Literatura

Iraganak ez gaitzala harrapa

Beñat Sarasola -

2011ko urtarrilak 2
Literaturak garaiaren izpiritua irudikatzen omen du. Munduan gertaera eta arazo berriak azaldu ahala, berandu baino lehen, beren isla topatzen dute literatur testuetan. Mendebaldeko gizarteetako azken aldiko gai aipagarrienen artean dago hirugarren adinekoena, edo adinduena, edo, sinpleki, zaharrena. Hala, euskal literaturan ere hasi da gaia jorratzen. Unai Elorriagaren SPrako tranbia-n eta Jokin Muñozen Antzararen bidea-n pertsonaia zahar garrantzitsu bana topatzen ahal ditugu esate baterako. Baina gaia nobelen erdigunean kokatu dutenak batez ere zenbait emakume idazle izan dira: Uxue Alberdiren Aulki-jokoa eta Karmele Jaioren Musika airean dira oraintsuko bi adibide. Hauei gehitu zaie, bada, Arantxa Urretabizkaiaren (Donostia, 1947) 3 Mariak. Duela hamabi urteko Koaderno gorria-ren ondorengoa, Ereinen narratiba sailaren diseinu berrian etorri zaigu.

Txuri, Gorri eta Handi dira nobelako hiru Mariak, gaztetako lagun zaharrak. Txuriri —Maria Alkain, narratzailea— denbora luzez Alzheimerrak jota zegoen senarra —Joxe— hiltzen zaionetik abiatzen da kontakizuna. Gertaera horren karira Gorrirekin elkartzen da urte luzeren ondoren berriro eta hirugarren Mariaren bila hasiko dira udaleko beren gizarte-laguntzailearekin —Laidarekin— elkarlanean. Bilaketa hori da istorioa lotzen duena, nahiz eta, seguruenik, ez izan benetako muina. Urretabizkaiak aurreko lanetan erakutsi bezala, pertsonaien arteko harremanetan eta narratzailearen gogoan kokatzen da gehiago nobelaren balioa.

Hasieran aipatu liburu gehienetan badago halako saiakera bat zahartzaroaren ikuspegi erabat ezkorra ekiditekoa, erakustekoa zahartzaroan ere badela bizitzeko motiborik. Asmo horretan horietakoren batek literarioki nabarmen huts egiten duela idatzi izan dut leku honetan bertan. Ez da 3 Mariak-en kasua. Istorioaren beraren garapenak amaiera negar-egingarri bat emateko parada ezin hobea eskaintzen zuen, zela bukaera inozo-alai batekin, zela errazkeriazko bukaera triste batekin. Bi arriskuei ongi egiten die itzuri liburuak, irakurleari tranpa errazik ipini gabe. Nolanahi den, esan bezala, nobela atsegina da oro har, ez dago autorearen aurrekoetan aurkitzen genuen dramarik (banantze bortitza, seme-alaben ebasketa eta abar). Alderdi tristeenak, Txuriren alaba hilarena kasu, alde batera uzten zaizkigu, kontatu gabe. Gorriren bitartez zaharra izatearen duintasuna azalduko zaigu aldarrikaturik etengabe. Ohikoa denaren kontra, iraganera begiratzea bainoago, orainera eta etorkizunera begiratzea du gogoko Gorrik. Bidaiatzea, gauza berriak ikastea (euskara berreskuratu, informatika ikasi...), etxean bertan goxo geratu beharrean. Gainera, liburuko alderdi nagusia ez izan arren, ama eta bere seme-alaben arteko harremanen forma berri bat ematen zaigu. Adina aldaketa gorabehera, Txurik bere semearekin duen erlazio hotza bakana da Urretabizkaiaren obran.

Deigarria da, bestalde, Urretabizkaiaren ibilbide osoari so eginez, nola ezarian kontaketa molde konbentzionalagoetarako bidea egin duen. Urruti geratu dira Zergatik panpox-eko barne bakarrizketa eten eta hautsiak. Iruditzen zait gisa honetako aldaketak errazkerirako aitzakia behinena izaten direla maiz; ez da hori gertatzen, inolaz ere, 3 Mariak-ekin. Baina bere hasierako lanen tenkaren eta zenbait irudi dorpeen —gogoan hartu Zergatik panpox-en hasiera— falta nabaritzen dut. Nobelaren hasieran badago halako bat; Txuri, senarra hilzorian duela, bere alboan ohean sartzen denekoa, baina gero beste norabide bat hartzen du liburuak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna