —urrian, hain zuzen—. Geografia eta historia ari dira bereziki kontrolatzen. «Betiere bermatu behar dugu curriculuma beteko dela, ez dituztela bestelako edukiak txertatuko».

Euskara beti mintzagai

Ikerketak eredu guztiei eragingo diela nabarmendu du Iribasek, Guardia Zibilak D ereduari buruz egindako txostenaren ildotik aldentzeko asmoarekin. Azaldu du, esate baterako, aurten oraingoz kexu bakarra jaso dutela eskoletako liburuei buruz. A ereduko itunpeko ikastetxe bati buruzko kexa izan dela jakinarazi du Iribasek. Azkar argitu du, baina, euskara ikasgaiagatik kexatu direla, «curriculuma betetzen ez duten» lau liburu erabiltzen ari zirelako.

Horrelako kasurik batere izan ez dadin aztertuko dituzte material guztiak. «Hezkuntza kalitatezkoa bermatu behar dugu alde akademikotik eta balioen ikuspegitik, legea betez. Betetzen ez bada, erreakzionatu egingo dugu». Ez du argitu zer neurri liratekeen.

Ikerketa hori «askatasuna bermatzeko» lan gisara aurkeztu du gobernuak, eta euskarazko irakaskuntzaren alde gisara. «Ez dezagun inor engaina: arazoa ez dago hizkuntzan, baizik edukietan». Eragile batzuen aurka jotzeko baliatu du. «Euskara ez da eraikuntza nazionalerako edo eskola euskaldun bakarra eraikitzeko. Eduki batzuekin manipulatu nahi dutenek erasotzen diote euskarari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.