Antton Iturbe.
Bi ahotsetara

Sonar

2013ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Asteburu honetan Bartzelonako 20. Sonar jaialdia egingo dute, eta, ohi denez, egungo elektronika eta abangoardiako musikari eta zaleak elkartuko ditu, antolatutako kontzertu, DJ emanaldi, instalazio, eztabaida eta tailerretan. Techno, house eta orokorrean erritmo elektroniko dantzagarrien oinarrian sortutako musikek izan zuten gorakadari jarraipena eta, aldi berean, berezko esparru bat eskaintzeko asmoarekin 1993an sortu zenetik, garaiko proposamen berri eta ezezagunen eta entzulego zabalak erakarri ditzaketen artista ospetsuen arteko oreka bilatzen saiatu da. Era berean, musika honen idiosinkrasia bereziari erantzuna eman nahian, pop-rock munduko eskema klasikoetatik aldendu da eta osagai espezifiko berriak bilatu ditu: bai multimediako alorra landuz, baita musikari, argitaletxe, tresneria fabrikatzaile eta zaleen arteko harremana bultzatu duten jarduerak antolatuz ere.

Hogei urte hauetan, arrakastak, porrotak, desengainuak eta pozak nahastu ditu jaialdiak, noski, baina, oro har, mundu osoko erreferentzia den klasiko sendo bat bihurtu da. Kraftwerk-en presentzia iragarri dute urteurren honetarako, eta ospatzeko modurik aproposena iruditzen zait.

Alemaniako laukoteak, 1974 eta 1981 artean plazaratutako bost diskoetan, abangoardiako soinu elektronikoen esperimentazioa, europear erromantizismoa eta pop doinu ahaztezinak nahastu zituen, eta bide batez musika estilo, sentsibilitate eta estetika guztiz berri bati hasiera eman zion. Bere perfekzioan, disko horietan gordetzen den musikak itsasargi baten moduan tinko dirau, norabidea erakusten duen helburu harrapaezin baten moduan. 30 urte izan arren, barnean ezkutatzen den misterioa bere hortan mantentzen baita. Ondorioz, Karftwerk bere garaikide diren beste rock taldeen kontzertuetan ematen den nostalgia ospakizun kolektibo hutsa baino indar eta balio handiagoa duen beste zerbait eskaintzeko gai dela iruditzen zait. Euskal Herriko agertoki batean ez izateak pena eta inbidia pitin bat sorrarazten didala onartu beharra daukat, ordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.