Egipto. Konstituzio berriaren erreferenduma

Baiezkoaren ostean, zer?

Egiptoko konstituzio berriaren galdeketa «garaipentzat» jo dute agintariek; %38,6ko parte hartzea izan du, eta %98,1eko babesaBide orri politikoa ezartzeaz gain, egoera ekonomikoa hobetzea da erronka nagusia

Ane irazabal
Kairo
2014ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
%38,6ko parte hartzea, eta %98,1 baiezko. Espero zen bezala, ezusteko gutxi utzi dituzte konstituzioaren gaineko herri galdeketaren emaitzek. Nork irabazi du, ordea? Militarrek argi daukate baiezkoak herritarren babes osoa ordezkatzen duela, eta irizten diote «inoiz ez bezalako» parte hartzea izan dela. Estatu kolpearen aurkako taldeek, berriz, parte hartze txikiari heldu diote erreferenduma «porrot» bat izan dela argudiatzeko.

Edonola ere, denen ahotan bada galdera bat: estatu kolpearen ondotik sortutako sistema militarrak lortu al du galdeketatik zilegiasuna eskuratzea? Analista politikoen iritziz, goizegi da hori jakiteko. «Erreferendumean argi geratu da Egiptoko gizartea zeharo hautsita dagoela. Erregimen militarrak parte hartze handiagoa espero zuen, baina horrek ez du esan nahi bozkatzera joan ez diren guztiek boikota babesten dutela», nabarmendu du Ahmed el-Xerif politologoak. «Oro har, egiptoarrak ez dira oso parte hartzaileak bozetan».

Kasuak kasu, argi dirudi abian dela Abdel Fata al-Sisi Defentsa ministroaren karrera politikoa. Agintari militarrak uztailean iragarri bezala betetzen ari dira trantsizioko fase guztiak. Hurrengo erabakia ere prest dute: presidentetzarako bozak parlamentukoak baino lehen egin, eta Al-Sisiren hautagaitza aurkeztu.

Horretarako, iraultzaren hirugarren urtemugaz balia litezke. «Egun sinbolikoari begira, Al-Sisiren hautagaitza prestatzeko kanpaina bat martxan dago. Defentsa ministroarentzat, aukera paregabea izango litzateke urtarrilaren 25ean kalera aterako diren herritarren olatu erraldoiari probetxua ateratzea. Estatu kolpea babesten dutenek bakarrik beteko dute Tahrir plaza», adierazi du el-Xerifek.

Halere, bada militarrek ezkutatu ezin duten erralitate bat. Partehartzearen emaitzek klandestinitatetik atera dituzte Anaia Musulmanak. Partaidetza, 2012an Mohamed Mursiren agintaldian egindako erreferendumean baino sei puntu altuagoa izan da. Badirudi boikoterako deiak eragina izan duela, batez ere hiriguneetatik kanpo dauden eremuetan. El-Xerifen arabera, «Anaia Musulmanak akabatutzat jotzen zituztenek kolpe bat jaso dute. Agintari militarrei zaila izango zaie galdeketako datuak aztertzea boikotaren indarra aipatu gabe».

Eta orain, ekonomia

Bide orri politikoa ezartzeko oztoporik ez dutela ziurtatu ondotik, egoera ekonomiko larriari aurre egitea da militarren erronkarik handiena. Orain arte, Mohamed Mursiren gobernuari egotzi dizkiote krisi ekonomikoaren erruak, baina denbora pasatzen ari da eta herritar asko nekatzen hasiak dira. «Iragan uztailetik terrorismoaren kontrako gerran oinarritu dituzte erabaki guztiak, baina ezin dute gehiago itxaron. Egipto zulo beltzetik ateratzeko pausoak eman beharko dituzte», uste du el-Xerifek.

Orain, erabaki horiek noiz eta nola hartzea da buruhausterik handiena. Iragan abenduan, Egiptok atzeratu egin zuen Nazioarteko Diru Funtsarekin sinatu beharreko 4.800 milioi dolarreko mailegua. Diru laguntza jasotzeko lehen baldintza, subsidioak murriztea da. Ziad Bahaa El-Din lehen ministrordearen arabera, «erabakia behin-behinean atzeratu dugu, ez daukagulako estresik. Beste herrialde batzuetatik etorritako maileguek pixka bat arnasteko eta erreforma ekonomikoak hasteko aukera eman digute».

Funtsean, golkoko herrialdeen laguntzaz ari da El-Din. Egiptok 8.000 milioi dolar jaso ditu Saudi Arabiatik, Kuwaitik eta Arabiar Emirerri Batuetatik. Mohamed Mursi boteretik kendu ostean, golkoko estatuek Egiptori zin egin zioten 12.000 milioi dolarreko laguntza emango ziotela.

El-Xerifen iritziz, herrialde lagunei maileguak eskatzea behin-behineko adabaki bat besterik ez da. «Anaia Musulmanen oker bera errepikatzen ari dira. Mursik Qatarrekin egin zuen legez, ondoko herrialdeen karitatean oinarritzen ari dira, erabaki polemikoak saihesteko», iritzi dio. Golkoko diru laguntzek atzerriko inbertsoreen interesa berpiztu dute, «baina karitatea ez da existitzen, maileguek agenda politiko bat dakarte», erantsi du.

Tartean, Egiptoko pobrezia tasa %26 baino gehiago da. Al-Sisik presidentetzara aurkeztu nahi badu, «terrorismoaren kontrako garaipen bat» baino gehiago eskaini beharko die egiptoarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.