Literatura. 'Kriseiluaren argipean'. Anxel Fole

'Boirak' eta 'meigak', baina...

Bixente Serrano Izko.
2011ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Egilea: Anxel Fole.

Itzultzailea: JosemariNavascues Baskaran.

Argitaletxea: Alberdania / Elkar.

Gure artean ia ezezaguna izan arren, Galiziako idazle esanguratsuenetako bat dugu Anxel Fole, Francoren gerra aurretik lanak ondu zituenetako bat, Alvaro Cunqueiro gaztexeagoak bezala. Gazteleraz eta galegoz idatzi zuen, genero literario guztietan. Gerraostean, hiriko mundutik ihes eta Lugoko landa-bazter batean babestu zen, halako barne-erbesteratze batean, harik eta 1953an Lugo hirira itzuli arte. Gerraostean plazaratu zituen bere ipuinak —agian, bere sormen-obran gehien nabarmentzen direnak—, lau bildumatan, 1953-1981 artean. 1983an hil zitzaigun, Akademia galegoko kide eta galegoz idazle gisa ohorez beterik.

Errealistatzat hartzen zuen bere burua: «Nire helburu nagusia errealitatea azaltzea da». Baina bazuen hitz horien atzetik kontzeptu berezia errealismoaz, oso galegoa seguruenik, irakurleak gure gaurko ipuin bilduma honetan ikusiko duen bezala: izan ere, honela luzatu zuen bere gogoeta hura: «Nahiz eta sorginez eta beste munduez mintzatu, gauza horien guztien inguruko errealitatea da axola zaidana». Erran nahi baita, errealitatearen parte ere dela herri-istorioen fantasiazko, misteriozko, mundua.

Ederki ikusten dena Josemari Navascuesek euskaraz eskaini berri digun Foleren lehen ipuin sorta honetan, 1953koa berau. Bildumak tradizio luzeko egitura du, Decameron-en antzekoa, nahiz eta egun bakar batean solaskideek elkarri kontatuak izan. Atari gisa, zein giroan, zein testuinguruan jarri diren kontalariak azaltzen digu: ipuinen atmosferan, geografian eta kontalarien aldartean sartzeko balio digu. Lugo probintziako bazter menditsu batean, Caurelen, non bera bizi izan zen gerraostean eta nongo boirek, malkarrek, errekek, basoek, euri eta elurrek kutsu berezia emanen dieten bertako biztanleen bizimodu, kezka, hizkera, mamu eta obsesioei. Hamalau ipuin, elkarri ahoz kontaturik etxetzar bateko sutondoan, bertan elurte batetik babestu behar izan duen ehiztari frustratu talde batekoek.

Herri-istorioak ditugu guztiak, batzuk Caureleko jendeei entzundakoak, bertze batzuk Folek berak asmaturikoak. Baina «istorioak» diot, ez herri-legendak edo mitoak, ez halako folklorismoa-edo. Hurbiltasuna eta freskotasuna lortu ditu, ongi lortu ere, bai zuzen-zuzen eta ahoz erranikoak aurkezten dizkigulako istorioak, bai berauen protagonisten eta muinaren aldetik.

Ahozkotasunari dagokionez, ezinezkoa izan zaio euskaratzaileari, logikoki eta berak aitortzen duen bezala, Foleren hizkera berezia, Caureleko erramoldeak-eta, euskaraz islatzea; baina istorio bakoitzari ahozkotasunak markatzen dizkio egitura eta erritmoa; errate bateko, narrazioaren harian haren kontalariaren etenak txertatzeak gertuagotik ikusarazten digu istorioa bera, nahiz eta kontakizuna mamu artean, fantasia eta sinesmenetan murgildu.

Istorioen protagonistez eta lehengaiez den bezainbatean, pertsonaia erreal eta hurbilekoak, kontalariak berak edo haren lagun batek ezagutuak, ditugu. Galizian topikoak diren mamu fantasiazkoak —zenduen agerkundeak, santa compaña, basoko piztiak, meigak…—, haien inguruan harilkatzen dira istorioak, baina gertuko jendeei suertaturiko kontuak omen dira. Ez, ez dira beldurrezko ipuinak, baten batek horrela definitu izan arren, ezta herri-legenda folkloriko edo mitikoak ere, nahiz eta misterioaren beldurrarekin eta sinesmenen haluzinazioekin jokatu. Goian errana da batik bat: Foleren errealismoaren ulerkera eta gauzapen bikaina. Umorez askotan eta lirismo fin eta sotilaz ia beti, errealismoak, bere sakonean, uste baino ertz eta profil hagitz gehiago dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.