Ezarian. Zientzia. Analisia

Itxaron egin behar da

2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Kristo aurreko V. mendean Demokrito filosofo greziarrak dena atomoz eginda dagoela proposatu zuen; haren esanetan, atomoak partikula zatiezin eta ikusezinak ziren, haien artean espazio hutsa besterik ez zutenak. XX. mendearen hasieran, atomoak, Mendeleeven taula periodikoan sailkatuak zeudenak, sakabanaketa-esperimentuen bidez ikusi ahal izan genituen.

Esperimentu horiez baliaturik, atomoa elektroi-hodei erraldoiez inguraturiko nukleo ñimiño batek osatzen duela ikasi genuen. Hasiera batean, zientzialariak nukleo hori oinarrizkoa zelakoan zeuden; baina laster nukleo horiek protoiz eta neutroiz osatuak daudela ikusi zuten; eta hamarkada banaka batzuk igarota, protoi eta neutroi horiek quark izeneko oinarrizko partikulaz osatuak daudela ondorioztatu zuten.

Azken hamarkadetan fisikariek unibertsoaren oinarrizko osagaiei eta osagai horien arteko elkarrekintzei buruzko Eredu Estandarra garatu dute. Horren arabera, unibertsoaren ohiko materia ikusgaia quark-ez, leptoiz (leptoietako bat elektroia da; beste bat, neutrinoa) eta elkarrekintzak gauzatzen dituzten partikulaz (haietako bat fotoia da) osatua dago.

Eredu Estandarra teoria bikaina da, esperimentuen bitartez haren iragarpenak zehaztasun handiz baieztatu baitira, behin eta berriro; baina Eredu Estandarra ez da gai izan azaltzeko zergatik oinarrizko partikula batzuek masa duten. Adibidez, fotoia (elkarrekintza elektromagnetikoa gauzatzen duen oinarrizko partikula) masa gabekoa den bitartean, W oinarrizko partikulak (elkarrekintza ahula gauzatzen duenak) masa ez-nulua du.

1964. urtean Higgsek eta beste fisikari batzuek oinarrizko partikulei masa ematen dien eremu baten existentzia teorizatu zuten. Eremu horri Higgs eremua deritzo, eta dagokion partikulari, Higgs partikula. Partikula hori behatu ahal izateko, orain arte gure eskura egon ez diren energia oso handiak behar dira; baina, duela gutxi, energia erraldoi horiek eskura izango zituen Hadroien Talkagailu Handia (Large Hadron Collider) martxan jarri zen CERN laborategian. Ordutik hona, CERNeko zientzialariak buru-belarri aritu dira Higgs partikularen bila.

Aste honetan, CERNeko esperimentu horien egoeraren berri eman zaigu. Esperimentuak bide onean doazela dirudi, baina oraindik Higgs partikularen aurkikuntza baieztatzerik ez dago. Higgs partikula aurkituko da agian, Eredu Estandarraren baitakoa bera. Hori berri ona litzateke, zalantza izpirik gabe; are berri hobea litzateke, alabaina, Eredu Estandarrarekin bat ez datorren Higgs partikula aurkitzea, hori zientziaren garapen berrien hastapena izan bailiteke. Zain egon gaitezen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.