Antton Iturbe.
BI ahotsetara

Saharako eskuko telefonoak

2013ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Sahel, Ozeano Atlantikotik Itsaso Gorrira, Saharako basamortuaren eta sabanaren arteko muga ezartzen duen lurralde estua da. Besteak beste Senegal, Mauritania, Mali, Aljeria eta Niger ukitzen dituen eremu hau munduko pobreenen artean kokatzen da. Kolonizazio esplotatzaileak, etengabeko gerrak eta lehorteak itota, teknologia eta hezkuntza mailak negargarriak dira (Maliko biztanleen %76 analfabetoak dira, eta Interneterako sarbidea 1.000 pertsonatik 9,8k dute). Baina Saheleko biztanleen kultura eta batik bat musika antzinatik tinko mantentzen dira, eta zailtasun guztien gainetik garatzeko gai izaten ari dira.

Hala ematen dute aditzera Sahel Sounds diskoetxeak azken urteetan argitaratu dituen hainbat bildumak behintzat. Music from Saharan Cell Phones vol1 & vol2 izenburu enigmatikoaren atzean, musika munduan azken urteetan entzun dudan istorio bitxi eta suspergarrienetako bat ezkutatzen baita. Harrigarria badirudi ere, eskuko telefonoak dira kontu honen gakoa. Saheleko biztanleek eskuragarri dituzten bigarren edo hamargarren eskuko telefono zaharrak, gainera. Baliabide sofistikatuagorik ezean, aparatuen SIM txarteletan doinuak grabatu eta, bluetooth konexioaren bitartez, herriz herri telefono batetik bestera hedatu dituzte, Internet alternatibo baten moduan. SahelSounds-eko buru Chris Kirkley baztertutako ehunka telefonotan aurkitutako grabaketen aukeraketa egin, egileak aurkitu, plazaratu eta irabazien zati bat beraiei iritsarazteaz arduratu da, pazientziaz eta errespetuzbeteriko jarduera batean.

Abestiak (edo abesti zatiak, batzuetan) bandcamp, kasete eta binilo moduan eskura daitzeke, eta bertan tuareg gitarra hipnotikoak, Maliko erritmo dantzagarri bortitzak, autotuneko moldaketa ausartak eta, oro har, irudimenez, kolorez eta edertasunez beteriko musika ederra aurki daiteke. Nigerreko zabortegi batetik gure belarrietara iritsi ahal izatea, gutxienez kontatzea merezi duen mirari txiki bat delakoan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.