Aspek zigortu egingo du Sebastian Gonzalez

«Profesionaltasun faltagatik» dela jakinarazi dio enpresak pilotariari, baina ez du zigorra erabaki

Sebastian Gonzalez, atsekabe aurpegiarekin, huts  bat egin ondoren. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Aspek Sebastian Gonzalez zigortuko du, «profesionaltasun faltagatik», eta aurki jakinaraziko dio zein den zigorra. Atzo bildu ziren bi aldeak, eta, pilotariaren azalpenak entzun ondoren, diziplina neurriak hartzea erabaki zuen enpresak, baita webgunearen bitartez jakinrazi ere. Atzo Iñaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak zehaztu zuenez, Gonzalez, iraganlarunbat goizean —Urrutikoetxearen aurka jokatu behar zuen egunean bertan— enpresari buruz buruko txapelketako partida ezin zuela jokatu jakinarazi zionean, «Frantziako erdialdean» zegoen, «Iruñetik bospasei ordura autoz» eta hori «onartezina» da.

Erandoneaz gain, Fernando Bidarte eta Jose Vicente Perosanz, Aspeko buru eta abokatua, hurrenez hurren, bildu ziren Gonzalezekin. Iragan astean pilotaria ez zen agertu ez buruz burukoaren aurkezpenera, ezta pilota aukeraketara ere, eta partidaren bezperan auto batek oina harrapatu eta min hartu zuen. Pilotariak bere ikuspuntua plazaratu zuen bileran. Enpresako medikuak, halaber, lesioa benetakoa zela baieztatu zuen, baina, Errandonearen esanetan, hori ez da garrantzitsuena, «edozein une edo tokitan min har dezakezulako».

Gonzalez senide gaixo bat zaindu behar zuelako ez zen agertu aurkezpenera, enpresaren baimenarekin, eta Errandoneak ulertzen du erabaki hori, baina ondorengo «gertaerek» profesionaltasun falta erakutsi dute haren iritziz. «Argi dago gaixo dagoen familiako kide bati lagundu egin behar zaiola, baina onartezina da garrantzi honetako partida baten aurretik bost edo sei ordu gidatu behar izatea».

Errandonearen esanetan, Gonzalezek «atsekabetuta» utzi zuen bilera. Enpresaren asmoa zigorra «ahalik eta bizkorren» zehaztea da, eta hori ere jakinaraziko dute. Normalean, enpresek ez dituzte jakinarazten diziplina neurriak, horregatik da kasu hau berezia. Aspek noizbait eten izan du kontraturen bat, Ibai Perezen kasuan esaterako, baina ez dirudi oraingoan halakorik gertatuko denik.

Berasaluze, bide onetik

Pablo Berasaluzeren berrindartze prozesua gaur bertan hasiko da. Atzo kendu zizkioten orpazurda lotzeko egin zioten ebakuntzako orbaineko puntuak, eta dena ondo zegoen. Ibiltzeko babesa behar du oraindik, baina, hala ere, jadanik has daiteke mugikortasuna lantzen. Oina lurrean jartzea lortzen duenean hasiko da indarra lantzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.