BERRIA berritzen. Aurkezpena

Berrituta, aurrera egiteko

BERRIAk bihartik aurrera izango dituen aldaketak eta 'Badok.info' berritua aurkeztu dituzte Donostian, San Telmo museoan

Produktu berriak sortzen «elkarlan handia» izan dela esan du Martxelo Otamendik
Kontzertuaren bidez egin zieten ongietorria bildu zirenei; argazkian, Jon Basaguren, Izaki Gardenak taldeko abeslaria.
Kontzertuaren bidez egin zieten ongietorria bildu zirenei; argazkian, Jon Basaguren, Izaki Gardenak taldeko abeslaria. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Urtzi Urkizu -

2014ko maiatzak 30
«Kazetaritza eta komunikabideak, hori da gure errebeldia, gure aldarrikapena eta lau haizeetara zabaldu nahi duguna». Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariaren hitzak dira. BERRIAren aldaketak eta berrikuntzak aurkezteko ekitaldian egin zituen hitzok, atzo, Donostian, San Telmo museoko elizan. «Bi krisiren erdian gaude: komunikabide tradizionalen eta ekonomiaren krisian. Guri bi krisiak tokatu zaizkigu. Eta bi aukera geneuzkan: etxean gelditu malkotan ito bitartean, edo errebelatu. Bigarrena aukeratu dugu, errebelatzea».

Bai sarean, bai paperean berrikuntza ugari egingo ditu BERRIAk. Produktu berriek argia ikus dezaten, «elkarlan handia» egin dela nabarmendu zuen Otamendik: «Etxeko lankideekin, lankide ohiekin, unibertsitateko irakasleekin, harpidedunekin eta BERRIAlagunekin». Azken horientzat, harpidedunentzat eta BERRIAlagunentzat, hitz bereziak izan zituen: «Zuek zarete gure arnasgunea. BERRIA ezinezkoa zatekeen duela 11 urte sortzea, zuen laguntza eta arnasa gabe».

Interneteko gune zaharra asteartean kendu zuen BERRIAk, eta ordutik webgune berria da martxan. Pello Urzelaik, Allande Arnaizek eta Iker Balentziagak webgune berria martxan jartzeko egindako lana goraipatu zuen Otamendik. «Diseinua errotik aldatu dugu, webgune argiagoa eskaintzen dugu, eta zirkulazioak logikoagoak dira erabiltzailearentzat». Gainera, resposive diseinuaren bidez, gailu guztietara egokitzen da webgunea. Edizio jarraituarekin goizago hasten da BERRIAko taldea, 07:00etan. Eta orain arte baino geroago ixten da, 23:00etan. «Albisteak entzuteko aukera ere eskaintzen dugu, EHUko Aholab ikerketa taldearekin elkarlanean. Gainera, oraingo bilatzailea sendoagoa da».

Paperean bihar estreinatuko du trajea BERRIAk. Mikel Peruarena, Danel Agirre eta Maixa Olano aritu dira traje berria josten. Mamiz ere berrikuntzekin etorriko dena. Otamendik iragarri zuenez, Iritzia saila «sendotu» eta «zabaldu» egingo da, «orrialde gehiagorekin eta bakarlari bariatuekin». Eskaintza bereziak estreinatuko ditu datozen egunetan BERRIAk: larunbatetan, Bizigiro gehigarria; igandeetan, Nasan kulturari eskainitako orriak; eta asteartetan, Tantoa kirol astekaria.

«Ikus dezakezuenez, urrutira eraman gaitu errebeldiak», adierazi zuen Otamendik. «Lanpetuta eduki gaitu hilabeteotan, baina pozik gaude aurkezten dizuegun lanarekin».

'Badok.info', aro digitalerako

BERRIAren aldaketak aurkeztearekin batera, Badok.info musika webgune berritua aurkeztu zuen atzo Jon Eskisabel proiektuaren koordinatzaileak. 2009an sortu zuen euskal kantagintzaren ataria. «Aurreko Badok garai analogikoari zegokiona zen, molde zaharrekoa. Honakoa aro digitalerako prestatutako tresna da», azaldu zuen. Sortu zutenean, Badok.info-ren helburua zen 60ko hamarkadatik hona euskal kantagintzan izan duen bilakaera eta historia jasotzea. «Orain musikaren zabalkundeari eman diogu lehentasuna. Izan ere, musika entzuteko modua asko aldatu da urteotan. Taldeek eta diskoetxeek musika zabaltzeko modua ere aldatu dute. Orain plataforma digitaletan zabaltzen da musika». Euskal talde eta bakarlarien azken lanei tokia egingo die atariak, atal berezitu batekin.

Badok.info atari berrituan erabiltzaileak bere zerrendak egin ahalko ditu, eta nahi dituen kantuak edo diskoak pilatu ahal izango ditu erreproduzitzailean. Kantuak webgunean entzun bitartean, gainera, bertan nabigatu ahal izango du erabiltzaileak. Eskisabel: «Euskal musikaren kontsumoa probokatu nahi dugu. Horretarako, kantu zerrenda pertsonalak egingo dituzte musikari eta musikazale ezagunek». Aldizkari digital bat ere eskainiko du Badok.info-k. «Atariak berak edukiak sortuko ditu: elkarrizketak, erreportajeak, disko kritikak... Eta BERRIAn euskal musikagintzaren inguruan argitaratzen diren edukiak hartu eta zabalduko ditugu». Eskisabelek nabarmendu zuen «ahalegin teknologiko handia» egin dela atari berritua lantzeko. «Erabiltzailearentzat esperientzia ahalik eta erosoena eskaini nahi dugu». Horren erakusgarri, iragazkien bidezko bilaketa inteligentea egiteko aukera ematen du. Kutxa Gizarte Ekintzaren laguntza jaso du atariak.

Hitzen ostean, doinuak entzuteko txanda iritsi zen. BERRIA berrituaren eta Badok.info atari berriaren aurkezpena amaitzeko, kontzertu akustikoa eman zuten Tania de Sousak, Jon Basagurenek eta Neihgbor-ek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna