Hezkuntza. LOMCE Nafarroan

Axularren partez, Velazquez

Nafarroako Gobernuak bideratu ditu Lehen Hezkuntzako curriculum berriak, LOMCEra egokituak: Espainia bihurtu da erreferentzia Espainiako bandera eta ereserkia izango dira gaitegian, erlijioa aukeratzen ez dutenentzat

Garikoitz Goikoetxea.
2014ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Egokitu egingo zuela azaldu zuen, eskoletan «nafar erara» ezarriko zuela LOMCE legea. Nahiz eta bazekien aukera gutxi izango zuela curriculuma osatzeko, oso ezarria baitzetorren Madrildik. Pozik zegoen, edonola ere. «Gustura gaude Espainiara lotzen gaituen historia irakastearekin». Lotua, Espainiara lotua izango da Nafarroako Lehen Hezkuntzako curriculum berria. Jose Iribas Hezkuntza kontseilariak taxutu ditu dekretu berriak, eta nabaria da aldea aurrekoekiko: Nafarroa ez da erreferente nagusia 12 urtez azpiko haurren ikasgaietan. Desagertu egin dira Nafarroako kultur adierazpideei lotutako edukiak, eta Espainiako gertaera historiko eta pertsonaiak ugaritu dira. Al-Andalus, Errege-Erregina Katolikoak, Velazquez. Foruak nahiz Pedro Agerre Axular kendu egin dituzte.

Espainiako Gobernuaren gisan, presaka ari da Nafarroakoa ere. Dekretuen zirriborroak argitaratu ditu jada, alegazioak egiteko epea amaitu da, eta aurki kaleratuko dituzte behin betiko dekretuak aldizkari ofizialean. Lehen Hezkuntzako lehen, hirugarren eta bosgarren mailan ezarri beharko dituzte lehenbizi, irailean. Beste mailetan, datorren urtean.

Ikasgai nagusien curriculuma Madrilen esku geratu da lege berriarekin, eta erkidegoek orain arte baino tarte eskasagoa dute osatu ahal izateko. Eta zer esanik ez eskolek. Erabat ezarria dago curriculuma: Ingurunea ikasgaian, adibidez, oraingoa baino lau bider luzeagoa da gaitegia. Ikastetxeen autonomia mugatuko du, hortaz.

Lehen Hezkuntzan —6 eta 12 urte bitarteko umeak—, ikaslearen hurbileko errealitatea da oraingo abiapuntua: eskola, auzoa, herria, herrialdea. LOMCErekin, teorian, eutsiko zaio horri, baina, benetan, Espainia izango da erreferentzia. Historian, adibidez. Orokorragoak dira oraingo edukiak. Batetik, hurbilketa bat egiten dute —mendeak kalkulatzea, aro nagusiak bereiztea...—, eta, bestetik, historiako pasarte batzuk aztertzen dituzte —Espainiakoak bai, baina batez ere Nafarroakoak: foruak, konkista...—. Amaitu da hori. Espainiako edukiz bete dute gai zerrenda, batez ere errege-erreginaz: Errege-Erregina Katolikoak, Karlos I.a, Felipe II.a...

Euskararik ez gehienentzat

Historia izan da Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroaren lehentasunetako bat. «Ez du zentzurik erkidego guztietan Espainiako historia bera ez irakasteak», ohartarazi zuen dekretuak aurkeztean. Hala ere, Espainiari buruzko edukiak ez dira nagusituko historian soilik. Kulturan, adibidez, Nafarroako pertsonaia batzuk kendu —Axular, Gaiarre, Sarasate...—, eta Espainiakoak txertatu dituzte —Velazquez, Goya, Murillo...—. Ez da aldaketa bakarra kultur arloan. Arteetan, oraingo gaitegian, Nafarroako kultur adierazpideak ageri dira; horiek kendu eta «dantza espainiarra» txertatuko dute.

Euskarari buruzko erreferentziak kendu egin dituzte Euskara ez beste ikasgaietatik. Hortaz, D edo A ereduetan ari ez diren ikasleek euskarari buruzko gairik ez dute emango eskola aldian: ikasleen %54, Lehen Hezkuntzan.

Kutsu politiko nabaria hartuko du gaitegiak alor batzuetan. Erlijioa ematen ez duten estudianteek —hirutik bat Nafarroako Lehen Hezkuntzan— Balio Sozial eta Zibikoak ikasgaia eman beharko dute. Zer ikasi beharko duten, hona adibide bat: «Sinbolo nazionalen esanahia: bandera, Espainiako armarria, ereserki nazionala, eta Espainiako nazioaren eta espainiar guztien elementu komunak». Hala jasoa zegoen Madrilgo gobernuaren dekretuan, eta horrela mantendu du UPNk.

«Indarkeria terrorista»

Herritartasunerako Hezkuntza ikasgaia kentzearekin eman zuten lehen kolpea, eta curriculum berriak onartzean bigarrena: berdintasunari buruzko edukiak nabarmen gutxiago izango dira. Nafarroan ere bai. Kontuan hartu behar da, nolanahi ere, Iruñeko gobernuak txertatu dituela sexismoari lotutako eduki batzuk, Madrilek kendu zituenak —lanbideekin lotutako estereotipoak, adibidez—. Oraingoaren aldean, orokorkerietara jo dute, hala ere.

Berritasunak badira helburu orokor horietan. Genero indarkeriaren eta xenofobiaren parean, «indarkeria terroristari» aurrea hartzea aipatu dute. Bizikidetzari buruzko pasartean ageri dira guztiak —«zuzenbide estatua errespetatzea», tartean—, eta han dio eskoletan neurriak hartu beharko dituztela bizikidetza sustatzeko, Hezkuntza Departamentuak ezartzen duen eran. Neurririk ez dute zehaztu. Eskubide urraketa larrien aipamen bat bakarrik ageri da: holokaustoa aztertzea. 36ko gerra eta frankismoa, berriz, ikuspegi historiko hutsetik aipatu dituzte, «bi bandoen egoera politiko eta ekonomikoa» gogoan hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.